Igandearen aiduru Igeldoko plazan

Eguneroko martxan ez da gorabehera handirik Igeldon; elkarrizketarako gaia da iganderako deitutako galdeketa, baina tokiko mugez harago gehiegizko oihartzuna izaten ari dela diote bizilagun gehienek.

Desanexioaren aldeko ikurrak Igeldoko balkoi batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Igeldo
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Argia da Igeldoko auzotar zenbaiten desanexiorako gogoa bertara hurbiltzen hasi orduko. Herria gara eta izango gara leloa du bideko bihurgune estuetako batean jarritako kartel batek. Herri kaskoan han-hemenka Igeldo 89. udalerria dioten ikurrak ageri dira. Plazaren inguruan—garai bateko udaletxearen parean dago— hiru taberna daude; horietako batean sartu orduko argi ikusten ditu bisitariak udalerri izaeraren aldeko mezuak. «Bi taberna hauetan aldekoak dira; bestean, kontrakoak», eskuekin keinuka azaldu du Itxas Aurre elkarteko kide Juan Luis Kruzek zein den edaritegi bakoitzaren hautua. Urte asko daramate auzi honekin bueltaka, eta komunitate txikia direnez, oro har, ondo ezagutzen dute elkar. Baiezkoaren aldeko borrokan ari dira elkarteko kideak, eta igandean baietza gailentzea nahi lukete. «Baina, batez ere, jendeak parte hartzea nahi dugu», azaldu du Kruzek. Horregatik Espainiako Estatuaren abokatuaren debeku eskariak nahigabea eragin die. «Beldurra zabaldu nahi dute».

Arratsaldeko 16:00ak pasatxo. Plazaren alboan dago herriko eskola. Irteten hasi berriak dira ikasleak. Gurasoak bila doaz. Helena Modrego da horietako bat. Uzkur aurrena, semeak xaxatuta erantzun ditu galderak: «Igandera begira, bilera asko egiten ari dira, eta ahalik eta informazio gehien eskuratzen ari gara». Bera parte hartze joria izaten ari dela dio. «Ondo iruditzen zait galdera egitea, gu bizi gara hemen». Inguruan, eskolaren jira-bueltan, hainbat kazetari. Kexu da: «Egun osoan prentsa hemen... Honek ez du horrenbesterako ematen, gai garrantzitsuagoak badira».

Informazioa eskuratzeko bilerarik ez du behar izan Mikel Urruzolak. Eskolaren ondoko kirol instalazioetan dago gaztea. «Bilera asko egin dira, baina horiek kezkak zituztenentzat izan dira; ni desanexioaren aldekoa naiz». Jakin-min handia du iganderako: «Baiezkoa gailenduko dela espero dugu, baina ezusteak egon daitezke. Igeldon badira ezagutzen ez ditugun bizilagunak».

Eskolako zabuen ondoan, umerik txikienen eremuan, bi guraso: Iñaki Aizpurua eta Iñigo Amezua. Estatuaren abokatuak egindako eskariak asaldatuta dago lehena: «Mugatze administratibo bat behar lukeenak horrelako oihartzun mediatiko eta juridikoa izatea harrigarria eta haserretzekoa da». Galdeketara heltzeko egin den lana txalotu nahi du Amezuak: «Informatzeko lan handia egin da; Igeldo txikia izan arren, pusketaka egin da».

Bizilagun berri ugari hurbildu dira Igeldora azken urteotan. Irune Larrea da horietako bat. Suminduta dago bera ere Estatuaren abokatuak egin duen eskakizunarekin. «Beldurra sartzen ari dira jendeak ez parte hartzeko edo boza ematerakoan ezezkoaren alde egiteko». Uste berekoa da Mari Jose Martikorena: «Betikoak beti trabak jartzen». Igeldoko plazan dago, etxekoen aldamenean. Igeldon sortua da, eta galdeketarako deiak berebiziko poza eragin dio. «Ilusio handia dugu; aspalditik gabiltza gai honekin».

Neska-mutilak, ikastetxetik aterata, plazako jolastokian elkartzen dira. Irriak eta negarrak. Badira hitz egin nahi ez duten helduak haurren inguruan. Uzkur ageri dira; ez dituzte galderak entzun ere egin nahi. «Igandean bozkatuko dugu... eta kito!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.