Euskal Presoak

Igor Uriarte ez zigortzea erabaki du epaileak, errudun izendaturik ere

Gaur izan du auzi saioa Baionako epaitegian, Frantziako Estatuko lurraldean bizitzeko zuen debekua urratzeagatik. «Berri biziki ona da», Maritxu Paulus Basurkoren hitzetan

Igor Uriart, Baionako epitegian, gaur arratsaldean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 21a
17:06
Entzun

Errudun izendaturik ere, Igor Uriarte euskal preso ohia ez zigortzea erabaki du Baionako epaitegiak. 2020ko urrian atxilotu zuen Uriarte Frantziako Poliziak, Ziburun (Lapurdi), errepideko kontrol batean. Bilatuak diren pertsonen fitxategian Frantziako Estatuan egoteko debekua zuela agertu zen, eta berehala atxiloaldian sartu zuten. Jakinarazpena jaso, Baionako prokuradorearen aitzinetik pasatu, eta berehalako epaiketa izan zuen. Epaileak fiskalaren eskaerarekin bat egin zuen, eta urtebeteko epea eman dio gasteiztarrari Frantziako Estatuan egoteko debekua kentzeko desmartxak egiteko. Maiatzean, Uriarteri lurralde debekua kentzea erabaki zuen Parisko Zigor Auzitegiak, terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzaren oniritziarekin.

Argumentu hori baliatu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak Uriarteri zigorrik ez ematea eskatzeko, eta epaitegiak arrazoi eman dio. «Erruduna kontsideratua izan zaitezke, baina ez da egoki ikusten kondena bat ezartzea, baldin eta hiru baldintza beteak badira», azaldu du Paulus Basurkok. Auziperatua «gizarteratua» izatea, egindako kaltea «konpondua» izatea eta ordena publikoari eragindako «traba» bukatua izatea dira hiru baldintzak. Gaur hartu duen erabakiaren arabera, Baionako epaitegiak kontsideratu du Uriarteren egoerak ez duela gehiago arau hausterik sortzen.

«Berri biziki ona» dela erran du Paulus Basurkok. «Ez da ohiturazko kondena bat, aski salbuespenezkoa da. Ezin da kondena hori baino gutxiago izan; hori da kondenarik txikiena». Gaurko erabakiak beste kasu batzuetarako balio dezakeen galdetuta, oroitarazi du Frantziako legedian kondena indibidualizatua dela. Hala ere, haren ustez, beste inork baldintza berak beteko balitu, «espero daiteke» emaitza berdina izatea, baina ezin da segurtatu. «Garrantzitsuena da lurraldeko debekua kentzea lortu izana. Bizi osoko debekua zen, eta kentzea lortu genuen, fiskaltzaren oniritziarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.