Igor Gonzalez Sola Bilboko presoa hilik topatu dute Martuteneko kartzelan. Espetxe Instituzioetako iturriek zabaldu dutenez, goizean topatu dute hilotza, eta guardiako epaileari eman diote gertatutakoaren berri. BERRIAk jakin ahal izan duenez, 19:30 aldera izan dute haren ingurukoek heriotzaren berri. 47 urte zituen.
Gonzalez Sola aurtengo uztailean eraman zuten Martuteneko espetxera. Aurrez, 2018an, Valdemorotik (Madril, 420 km) Soriara (Espainia, 230 km) eraman zuten, bigarren gradura pasatzearekin batera "espetxe legeria" betetzen zuelakoan. Utzia zuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboa.
2005eko martxoan atxilotu zuten Donostiako Antigua auzoko etxebizitza batean, ETAri laguntzea, dokumentuak faltsutzea eta armak gordetzea egotzita. Inkomunikatuta igaro zuen atxiloaldia, eta torturak salatu zituen. 20 urteko kondena ezarri zioten. 2008an eta 2009an, bere buruaz beste egiten saiatu zen, lehenbizi Puertoko kartzelan eta gero Badajozkoan zegoela. Aurtengo martxoan bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Gainera, 2014an, Etxerat elkarteak salatu zuen Gonzalez Solaren ama Bixenta Solari anbulantzia bat ukatu ziotela. Semearekin aurrez aurreko bisita egitera joan zen bere bi urteko bilobarekin, eta labain egin eta buruan kolpea hartu zuen. Elkarteak ohar batean salatu du funtzionarioek ez ziotela utzi anbulantziari deitzen, eta, azkenean, beste preso baten senideek eraman zuten ospitalera; hamahiru grapa behar izan zituen buruan.
EH Bilduk onartezintzat jo du
Gonzalez Sola kartzelan hil izana onartezintzat jo du EH Bilduk: "ETAk indarkeriaren erabilera behin betirako utziko zuela iragarri zuenetik bederatzi urte bete direnan, eta erakundea desagertu zenetik bi urte baino gehiago bete direnean, ulertezina da oraindik ere presoak espetxean izatea". Indar subiranistaren arabera, Gonzalez Solaren heriotzak "berriro ere egiaztatu du ezinbestekoa dela presoak berehala beren etxeetara itzultzea. Euskal gizartearen gehiengoak behin eta berriro aldarrikatu duen elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzak urratsak ematea eskatzen du, eta bide horretan funtsezkoa da euskal presoak lehenbailehen aske uztea". Zentzu horretan, uste dute premiazkoa dela Espainiako Estatuak bere espetxe politika aldatzea. EH Bilduk doluminak helarazi dizkie Gonzalez Solaren senideei eta lagunei.
Bakegileek ere espetxe politika salatu dute, eta elkarretaratzera deitu dute igande eguerdirako, Espainiak Baionan duen kontsulatuaren aitzinean. Iganderako bertarako ere manifestaziora deitu dute: Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da martxa, 12:00etan.
Hemeretzi preso hilik
Gonzalez Solarekin, hemeretzi dira kartzelan hildako euskal presoak, EPPK-k eginiko zenbaketaren arabera. Horietatik bederatzi gaixotasunen ondorioz edo osasun arazo batengatik, eta beste bederatzi beren buruaz beste eginda agertu ziren. Azkena Xabier Rey Urmeneta izan zen; 2018ko martxoan hil zen, Puerto III-n zegoela.
ESPETXEAN, GAIXO EDO OSASUN ARAZOEKIN
Joseba Asensio. 1986 Herrera de la Mancha (Espainia).
Juan Carlos Alberdi. 1988. Herrera de la Mancha (Espainia).
Mikel Zalakain. 1990. Martutene.
Pello Mariñelarena. 1993. Paris.
Roberto Sainz. 2006. Aranjuez (Espainia).
Xabier Lopez Peña. 2013. Paris.
Arkaitz Bellon. 2014. Puerto I (Espainia).
Kepa del Hoyo. 2017. Aranjuez (Espainia).
BEREN BURUAZ BESTE
Jose Ramon Goikoetxea. 1985. Alcala Meco (Madril).
Mikel Lopetegi. 1988. Herrera de la Mancha (Espainia).
Jean Groix. 1991. Fresnes (Frantzia)
Jose Maria Aranzamendi. 1997. Alcala Meco (Madril).
Juan Carlos Hernando. 1997. Albacete (Espainia).
Ramon Gil. 2002. Baldintzapean aske zegoen, gaixorik.
Oihane Errazkin. 2004. Fleury-Merogis (Frantzia).
Jose Angel Altzuguren. 2005. Soria (Espania).
Igor Angulo. 2006. Cuenca (Espainia).
Xabier Rey Urmeneta. 2018. Puerto III (Espainia).