Aro aldaketa Euskalgintzaren Kontseiluan. Azken hamabi urteetako idazkari nagusi Paul Bilbaok (Getxo, Bizkaia, 1971) ez du segituko, eta Idurre Eskisabel izango da aurrerantzean kargu horretan.
Kazetaritzan eta antropologian lizentziaduna da Eskisabel (Beasain, Gipuzkoa, 1970), kazetaritzan ibilbide luzea egindakoa, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn. Horrez gain, hedabide askotan kolaboratzaile ibili izan da, eta, egun, pentsamendu feministari eskainitako Eskafandra bildumako edizio taldeko kidea da, baita Lokatza podcastaren egileetako bat ere. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada, Hizkuntza eta Genero atalekoa. EHUko Kazetaritza graduan irakasle izan da oraintsu arte.
Euskararen eta feminismoaren arteko harremanaz egindako gogoetengatik ere bada ezaguna. 2019an, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara saiakera liburua argitaratu zuen, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin batera. Lehenago, 2018an, Goseak janak poema liburua plazaratu zuen.
Izendapenaren berri emateko bideoan, Eskisabelek adierazi du «erantzukizunez eta lanerako gogoz» eman diola baiezkoa idazkari nagusi kargua hartzeko proposamenari. Hizkuntzaren auzia «gizartearen lehentasunetara» eramatea eta aliantzetan sakontzea jarri ditu helburutzat, euskalgintzako eragileekin nahiz euskalgintzatik kanpo aritzen direnekin: «Kohesio sozialaren eta justizia sozialaren arloan aritzen diren eragile guztiekin, hain justu, hizkuntzaren auzia, euskararen biziberritzea, arlo horretakoa delako».
«Erantzukizunez eta lanerako gogoz esan diot baiezkoa. Une honetan premiazkoa ikusten dut euskararen biziberritzea eta hizkuntzaren auzia jendarteko lehentasunetara ekartzea. Kontseiluaren orain arteko bideari segika, aliantzetan sakontzea izango da nire helburua» @idurreskipic.twitter.com/ATvbFxwRLy
— Euskalgintzaren Kontseilua (@kontseilua) November 28, 2022
Mende laurdenarekin bat
Garai berezian dator kargu aldaketa. Izan ere, bihar zortzi 25 urte beteko dira Kontseilua eratu zutenetik. Mende laurdena ospatzeko, ekitaldia egingo dute egun horretan, Durangoko San Agustin kulturgunean (Bizkaia), eta han hartuko du kargua Eskisabelek. Han izango dira Kontseiluko lehenengo idazkari nagusi Xabier Mendiguren eta Bilbao ere.
«Euskararen normalizazio prozesua azkartzeko sozialki zein politikoki eragiteko xedearekin» sortu zen Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua, 1997ko abendu hartan. Hamaika adostasun eta proposamen ondu ditu ordutik; besteak beste, Bai Euskarari akordioa eta ziurtagiria, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa eta Batuz Aldatu adostasun soziala. Azken hori adostasun politiko bihurtzeko asmoz, talde eragile bat sortu da berriki. Euskararen normalizazioaren aldeko gizarte eragileen bilgunea ere bada. 26 bazkide oso ditu, eta lau so egile.