ETAren amaiera. Christiane Taubira. Frantziako Justizia ministro ohia

«Iheslariena baztertu ezin den gai bat da»

ETAren amaieraz Genevan eginiko bilkuran izan zen Taubira, «ardura» sentitzen duelako. Astiro bada ere baketzean aurrera egiteari ematen dio garrantzia, eta ziurtzat jo du iheslarien auzia ere landuko dela.

ENEKOITZ ESNAOLA.
jon olano
Geneva
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ostegunean, Henri Dunant Elkarrizketa Humanitariorako Zentroaren Genevako egoitzan (Suitza) zen Christiane Taubira (Cayenne, Guyana Frantsesa, 1952), zentroko zuzendariak ETAren desagerpenaren berri eman zuen unean. Ekitaldian izandako diplomazialariak baino dezente lehenago heldu zen.

Neurri batean, Taubiraren presentzia ez zen sorpresa handia izan, abegikor azaldu izan baita euskal gatazkaren konponbide prozesuan. 2012an, Frantziako presidente François Hollandek Justizia ministro izendatu zuen, eta haren ministerioak bilerak egin zituen «presoekiko elkartasunez lanean ari diren elkarteetako zenbait ordezkarirekin», 2015eko udan. Karguan zela, publikoki agertu zen presoak Euskal Herrira gerturatzearen eta eriak etxeratzearen alde. 2016an eman zuen dimisioa, Manuel Valls lehen ministroaren politiketatik gero eta urrunago zegoela eta.

Kargua utzita, iazko abenduaren 9an Parisen euskal presoen eskubideen alde eginiko martxaren atarian, atxikimendua adierazi zion mobilizazioari, eta «bakearen alde arriskatzea» txalotu zuen. Henri Dunant zentroko ekitaldia amaitu berritan egin dio kasu BERRIAri, irribarretsu: «Euskaldunak? Nik ezagun ditut [Frederique] Espagnac, [Collette] Capdevielle...».

Zergatik egin duzu bat ETAren amaierako ekitaldiarekin?

Gatazka armatuaren afera oso larria eta zaila izan da, eta Frantziako eta Espainiako estatuei eragiten die. Frantziari dagokionez, bere lurraldearen parte batean gertatu da; gertatutakoa Frantziako historiaren parte da, zati oso mingarria. Baina, zorionez, igaro den orri bat da, ia 60 urteren ondoren. Sufrimenduz, oinazez eta ezinikusiz betetako mende erdia izan da, eta, beraz, ETAren amaierarena albiste ona da, indarkeria aro mingarri bat bukatu den heinean. Sentitu dut bazegokidala ardura bat. Gainera, [Frantziako] Justizia ministro izan nintzen, eta, noski, gai honen inguruan lan egin genuen ministe- rioak eta gobernuak; aurrekoak eta oraingoak.

Hain justu, oraingoa hasia da euskal presoak Euskal Herritik gertuen dauden espetxeetara gerturatzen. Zer iruditzen zaizu Emmanuel Macronen gobernuaren espetxe politika?

Presoen auziari euskal auzi osoaren eta indarkeriaren amaieraren testuinguruaren barruan erantzun behar zaio. Hortaz, pentsatu beharra dago biktimengan, biktima guztiengan, biktimen erreparazioan, elkarrizketan, errespetuan, eta baita gainerako gaien inguruan ere: adibidez, nola lantzen dugun egia, defendatuta egiak laguntzen digula destino komun eta solidario bat eraikitzen. Bestalde, nola lantzen dugun euskal presoen gaia; 2014 amaieran adierazpen bat egon zen: horren arabera, presoek Frantziako zuzenbidea eta Zigor Kodea aitortu zituzten, eta beren burua zuzenbide arruntean kokatu zuten. Beraz, zuzenbide arrunt hori ezarri behar zaie orain.

Publikoki agertu izan zara hala egitearen alde.

Alde ugari dituen prozesu batean gaude: biktimena, iheslariena—hori ere landuko da—, presoena eta kohesio nazionalarena edo lurraldearena. Izan ere, dakizunez, Euskal Herriko 158 udalerriak batzen dituen mankomunitate bat badago orain; badago lurraldea komunean eraikitzeko prozesu bat. Beraz, erronka handia elkarrizketa da; sufrimenduari eta atsekabeari buruzko hitzak kontuz eta zehaztasunez erabili beharko dira.

Esan duzu iheslarien auzia ere mahai gainean dagoela?

Badakit ezin izan ditugula iheslari guztiak legezkotasunera itzuli, baina baztertu ezin den gai bat da.

Zer espero duzu ETA amaitu osteko testuinguruaz?

Oro har, hauxe nahi dut: prozesuan aurrera egitea. Prozesua luzea izan da, eta etapak egon dira; itxaron egin behar izan da, eta pauso batzuk okerrago edo motelago joan dira, baina etapa berrietara iritsi gara. Badira prozesu hau laguntzen ari diren pertsonalitate oso onak, eta bide horretako urrats batzuk ederrak izan dira: Aieteko Adierazpena, Baionakoa, Pariskoa... Bake iraunkorra eraikitzea ez da erraza, baina espero dut gobernuak inplikatzea, Frantziakoa eta Espainiakoa.

Parisekin zabaldua da lanerako esparru bat, baina Madrilek esana du ETA deseginda ere ez duela aldatuko espetxe politika.

Espero dut eztabaidatu beharreko guztiaz eztabaidatuko dutela, gai zehatzak oinarri hartuta, nahiz eta ez den erraza izango.

Ikusten duzu aurrera egiteko tarterik?

Biktimen auzia ere ezin dugu alde batera utzi. Presoei dagokienez, batzuentzat ez da erraza izango: hor daude preso eriak, gerturatzeak, baldintzapeko askatasunak, zuzenbide arruntaren ezarpena... gai zailak dira, baina alde batetik eta bestetik borondate ona, argitasuna eta, batez ere, bakea eraikitzeko nahia baldin badaude, jakinik bakea egitea zaila dela eta batzuetan ezinezkoa dirudiela, ni baikor nago. Konfiantzaren eta borondatearen baikortasuna da, uste baitut badagoela irtenbide bat bilatzearen aldeko borondate orokor bat. Ikusi dugu jada elkarretaratze masiboetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.