Ijito eta emakume izateagatik

«Genero antitziganismo» kontzeptua definitzeko lehen pausoak egin dituzte Bilbon, asteon Romi Berriak eta Amuge elkarteek antolatutako biltzar batean. «Jazarpen sistematikoa» salatu dute.

Claveria, eskuinean, eta Amaya, erdian, atzo, biltzarraren ondorio nagusiak aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bidegabekeria. Deshumanizazioa. Baldintzatuta bizitzea, estereotipoek eta aurreiritziek eraikitako kortse estuan. Emakume ijitoek jasaten duten diskriminazioaz hausnartzen aritu dira egunotan Bilbon, Amuge eta Romi Berriak elkarteek antolatutako biltzar batean. Ez dira iritsi «genero antitziganismo» kontzeptuaren definizio bat zehaztera, baina argi dute, partaideen hitzak jasota, zer eragiten dien bazterketa horrek: amorrua, ezintasuna, tristezia, samina... «Denda batera sartzen zarenean, zure kezka da nola zoazen jantzita, edo mototsa egin duzun ala ez, edo besoan jaka bat badaramazu pentsatuko dutela zerbait lapurtu dezakezula... Zaila da kortse horretatik askatzea».

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko dozenaka emakumek hartu dute parte biltzarrean, eta aurreko bi egunotan izandako eztabaiden ondorio nagusiak plazaratzeko eguna izan zen atzokoa. Zirrara handiz mintzatu zen Tamara Claveria Amugeko koordinatzailea: «Espazio ez-mistoak ezinbestekoak dira guretzat: emakume ijito gisa eraiki nahi dugu pentsamendua. Baina ezingo dugu dena bakarrik egin: emakume ez-ijitoen artean aliatuak behar ditugu».

Ijitoen aurkako bazterketa ez baita auzi txikia. «Giza eskubideen urraketa nabarmena da», Claveriaren hitzetan. «Agerian geratu da esparru juridiko batzuek porrot egin dutela, hala nola giza eskubideen deklarazioak eta Espainiako Konstituzioaren hamalaugarren artikuluak. Pertsona guztiek eskubide berak ditugulako premisa ez dator bat ijitoon eguneroko errealitatearekin, sistematikoki jazartzen baitzaizkigu. Ijitoak ez gaituzte hartzen giza eskubideen subjektutzat». Horren seinale, kide batek adierazitakoa: «Ez ditut nire eskubideak eskatu nahi ijito izateagatik, baizik eta pertsona izateagatik».

Edonola ere, ijitoen kontrako bazterketa aspaldikoa da. Historian jasandako bortizkeria moldeak gogora ekarrita, memoria historiko propio bat aldarrikatu du Noemi Amaya Amugeko kideak: «Nazismoak sarraskitu egin gintuen. Gure hizkuntza, janzkera eta ofizioa kendu dizkigute. Antzutzera behartu gaituzte. Feminismoaren memoria kolektibotik ezabatu gaituzte». Eta bortxa hori ez da desagertu; gorroto diskurtsoen goraldi «arriskutsuaz» ohartarazi du Claveriak: «Segurtasunaz hitz egiten denean, ijitoak arazo gisa aurkezten gaituzte, baina ez dute aipatzen gorroto delituak eta Poliziaren indarkeria jasaten ditugula».

Hain zuzen, ijitoen inguruan sortutako aurreiritziak dira traba handienetako bat, baina horietan ere bada aldea genero ikuspegitik begiratuta: «Estereotipo diferenteak daude: emakumeak esanekotzat gauzkate, engainatzailetzat; gizonak, biolentotzat». Amayak erantsi du ijito herria «primitibotzat» daukan mitoa gailendu izanak eragin handia duela emakumeengan: «Neskatorik azkarrenek ere zailtasun handiak dituzte irakasleen babesa lortzeko, uste dutelako ez direla ikasketak amaitzeko gai izango, etxeaz arduratu beharko dutelako».

Lan merkatua, arrotz

Emakume ijitoen diskriminazioa bizitzaren eremu guztietara iristen da, eta egun hauetan arloz arlo aztertu dute bazterkeria zertan nabaritzen duten. Talde lanean eskubide sozialez eztabaidatutakoa laburtu du Maria Hernandezek: «Pobreziarik gabeko bizitza bermatzeko modu nagusia da enplegua, baina, guretzat, lan merkatua eremu arrotza da. Elkarteek-eta gure gainean jarri dute enplegagarritasunaren fokua: nola janzten garen, nola hitz egiten dugun... Baina errealitatea bestelakoa da: enpresek ez gaituzte kontratatzen, arrazistak direlako. Zergatik izan behar dut ijito itxura gutxiago lanpostu batean har nazaten?».

Beste aukerarik ezean, autoenplegura jotzen dute askok, eta, zehazki, kaleko merkatuetan saltzera: «Erresistentzia modu bat da. Baimenen %80 emakumeen izenean daude, baina ez dugu jasotzen beste sektore feminizatuek jasotzen duten babesa. Guk ere aliantzak behar ditugu».

Osasun eremuan ere «tentsioan» izaten dira andre ijitoak, Maria Filigranak jaso duenez: «Etengabe epaitzen dute nola kudeatzen dugun gure bizitza edo nola zaintzen ditugun seme-alabak; galdetzen digute ea ezkonduta gauden; ez dizkigute gauzak ondo azaltzen...». Kezkatuta agertu da horrek buru osasunean duen eraginaz: «Autoestimu baxua, estresa, depresioa...». Baita osasun fisikoan ere: «Pobreziak gaixotu egiten du: ijitoon bizi itxaropena hamabost urte laburragoa da; sistemak aztertu egin behar luke zergatik hiltzen garen lehenago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.