Ijitoen elkarteek Basauriko Udalari exijitu diote ez ditzala baztertu sutean kaltetutako herritarrak

«Arduraz» joka dezala eskatu diote. Herritarrek joan den astean utzi behar izan zuten hotela. Protesta egiteko, udaletxearen arkupeetan egin zuten lo ostiralean.

Ijitoen hainbat elkartek agerraldia egin dute Basaurin, urtarrileko sutean kaltetutako familiek bizi duten egoera salatzeko. BERRIA
Ijitoen hainbat elkartek agerraldia egin dute Basaurin, urtarrileko sutean kaltetutako familien egoera salatzeko. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
Basauri
2025eko martxoaren 11
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Lehen, etxe bat genuen; gero, hotel bateko bi logela; eta orain, gurasoak herriaren mutur batean daude, neba beste batean, eta ni beste batean». 19 urte ditu Laura Luis Londoñok. Urtarrilean Basaurin (Bizkaia) gertatutako sutearen ondorioz, etxetik alde egin behar izan zuen. Bizitza «asko zaildu» zaio ordutik, baita haren familiari ere. Bizilagunek eta haiek ordezkatzen dituen Batu etxebizitza sindikatuak asteak daramatzate udalaren utzikeria salatzen. Gaur, salaketa horrekin bat egin dute ijitoen elkarte ugarik. Agerraldia egin dute udaletxearen aurrean; «arduraz» joka dezala exijitu diote udalari, eta ez ditzala familia horiek baztertu.

Kalero auzoko Kareaga Goikoa kalean piztu zen sutea urtarrilaren 31n. Horren ondorioz, 22 familiak euren etxea utzi behar izan zuten. Udalak zaintzapean hartu zituen herritarrak, eta Bilboko Ibis Budget hotelean eman zien ostatua. Hilabete pasatxo egon dira bertan, joan den astean udalaren aginduz hotela utzi behar izan zuten arte. Bizilagunek asmoa zuten hotela ez uzteko, baina martxoaren 7an alde egin zuten, «udalaren presioarengatik».

Egoera salatzeko, egun horretan udaletxearen arkupeetan egin zuten lo. «Niri berdin zait lurrean lo egitea, baina aitak 60 urte baino gehiago ditu, eta bera lo zakuarekin eta tapakiekin lurrean ikustea gogorra izan zen», gogoratu du Luisek. Eta gaineratu du egun horretan «haizete izugarria» egon zela.

Gaurko agerraldian, Agifugi, Amuge, Camelamos Adiquerar, Secretariado Gitano, Gao Lacho Drom, Kale Dor Kayiko, Nevipen eta Sin Romi ijitoen elkarteetako kideek hartu dute parte. Izan ere, kaltetutako familia batzuk ijitoak dira. Udalak neurri batzuk hartu dituela onartu duten arren, nabarmendu dute ez direla nahikoak. «Neurriak ez dira eraginkorrak familien premiei erantzun bat emateko, eta argi uzten dute ez dutela egoeraren larritasuna ulertzen», kritikatu du Nevipeneko Saturnino Dualek.

Legeak ezartzen du larrialdi egoeretan udalak kaltetuei lau hilabetez bermatu behar diela ostatua. Hala ere, hilabetez ordaindu die udalak hotela, eta etxebizitzaren ordez beste hiru hilabetez aterpea lortzeko, familia bakoitzari 2.640 euroko diru laguntza eskaini die. Kopuru hori «irrigarria» dela adierazi zuen Batu etxebizitza sindikatuak duela bi aste, eta hala berretsi dute ijitoen elkarteek oraingoan ere. «Ez da nahikoa hiru hilabeteetan bizitzeko toki duin bat lortzeko», salatu du Amugeko Tamara Claveriak.

Denek ez dute diru laguntza onartu

Hamabi familiak laguntza ez onartzea erabaki dute, Berta Gimenez Batuko kideak zehaztu duenez: «Egoera ekonomiko diferenteak dituzte, baina erabaki dute ez dutela erabakirik bakarka hartuko; elkartasunarengatik, batuta emango dituzte urratsak». Horren haritik, diru kopurua berrikusteko exijitu dio Gao Lacho Drom elkarteko Bartolome Jimenezek udalari.

Familien «egoera larriaz» ohartarazi du Claveriak: «Familia batzuk oraindik kalean daude, bizitzeko tokirik gabe». Auzokideen, lagunen eta senideen laguntzari esker, lo egiteko tokia dute Luisek eta haren familiak. «Baina hiru, lau edo bost egunerako da hori. Neba bere lagun batean etxean dago, ni berdin, eta baliteke gurasoak izeba-osaben etxera joatea. Toki batetik bestera mugituz, ezin dugu bizitza duin bat izan».

«Borrokan jarraituko dugu, ez baitugu beste erremediorik»

LAURA LUIS LONDOÑOBasauriko sutean kaltetutako gaztea

Kaltetutako familiek jasaten duten «diskriminazioak» eta «estigmatizazioak» larriagotu egiten dute haien egoera, aurre egin behar baitiote «gizartean eta higiezinen merkatuen dagoen diskriminazio sistematikoari». «Aurreiritziek etxebizitza alokatzeko aukerak murrizten dizkiete», kritikatu du Claveriak. Haren ustez, «lehentasuna» izan beharko lukete etxebizitza publiko babestua eskuratzeko.

Bitartekaritza zerbitzua indartzea ere eskatu dute. Udalak enpresa espezializatu bat kontratatu du arretarako, informaziorako eta laguntza sozialerako, leihatila bakarra martxan jarri eta sutean kaltetutako bizilagunak artatzeko. Arreta puntu horren helburua da, besteak beste, erantzun koordinatu eta eraginkorra eskaintzea, tramiteak egiten laguntzea, bizikidetza unitateen egoerak aztertzea eta laguntza psikosoziala eskaintzea. Claveriak jakinarazi du zazpi familiak bakarrik erabaki dutela zerbitzu hori erabiltzea. Gizarte laguntza etengabea izan dadila exijitu du Jimenezek, eta «berdintasunezko tratua» jaso dezatela.

Horiek horrela, Luisek argi utzi du zer egingo duten: «Borrokan jarraituko dugu, ez baitugu beste erremediorik».

Udala bitartekari

Basauriko Udalak, berriz, mezu bat helarazi die, eta jakinarazi die bitartekaritza zerbitzu bat eskaintzen ari direla, etxetik atera zituzten familiek modua izan dezaten bizileku bat lortzeko, «diskriminaziorik jasan gabe». Halaber, ziurtatu dute udalaren laguntza onartu duten familia guztiek eskuratu dutela dagoeneko bizileku bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.