IKA euskaltegiari omen, «mugaezin» direlako

Araba Euskaraz-ek IKA euskaltegia omenduko du gaur, Arabako Errioxa euskalduntzeko ikastolekin batera egindako bidea eskertzeko.

Ttiki-Ttakak antolatutako ekimena, Oionen. IKA
Ttiki-Ttakak antolatutako ekimena, Oionen. IKA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko ekainaren 16a
05:00
Entzun

IKA helduen euskalduntzean eta alfabetatzean diharduen euskaltegi sarea omenduko dute gaur Araba Euskaraz-en, Arabako Errioxan azken lau hamarkadetan egindako lanarengatik, batez ere. Izan ere, inguru horretako euskalduntzean eskutik aritu dira ikastolak eta euskaltegia. «Ezagutza ez egotetik, egotera pasatu da», Andoni Landa IKA euskaltegiko irakasleak dioenez.

Oiongo San Bizente ikastolako irakasle baten eskutik hasi ziren helduen euskalduntzean 1970eko hamarkada amaieran, haurrekin batera euskalduntzeko prozesu hartan. Tartean hutsuneak izan ziren. IKA, Ikas eta Ari, ofizialki 1991n sortu zen, eta, eskualde hartako bulego nagusia Oionen badute ere, Bastidan (Araba), Logroñon (Espainia), Mendabian (Nafarroa) eta inguruko beste zenbait herritan ematen dituzte euskalduntze ikastaroak: «Hortik dator gu omentzea, mugaezin garelako».

10.000 biztanle inguruko eskualdean urtero 150 ikasle inguru dituzte. Egindako lan eskergari esker euskara hedatuz joan bada ere, erronka makalak dituzte oraindik ere gainditzeko: «Erronka da euskara erdigunera ekartzea pertsonalki, sozialki eta politikoki. Horretarako, kontzientzia, motibazioa eta erabilera sustatu behar ditugu».

«Erronka da euskara erdigunera ekartzea pertsonalki, sozialki eta politikoki. Horretarako, kontzientzia, motibazioa eta erabilera sustatu behar ditugu».ANDONI LANDA IKA euskaltegiko irakaslea

Eskuz esku egiten dute lan ikastolarekin. DBHko 4. mailaren eta Batxilergoko 2. mailaren artean dauden ikasleekin euskaraz joriago aritzeko saioak egiten dituzte. Helburua da C1 mailaren parera iristea.

Baina, gazteez gain, helduekin ere aritzen dira, eta gurasoen euskalduntzea sustatzeko hainbat programa dituzte martxan. Horietako bat da Guraso Lagun proiektua. Helburua da ikastetxetako ikasleek euskara ez ikustea irakasgai baten gisan soilik. Hartara, ikastetxez kanpoko ordutegietan gurasoak haurrekin egoteko proiektuak lantzen dituzte, eta elkarren artean euskaraz egiten dute tarte horietan, bai gurasoek seme-alabekin, bai gurasoek euren artean. «Proiektu horren helburua da euskaraz egiteko ohitura eta motibazioa sustatzea».

Proiektu horien barnean sartzen da Ttiki-ttaka egitasmoa ere. Hainbat egitasmo egiten dituzte, eta aisiarekin lotuta euskara kalera ateratzen dute, ikusgaitasuna emateko.

Euskaltegira gerturatzen dira lan kontuengatik euskara titulua behar dutenak, baina, Landaren esanetan, ez dira gutxi haurrak ikastolan utzi eta euskaltegira doazen gurasoak ere. Elkarrekin euskalduntzen diren familiak badira, eta horregatik ematen dituzte euskalduntze eskolak haurrak ikastetxean dauden ordutegietan ere.

«Ikastolarekin eskuz esku ibili gara lanean, eta, omenaldia etorri bada, ondo aritu garen seinale izango da», dio Landak. Gaur Olarizuko festara batzera deitu du, euskara hauspotzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.