Ipar Euskal Herriko komertzioak 2024. urtean bost igandez ala hamabi igandez irekitzen ahalko diren erabakiko du Euskal Hirigune Elkargoak gaur Baionan eginen duen batzarrean. 61. puntua da gai ordenan. EH Baik eta LAB sindikatuak neurriaren kontra bozkatzeko eskatu diete erakundean parte hartzen duten 232 hautetsiei.
1906ko lege batek arautzen du Frantziako Estatuan langile orok astean pausa egun bat izateko eskubidea duela. Horren arabera, komertzioek ez dute igandeetan irekitzeko baimenik. Baina saltegi handien presioaren ondorioz, pixkanaka baimenak ematea onartu du azken hamarkadetan Frantziako Gobernuak. 2016 arte urtean bost igandez irekitzeko baimena eman zezaketen auzapezek. Ordutik, beste zazpi egun gehitzeko aukera dute hirigune elkargoek. Euskal Elkargoak larunbatean hartuko du 2024ari begirako erabakia.
EH Baik igandeetako pausa lehenesteko eskatu die hautetsiei. «Jabetzen gara Pirinio Atlantikoetako prefeturak aktibitate turistiko handiko eremuetan igandeetan idekitzeko ematen dituen baimen bereziekin herrien arteko desoreka bat sortzen duela. Maluuruski, delibero hori Pauen hartzen da, ez hemen. Alta, ez dugu uste hori arrazoi bat denik Euskal Elkargoak igandeetan komertzioak irekitzeko baimenak emateko», adierazi dute agiri batean.
EH Bairen ustez, igandeetan lan egitea langileek duten denbora librerako eskubidea «urratzen» duen neurria da. «Izan ere, pausatzeari, kulturari, aisialdiari edota familiari eskaintzeko aukera desegitea eragiten du zuzenean. Igandeko pausa denbora libre eta soziala da, era guzietako aktibitateetan baliatzen dena eta, finean, gure jendartearen elkarbizitzan sakontzen duena».
LAB sindikatuak ere gutuna bidali die Euskal Elkargoko hautetsiei, neurriaren kontra bozka dezaten. «Premiazkoa da interes sozial eta ekologikoak interes ekonomikoen aitzinetik pasatzea eta igandeak guztiontzako atseden egunak izatea», aldarrikatu dute.