Igandean libre mugitu ahalko da Euskal Herri osoan

Pirinio Atlantikoetako prefekturak azaldu du larunbat gauerditik aurrera zabalik egongo dela Gipuzkoa eta Nafarroaren eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren arteko muga, eta Maria Txibitek ere jakinarazi du igandean kenduko duela alarma egoera.

Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia, igandean. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 19a
14:02
Entzun

Bi estatutan eta hiru administraziotan banatuta egoteak eragin zuzena izan du azken hilabeteetan Euskal Herri barruko joan-etorrietan. Martxo erdiaz geroztik, debekatuta egon da Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean mugitzea, eta, hegoaldean, Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko faseek aurrera egin arren, oraindik indarrean dago Nafarroaren eta Araba eta Gipuzkoaren arteko joan-etorriak egiteko debekua.

Debeku horiek, ordea, etzi amaituko dira, igandearekin. Espainiako Gobernuak jakinarazia zuen hilaren 21ean irekiko dituela mugak Schengen eremuan dauden herrialdeekin. Frantziako Gobernuak adierazi zuen mugen irekiera hori ez zela indarrean sartuko datorren astelehenera arte, baina Pirinio Atlantikoetako prefekturak ohar bat argitaratu du eguerdian, eta azaldu du larunbat gauerditik aurrera zabalik egongo dela Gipuzkoa eta Nafarroaren eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren arteko muga.

Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxita egon da martxoaren erdialdeaz geroztik, eta azken asteetan nahasmena egon da muga hori irekitzeko egunaren inguruan, Espainiako eta Frantziako gobernuak irizpideak aldatuz joan direlako mugak zabaltzeko daten inguruan.

Gainera, Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi du larunbat gauerdian utziko duela alarma egoera bertan behera; horiek horrela, Euskal Herri osoan libre mugitzeko aukera egongo da iganderako. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gaur onartu du igandetik aurrera «normaltasun berria» arautuko duen dekretua.

Euskal Herritik kanpoko lurraldeekin ere ari dira joan-etorriak normaltzen. Ipar Euskal Herriko herritarrek baimendua dute Frantziako Estatuan zehar mugitzea, eta, gaur, Kantabriaren eta Bizkaiaren arteko mugaren irekiera irudikatu dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Miguel Angel Revilla Kantabriako Gobernuko presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.