Iheslariek babestu dute Aranaldek hartutako jarrera intsumisoa

Ekainaren 15ean Miarritzen zabaldutako konponbiderako prestasuna berretsi du iheslarien kolektiboak

Ekainaren 15ean Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitaldia. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Agiri baten bidez, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak bat egin du Jokin Aranalde iheslariak hartutako jarrera intsumisoarekin. Babes irmoa helarazi dio horrela Aranalde kolektiboko mintzaideari Frantziako Justiziak hartutako kanporatzeko aginduaren karietara. «Bat egiten dugu Jokinek hartu duen erabakiarekin, eta ondoan izanen gaitu; Jokinekin gaude, gu ere Jokin gara», dio kolektiboak.

EIPK-k dio lege eta epaile arrotzak ez direla nehor haiek epaitzeko eta zigortzeko, eta nabarmendu dute epaile bakarra herria dela. Horren haritik, Aranalden eta iheslarien defentsa har dezala eskatu diote herriari. Aranalde ekainaren 23an atxilotu zuten, Heletan (Lapurdi). Ekainaren 15ean kolektiboak Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitaldian parte hartu zuen, eta ekainaren 12az geroztik kolektiboaren mintzaidetariko bat da.

Engaiamendua berretsi

Miarritzeko ekitaldian euskal iheslari politikoen gaia maila orokor eta ordenatuan konpontzeko proposamena egin zutela gogorarazi dute iheslariek. Bertan marraztu zuten norabide orriari eusten diotela diote iheslariek. «Jakin badakigu proposamen hura aitzina eramateko beharrezkoak direla askotarikoen arteko akordio politikoak».

Oroitarazi dute prozedura judizial anitz tortura bidezko deklarazioetan oinarriturik daudela, eta, ondorioz, horietatik eratorriko atxilotzeko agindu eta euroaginduak bertan behera gelditzeko» exijitu dute. Azpimarratu dute Espainiak euskal gatazkarekin loturiko atxiloketetan tortura erabiltzen dela onartua dagoela nazioartean.

Bide batez, legedi arruntean oinarritutako arauetan jada artxibaturik edo bukaturik beharko luketen prozedura judizialak bertan behera uzteko eskatu dute. Munduko hainbat herrialdetan deportatuta eta konfinatuta dauden euskal herritarren mugimendu askatasuna bermatzeko eskatu dute, egoera horiei bukaera emateko.

Jarrera aktiboa

Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoaren parte izanik, arazo horren konponbidean herriak parte hartu behar duela nabarmendu dute. Estatuen «blokeo» egoera kontuan izanik, jakinarazi dute ez direla haien urratsen beha egonen. Aranalderen auziaren inguruan nahiz konponbiderako proposamena garatzeko ildoan, aitzina segitzeko borondatea dutela erran dute. Eta helburu horrekin, laster bira bat eginen dutela adierazi dute. «Laster, harremanak estutzeko eta sendotzeko bidean, bira bat hasiko dugu. Ahalik eta eragile politiko eta sozial gehienekin biltzeko xedea da gurea».

Izan ere, errealitate anitz bada kolektiboan. Batzuek bizi arrunta egin dezakete Ipar Euskal Herrian edo Frantzian; bertze batzuek, ez. Deportazioaren ondorioz, anitz dira 30 urte geroago mundu zabalean barreiaturik daudenak, Kuban, Cabo Verden... Horiekin eta nazioarteko eragileekin biltzeko zailtasunak dira errealitate horren ondorio.Arazoaren bertze atal bat litzateke agiririk gabe eta gorderikbizi diren iheslariekin solastatzea. Mugimendu askatasunak konponbidearen ildoan egin beharreko urratsak erraztuko lituzke, bereziki mundu zabalean.

«Euskal Herrian ireki den konponbide prozesuak guztion beharra du, guk gure aldetik gure konpromisoa sendo eta argia eskaintzen diogu, eta aldi berean herritarren beharra du, guk daukagun bezala, herria da gure berme, gure babes, gure arnas», gaineratu dute iheslariek.

Aranalde atxilotu zuten egun berean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Beñat Atorrasagasti Urruñan (Lapurdi). Handik bizpahiru egunera Aitor Zubillaga iheslaria atxilotu zuten Saran (Lapurdi). Espainiak hiruren kontrako euroagindu eskaria helarazi zion Frantziari. Paueko auzitegiak ez zituen ontzat eman Atorrasagastiren eta Zubillagaren aurkako euroagindu eskariak. Aranalderen kasuan erabakia bestelakoa izan da. Urriaren 24an plazaratu behar zuen ebazpena Parisko Kasazio Auzitegiak, baina arrazoirik eman gabe, urriaren 30era gibelatzea deliberatu zuen.

Abokatuek urriaren 30ean jaso zuten Aranalderen aurkako kanporatze ebazpena, baina agirian Kasazio Auzitegiko epaileak ez zuen ebazpenaren arrazoirik eman. Amaia Errekarte defentsa abokatuak jakinarazi zuen epaileak ebazpena hartu momenturik prokuradorea hamar eguneko epea zuela Aranalderen kanporatze prozedura abian ezartzeko. Urriaren 31ko goizaldean Frantziako Polizia izan zen Irisarrin (Nafarroa Beherea), zibil jantzirik eta uniformez, Aranalderen etxetik hurbil. Egun berean, gutun ireki baten bidez, Aranaldek jakinarazi zuen ez zuela kanporatzea onartzen eta jarrera intsumisoa hartuko zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.