Iheslarien egoera berriro agendan sartzeko lehen urratsa egin dute

Bildu egin dira EIPK eta Foro Soziala, eta euskal iheslarien egoeraren berri eman die kolektiboak. Konponbidearen «aktore» izateko prestasuna azaldu dute iheslariek

Irungo Ficoba erakustazokan bildu ziren EIPK-ko ordezkariak (ezkerrean) eta Foro Sozialeko kideak (eskuinean), atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Irun
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskal iheslari eta deportatu politikoen egoeraren berri eman dio EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Foro Sozial Iraunkorrari. Ihesean daudenen konponbiderako lehen urratsa izan da. Atzo bildu ziren bi aldeak, Irunen (Gipuzkoa). Eragile sozialekin hartu-emana izateko baliagarria izan zen iheslarien kolektiboarentzat, eta erbestean direnen argazkia ezagutzeko balio izan zion Foro Sozialari. Sarek eta Etxerat-ek ere —biak Foro Sozialeko kideak diren heinean— parte hartu zuten bilkuran.

Bileraren ostean prentsaurrekoa egin zuen EIPK-k. Jon Irazola bozeramaileak hartu zuen hitza, eta Eloi Uriarte iheslari ohia —ostiralean itzuli zen sorterrira, Soraluzera (Bizkaia)— izan zuen alboan. Eskertu egin zion Foro Sozialari hitz egiteko aukera eman izana. Lehenengo kontaktua «aberatsa» izan dela jakinarazi zuen. Ziurtatzerik ez bazuen ere, Irazolak uste du bi aldeek«harremanetan» jarraituko dutela, «gauza konkretuetan» gauzatzeko.

Iheslari politikoak «urratsak egiteko» prest daudela jakinarazi zuen. 2013an adostu zuen bide orriarekin —Miarritzeko adierazpena— jarraituko du EIPK-k. Hausnarketa prozesu bat burutu ondoren, hainbat iheslarik deserritik itzultzea erabaki zuten. Orotara, 110 eta 120 artean bueltatu dira sorterrira. Azkena, Uriarte.

Biktimei eta presoei buruz hitz egin bada ere, iheslariak bigarren mailan izan direla azaldu du Irazolak.«Ilunetik argitara» atera nahi dute orain: «Gure errealitatea azaldu nahi dugu, gizarteari soluzio bide bat exijitu, biktima eta gatazkaren ondorio garen bezala». Konponbidean «aktore» izateko prest agertu da EIPK. Agenda politikoan txertatu nahi dute iheslarien eta deportatuen gaia. Horretarako, Foro Sozialarekin ez ezik, alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ororekin biltzeko prestasuna dute. «Gure egoeraren eta ikuspuntuaren berri emateko».

Foro Sozialari jakinarazi zizkien datuetako batzuk publiko egin zituzten: euskal iheslari eta deportatu politikoen erradiografia bat. Irazolak nabarmendu zuen ihesaren baldintzak askotan makurrak direla, eta zaila dela datu zehatzak ematea, asko klandestinitatean bizi direlako. «Guhaurrek ere haiengana hurbiltzeko eta kontabilizatzeko zailtasunak ditugu». Ezkutuan direnekin harremanetan jartzeko saiakera horiek errepresiorako baliatu ditu noiz edo noiz poliziak.

Gauzak hala, gaur egun 85 eta 100 iheslari artean daude deserrian bizitzen. Horietako 20-25 Frantziako Gobernuak hegazkin batean sartu eta munduan barrena deportatuak—Aljeria, Kuba, Venezuela, Ekuador...—. Adinean gora egin dute ihes egindako gehienek, EIPK-ko bozeramaileak jakinarazi duenez. Ia guztiek dute 60 urtetik gora, eta asko «oso egoera prekarioan» bizi dira: lana, osasuna, administrazioa... Hainbatek gaixotasun larriak dituzte, gainera: minbizia, bihotzeko gaitzak, diabetesa...

Egungo iheslariak ehun inguru diren arren, asko izan dira hamarkadetan ihes egiteko hautua hartu dutenak. Bidean gelditu direnak ekarri zituen gogora Irazolak. GALek eta gerra zikinak 40 iheslari hil zituen. Beste bederatzi deportazioan hil dira, eta 25 erbestean. Bestetik, mordoa estraditatu dituzte, batez ere Schengen akordioa indarrean jarri zenetik, euroaginduen bitartez. 382 kanporaketa izan dira, orotara. Iragan astean bi iheslari atxilotu zituen Guardia Zibilak Berlinen.

Atxikitze horiek gaitzetsi zituen EIPK-k: «Hori ez da konponbiderako bidea. Gauzak okertzen ditu». Dignidad y Justicia biktimen elkartearen jarreraren kontra egin zuen, bide batez, Irazolak. «Oso modu manikeoan aztertzen dituzte iheslarien dosier guztiak, berriro azaleratzeko. Txostena irekiz, preskripzioa galarazten dute. Ondorioz, bizitza osorako kondena bat eragiten die ihesean daudenei».

Euskal Herrira itzultzea erraztuko lukeen hiru neurri zehaztu zituen EIPK-k. Batetik, torturapean edo elkarte eta adierazpen askatasuna urratu ondoren egin diren txostenak deuseztatzea. Bestetik, egoera larrian dauden iheslarientzat soluzioa bilatzea. Azkenik, kontakizuna, egia: «egoera berdinera berriro ez itzultzeko».

Bigarren lan arloa

Bizikidetza eta gizarteratzea lortzeko hainbat arlotan lan egiten ari da Foro Soziala azkenaldian. Urte hasieran egindako prentsaurreko batean presoen, iheslarien eta deportatuen arloan eragingo zutela jakinarazi zuten. Lehen partea landu dute ordutik: Espainiako Estatuan dauden euskal presoen inguruan aritu dira, Hego Euskal Herrian.

Bigarren lan arloaren hasierako pausoa izan zen atzokoa. 2013ko Foro Sozialean jaso zuten aholkuetako bati heldu dio mugimenduak: «Ihesean dauden pertsonen egoera aztertzea gomendatzen dugu, gizarteratzeko bideak arakatuz, irtenbide bat emateko asmoz». Ihesean diren euskal herritarren berri eman zien EIPK-k.

Iheslariekin hitz egin ondoren, egiteke dute Frantziako egoera jorratzeko saioa. Hots, espetxe politika eta deportatuak. Gogora ekarri dute Frantziak «inolako babes juridikorik gabeko egoeran» utzi zituela deportatuak. Frantziako Justizia Ministerioaren eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren arteko lan esparrua irekita, gaiaz hitz egiteko itxaropena du Foro Sozialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.