Idurre Bideguren Bermeoko jarduneko alkatea Espainiako Senaturako ordezkari aukeratu du Eusko Legebiltzarrak. EH Bilduko senatari berriak Jon Iñarritu ordezkatuko du, azken hori Espainiako Kongresurako diputatu izendatua izan baita. Bideguren bigarren bozketan aukeratu dute, aldeko 22 boto eta 50 boto zurirekin.
Bidegurenek ERCrekin batera osatuko du taldea Senatuan, EH Bilduk alderdi kataluniarrarekin elkarlanerako lortu duen akordioaren ondorioz. Senatari aukeratu berriak nabarmendu du ERCrekin "oso ona" izan dela harremana, eta pozik agertu da "horren talde garrantzitsua" osatu izanagatik.
"Orain helburu bateratuetan lan egingo dugu. Uzta emango duela uste dut. Garrantzitsua da Euskal Herriak ordezkaritza izatea ahal dugun erakunde guztietan", adierazi du. Euskal Herriaren subiranotasunaren alde lan egingo duela gaineratu du.