«Ongi etorri aniztasunaren festa honetara, gora ijito herria!». Euskal Herria 11 Kolorek aniztasunaren aldeko festa antolatu zuen atzo Iruñean. Aurtengoan ijito herria omendu dute, «erresistentziaren kulturalaren adibide direlako». Ricardo Hernandez Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen federazioko koordinatzailearen hitz sutsuek eman zioten hasiera festari. Hernandezek gogora ekarri zuen ijitoek «belaunaldiak eta belaunaldiak» daramatzatela Nafarroan. Gero, Sabicas etxeko Javier Muñozek suziria bota zuen.
Udaletxe plaza kolorez eta puxikaz bete zen arratsaldean. Han ziren antolatzaileak eta festari babesa eman dioten taldeak: San Zernin eta Alde Zaharreko auzo elkarteak, Aldezar aisialdirako elkartea, Paris 365 jatetxe solidarioa, Iruñerriko gazte asanblada, Nafarroako SOS Arrazakeria, eta Ekuadorko, Kolonbiako, Boliviako, Venezuelako, Nigeriako eta Senegalgo elkarteak. Ordezkari batzuek Welcome refugees (ongi etorri, errefuxiatuak) zioen kartel bat zuten. «Ongi etorriak zarete errefuxiatuok. Gure ateak eta bihotzak irekitzen dizkizuegu». Hitzok esan zizkien Rafael Hernandezek Nafarroara etorriko diren errefuxiatu eta etorkinei.
Udaletxe aurrean izanik, Hernandezek gogora ekarri zuen iragan astean Batasunaren Pribilegioa ospatu zuela Iruñeak. Erdi Aroan, urte luzeetan Iruñeko hiru burgoek izandako gatazka amaitu zuen 1423ko itun hark. Hernandezek gogoratu zuen pribilegioa Karlos III.a Nafarroako erregeak sinatu zuela, eta haren alabak, Zuria I.ak, Erriberrin ongietorria egin ziela Nafarroara etorritako lehen ijitoei 1433 aldera.
Hernandezek azaldu zuen geroztik ijito herriak bere kultura, hizkuntza eta eskulanaren bidez ekarpen handia egin diola Nafarroari. Hiru ijito gogoratu zituen. Batetik, 1811n Orkoienen jaiotako Javier Etxeberria Nabarlaz, «osaba Javier». Euskalduna zen, eta denbora luzez Iruñeko erraldoien konpartsako txistulari izan zen. Bigarrena, 1912an Mañuetan jaiotako Agustin Castellon Sabicas, «osaba Sabicas», flamenko maisua. Nazioartean hainbat aitortza eta sari jaso zituen: «Harro zegoen ijito eta nafar zelako». Azkenik, 60ko hamarkadan egin zuen lanagatik, «izeba Carmen» hartu zuen gogoan. Suziria bota ostean, danbor martxa koloretsua egin zuten alde zaharrean.
Ijito herriaren omenez
EH 11 Kolorek aniztasunaren aldeko festa egin du Iruñean.Errefuxiatuak gogoan izan dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu