Igandean Larresoron eginen den Elkartasun Eguna berezia izanen dela adierazi du Askatasunak.Aurtengo Elkartasun Egunak konponbidearen esperantza du bidelagun, eta lurrun horrek testuinguru berezia eragin du. Biziki hurbil daude Baionako karriketan lau mila lagun bildu zituen manifestazioa eta urtarrilaren 7an presoen alde Bilbon egindako manifestazio erraldoia. Euskal Herrian hasi den ziklo politiko berriari begira, elementu horiek Elkartasun Eguna indarrez eta erantzukizunez jantziko dutela dio Emilie Martin Askatasuneko bozeramaileak.
Duela hamar urte inguru hasi ziren Elkartasun Eguna antolatzen, errepresioaren jomugan zeuden preso eta iheslari politikoei elkartasuna adierazteko. Errefuxiatuen Eguna, berriz, 80ko hamarkadaren bukaeran sortu zen, iheslari politikoek Ipar Euskal Herrian eta Frantzian pairatzen zuten egoera salatzeko eta Frantziako erakundeen aldetik begirunea eskatzeko; bertzeak bertze, errefuxiatu politikoaren estatusa aitortzea.
«Baionako eta Bilboko manifestazioen balorazio biziki baikorra egiten dugu, baina ez dira konponbidearen helmuga, konponbidea lortzeko abiapuntua baizik», azpimarratu du Martinek. Preseski, herri dinamika suspertzearen aldeko deia zabalduko dute arratsaldeko ekitaldi politikoan Askatasunak eta Iheslarien kolektiboak.
Baionako karriketan egindako konponbidearen aldeko aldarria eta presoen egoera konpontzeko Bilbon egindako deiadarrak herriz herri, eragilez eragile zabaldu, antolatu eta indartu behar direla dio Martinek. Bi manifestazio horiek ildo horren sustatzaile izan direla nabarmentzen du. Alta, iheslarien egoera konpontzea funtsezkoa da prozesua bururaino eraman ahal izateko. Iheslariek berek azpimarratzen dute Franco hil ondorengo amnistian ez zirela iheslari guztiak itzuli, arazo politikoaren arrazoiak ez zirelako desagertu. Hori lortzeko konponbide integrala landu eta lortu beharko dela diote. Hori lortu ezean, zauriak ustel gainean itxi eta gatazka konponbiderik gabe geldituko litzateke.
Bide itsuak ekiditeko eragile guztiek parte hartu behar dutela diote iheslariek, prozesu horretan eragile aktibo eta parte hartzekoa izateko engaiamendua adieraziz. Beren ekarpena askatasun osoan eta trabarik gabe egin ahal izatea eskatzen diote Frantziari.
Izan ere, iheslari politikoen kasuan, Frantziak duen erantzukina eragile nagusiarena dela gogoratzen dute. 80ko hamarkadaren hastapenean hainbat sarekada egin zituen Frantziak, eta iheslariak konfinatu edo presondegian sartu ziuen. Horrekin batera, uko egiten zien errefuxiatu politikoaren aitortza eskariei, eta behin-behineko agiriak ematen zizkien Ipar Euskal Herrian edo Frantzian bizitzeko, gehienetan hilabete edo hiru hilabeteko agiriak.
80ko hamarkadaren lehen partean Frantziak urrats bat gehiago egin zuen errefuxiatuei jazartzen. Estradizioekin, konfinamenduekin eta agindutako egoitza ezarpenekin hasi zen hamarkada. GALen gerra zikina garatu zen horrekin batera. Denborak erakutsi zuen garai hartako Espainiako Gobernuak GALen zuen erantzukizuna. Errefuxiatuek eta hainbat eragilek salatu arren, sekula ez zen argitu Frantziaren erantzukizuna. GALek 27 hildako eta zauritu ugari utzi zituen Ipar Euskal Herrian, iheslariak eta herritar arruntak. Frantziak sei iheslari bidali zituen Panamara 1984an. Deportazioaren zerrenda luzea ireki zuen, eta geroztikmundu zabalean daude iheslari horiek; bertzeak bertze,Kuban, Cabo Verden etao Sao Tomen. Iheslarien iritziz, Frantziak eragin du arazo hori, eta hari dagokio konpontzea.
80ko hamarkadan Frantziak ez zituen berritu errefuxiatu eskaerak, edo ez zituen eskariak onartzen. Sarekadak eta atxiloketak biderkatu zituen, eta hainbat iheslarikmundu zabalean babestea deliberatu zuten. Aro politiko berri baten menturan eta gatazkaren ondorioen konpontze aldera, presoak kaleratzeaz gain, iheslari eta deportatuen egoera konpondu beharko da. Gehienek ez dute nortasun agiririk, eta anitz dira klandestinitatean bizi direnak mundu zabalean.
Gogoeta zabaldu
Iheslarien kolektiboak egoera berria aztertzeko gogoetari ekin dio, hainbat bilkura eginik. Baina presoen sakabanaketarekin gertatzen den bezala, iheslari politikoen sakabanaketak ez du gogoeta hori errazten. Gatazkaren ondorio diren ber, gatazkaren konponbidean eragile aktiboak izan nahi dutela diote iheslariek. Agiririk gabe, ez dute munduan ibiltzeko aukerarik, ez elkarretaratzeko aukerarik.
Frantzia, isilik
Aieteko Adierazpenak urratsak egitera deitu zituen Frantzia eta Espainia. Estatuek, ordea, ez dute oraindik urratsik egin. Frantzia «isilik» dagoela nabarmendu du Martinek. «Elkartasun Eguna inportantea da gure mezua helarazteko Espainiari, baina bereziki Frantziari».Ipar Euskal Herriko hainbat eragile, alderdi eta sindikatuk parte hartu zuten Aieteko konferentzian, abenduaren 10ean gatazkaren konponbidearen aldeko manifestazioan parte hartu zuten batzuek, Bilboko manifestaziora deitu zuten, eta igandean Larresoron egonen direla espero du Martinek. Euroaginduaren aurkako borrokan sortutako elkartasun uholdea gatazkaren konponbidearen alde aritzea da helburua.
«Presoen inguruan osatuko diren dinamikekin , iheslarien aldeko sostengu dinamikak sortu eta plantan ezarri beharko ditugu». Askatasunak eta Iheslarien kolektiboak parte hartuko dute arratsaldeko ekitaldi politikoan.
Batasunak ere zabaldu du Elkartasun Egunerako deia. «Larresoron egon behar dugu, amnistiaren aldeko mugimendua indarturik azaltzeko. Preso eta iheslarien sostenguak inoiz baino garrantzi handiagoa du, kolektibo horiek parte aktiboa izan behar dutelako gatazkaren konponbidean».
Euskal preso eta iheslariak. Elkartasun Eguna Larresoron
Iheslariak presente egonen dira Elkartasun Egunean
Konponbidearen aldeko urratsari sostengua eman dieten alderdi, sindikatu eta gizarte eragileak parte hartzera deitu dituzteAskatasunak eta Iheslarien Kolektiboak hartuko dute hitza arratsaldeko ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu