Igoera handiena, tokiko aldizkariek

Jaurlaritzak %57 gehiago emango die tokiko aldizkariei diru laguntzetan; 'Hitza' proiektuei, %9,36 gehiago

Asier Iturriagaetxebarria.
2007ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Tokiko aldizkariek nabarituko dute inork baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskara sustatzeko aurten emango dituen diru laguntzak. Izan ere, iaz baino %57,75 gehiago jasoko dute Administraziotik. Hilaren 5ean jakinarazi zituen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskara sustatzeko emango diren diru laguntzak. Euskarazko prentsak 5.575.000 euroko diru laguntza zuzena izango du, iaz baino %12,94 gehiago.

Aurreko astean kopuru orokorrak eman eta gero, dagoeneko jakin dira proiektu bakoitzak jasoko dituen diru laguntzak. Tokiko prentsa, eta batez ere tokiko aldizkariak, saritu du aurten Jaurlaritzak bere diru laguntzetan. Azpimarragarriena tokiko aldizkariek izan duten igoera da. 750.000 euroko diru laguntza jasoko dute, aurreko urtean baino %57,7 gehiago. Igoera handiena izan dutenen artean, azpimarratzekoak dira Galtzaundi (%94,4), Noaua! (%76) eta Barren (%76).

Tokiko egunkariak ez ditu neurri berean saritu. Esaterako, kategoria horretan sartzen dira Hitza proiektuak, eta aurreko urtean baino diru laguntza handiagoa izango dute, baina igoera %9,36koa baino ez da. Irutxuloko Hitza-k eta Tolosaldeko Hitza-k, berriz, ez dute diru laguntza handiagorik izango; kopuru bera jasoko dute.

Tokiko aldizkarien eta egunkarien arteko aldea oraindik eta nabarmenagoa da aurrekontuei dagokienez. Aurten, lehenengo aldiz, deialdira aurkeztu diren proiektuek beren urteko aurrekontua zehaztu behar zuten. Hitza proiektuek 350.000 euroko laguntza jasoko dute, 3.700.000 euroko aurrekontua izanda. Tokiko aldizkariek, berriz, 750.000 euroko laguntza jasoko dute, 4.500.000 aurrekontua aurkeztu eta gero.

Prentsa nazionalaren kategorian, BERRIA egunkariak aurreko urtean baino 83.996 euro gehiago jasoko ditu (%5,5). Hernaniko kronika tokiko egunerokoari --egunerokoen kategorian dago-- portzentaje handiagoan handitu diote diru laguntza (%9,71).

Iaz, lehen aldiz, erdal hedabideetako euskarazko gehigarriek diru laguntza jaso zuten. Aurten, %34,6 handitu dira horientzako diru laguntzak, proiektu kopuru bera dagoen arren.

Telebistei ere %16,34 handitu dizkiete laguntzak, proiektu kopurua bera izanda. Irratiek, ordea, iaz baino %8,92 gutxiago jasoko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.