Baigorriko (Nafarroa Beherea) sarreran elkartu dira hainbat herritar arratsaldean, hilak edo desagertuak diren IK Iparretarrak erakunde armatuko militanteak omentzeko, baita Euskal Herri osoan borrokatu direnak ere. Lagunduk antolatu du omenaldia, IK-ko presoen sostengatzeko elkarteak.
Filipe Bidart baigorriar militante historikoa izan da ekitaldiaren eramailea. Bidartek uste du Euskal Herrian borroka egin dutenak ez direla «aski» aipatzen: «Aitzineko belaunaldikoek egindakoa ezabatu nahi izan dute. Gertakari horiek isilduak izan dira. Memoria hori zaindu eta oroitarazi behar dugu. Zer gertatu zen aipatu behar da, gure historiaren parte baita». Iragana oroitaraztea ezinbestekotzat jo du militanteak, iraganak oraina esplikatzen baitu, eta iraganari begira eztabaidak sortzen baitira, haren aburuz.
Omenaldiaren oinarria margolan bat da. Herri sarreran den etxe baten kanpoko murrua tindatu du Xabi Tapia Xabxab artista urruñarrak, zeinetan hilak edo desagertuak diren IK-ko sei kideren bisaiak agertzen diren, zuri-beltzez: Txomin Olhagarai, Ramuntxo Arruiz —1980ko martxoan hil ziren biak, Baionako suprefetaren autoan lehergailu bat jartzen ari zirela—, Didier Lafitte —1984ko martxoan hil zuen Frantziako Poliziak, bizkarrean tiro eginda, Baionako Les Arennes auzotegian–, Maddi Hegi —1987ko ekainean, polizia kontrol batean atxilotu zuten, eta tren batek polizia autoa harrapatu zuen, Hegi barnean zela—, Kristof Isteque —1987ko uztailean, Angeluko (Lapurdi) zerga bulego batean instalatu behar zuen lehergailua zartatu zitzaion—, eta Jean Louis Larre Popo —1983ko abuztuan Frantziako Poliziarekin izandako tiroketa baten ondotik desagertu zen, Landetako Leon herrian, eta nehoiz ez da haren berririk izan gehiago—.
«Aitzineko belaunaldikoek egindakoa ezabatu nahi izan dute. Gertakari horiek isilduak izan dira. Memoria hori zaindu eta oroitarazi behar dugu. Zer gertatu zen aipatu behar da, gure historiaren parte baita»
FILIPE BIDART Militante historikoa
Murru mutuei, hitza
Paretak mintzarazi nahi izan dituzte Lagundu elkarteko kideek: «Betidanik mintzo dira Euskal Herriko paretak, nahiz eta beti denen gustukoa ez izan. Interneten eta telefonoen garai horietan, paretek badute beti arrakasta. Horretarako nahi dituzte batzuk isilarazi eta garbitu, zuri atxiki... Zuri eta mutu». Hitz horiekin hasi dute omenaldia elkartekoek. Eta, ondotik, etxearen jabea, Baigorriko auzapeza eta Xabxab artista eskertu dituzte.
Bidartek esplikatu duenez, freskoan Iparretarrak erakundeko militanteak baizik agertzen ez badira ere, Euskal Herri osoko militanteen «izenean» egin dute.
Apirilaren 26an egin dute omenaldia, eta, hain justu, egun «garrantzitsua» dela esplikatu du Bidartek: lehenik eta behin, Nafarroaren Egunaren bezpera da, eta egun horretatik hurbil egin nahi zuten omenaldia: «Duela 40, 50, 60 urte gazte belaunaldi bat altxatu zen, beldurrik gabe. Belaunaldi horrek sortu zuen Nafarroaren Eguna, duela 46 urte, Euskal Herriaren batasuna aldarrikatzeko». Bihar iraganen den aldiaren lema oroitarazi dute, Kateekin ateak hauts: «Estatuek eta faxismoak eraikitzen dituzten ateak borroka guztien kateekin hauts ditzagun».
Eta beste efemeride bat aipatzeko parada ere baliatu nahi izan dute; 1937an, apirilaren 26an preseski, Gernikako bonbardaketak izan baitziren. «Urteak iragan dira, eta oraindik oroitzen gara: gure herriaren historiaz harro, gure historian indarrak berrituz, orrialde berriak idazteko nahikariarekin. Izan zirelako, bagara, eta bagarelako izanen dira. Askatasuna helburu».