Ez zituen maite ekitaldi handi eta jendetsuak. Jendea bai, ordea. Jendea maite zuen. Harreman pertsonalei zegokienez, «berekoia» zela zioen: «Nahiago dut bakarrik egon, konpainia txarrean baino. Niri interesatzen zait balio duen jendea, horrekin aberasten naiz egunero, eta ez gauza materialekin». Filosofia horri helduta bizi izan zen Lucio Urtubia anarkista historikoa (Cascante, Nafarroa, 1931), eta horrelaxe hil da, 89 urte zituela, Parisko bere etxean: apal, zalaparta handirik gabe, baina harro. Harro bere bizitza osoan eginikoez eta inguruan zuen jendeaz.
Cascanteko familia txiro batean jaio zen Urtubia, eta bere larruan bizi izan zuen gosea: «Espartinetarako ere ez genuen». Pobre askoren antzera, gazte-gaztetatik zapaldu zuen kartzela, eta, mutil koskorra zelarik, behin baino gehiagotan atxilotu zuen Guardia Zibilak, «bihurrikeriak egiteagatik». Bost pezetako isuna ezartzen zioten, baina amak ezin izaten zuen diru hori pagatu, eta ziegan ematen zuen gaua, zigortuta.
Pobre izatea akuilua izan zen Urtubiarentzat; pizgarri bat altxatzeko eta kontzientzia hartzen hasteko: «Nire zortea pobre jaiotzea izan zen; ez nuen inolako esfortzurik egin [erakundeekiko] errespetua galtzeko. Eliza, jabetza eta politika horiek nazkagarriak ziren. Orduan, egoera horretan, gainerakoa errazagoa da», azaldu zion BERRIA-ri, 2015ean.
1954. urtean, Parisera joan zen, soldadutzatik ihesi. Han hasi zen talde anarkistetara biltzen eta bankuak lapurtzen, diru hori «iraultzan» erabiltzeko.
Faltsifikatzaile gisara ere aritu zen hainbat urtez. 1962an, Ernesto Che Guevararekin batzartu zen. Kubak Frantzian zuen enbaxadorearen bitartez ezagutu zuten elkar. Dolarrak masiboki faltsutzeko modu bat azaldu zion Urtubiak, baina, azkenerako, Chek uko egin zion plan horri. 1970eko hamarkadako azken urteetan First National Bank banketxeari (egungo Citibank) eginiko iruzurra izan zen Urtubiaren ekintzarik ezagunena. Banku horretako milaka bidaia txeke faltsutu zituen: 100 dolarreko 25 txekeko 8.000 orri. 20 milioi euro, guztira. Latinoamerikan eta Europan banatu zituen, mugimendu iraultzaileak finantzatzeko.
Frantziako Poliziak 1980an atxilotu zuen Urtubia, baina ezin izan zituen txekeak inprimatzeko plantxak eskuratu; hortaz, bankuak bere burua behartua ikusi zuen negoziatzera. Faltsutze delituagatik erruduntzat jo zuten nafarra, baina karguen zatirik handiena baztertzea onartu zuen akusazioak, faltsutzerako erabilitako plantxen truke. 1981eko urrian atera zen kartzelatik, pozik: «Plazera da ni bezalako gizajo batek hori lortzea». Bazekien irabazi zuela; kapitala makurrarazi zuela.
Elkartasuna bazter orotan
Urtubiaren heriotzak oihartzun handia izan zuen atzo sare sozialetan. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea izan zen albistearen berri eman zutenetako bat: «Gaur zendu da Lucio Urtubia. Laguna, burkidea eta borroka laguna». Koldo Martinez Geroa Baiko senatariak ere gogoan izan zuen anarkista historikoa: «Agur eta ohore, Lucio Urtubia. Beti arte gure bihotzetan!». Beste esparru batzuetatik ere agurtu zuten Urtubia; besteak beste, Berri Txarrak taldeak, Fermin Muguruzak eta Aitor Arregi zinemagileak. Euskal Herritik kanpo ere, Espainiako presidenteorde Pablo Iglesiasek, Raul Zelik idazleak eta Jordi Evole aurkezleak izan zuten gogoan, beste askoren artean.
Lucio Urtubia
Igeltseroa, anarkista, menderagaitza
Parisko etxean zendu da Lucio Urtubia ekintzaile nafarra, 89 urte zituela. Nazioarteko talde anarkistetan izaniko jarduera klandestinoaren ondorioz izan zen ezaguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu