Tortura

Idoia Zabalza: «Egiaren jabe gara»

Mikel Zabalza zenaren familiak, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak torturak ikertzeko eta biktimei aitortza egiteko eskatu dute agerraldi bateratu batean. Manifestazio batera deitu dute martxoaren 6rako, Iruñean. 'Tortura ikertu, egindako guztia aitortu' izanen da leloa.

Egiari Zor Fundazioak Mikel Zabalzaren kasuaren hasira egindako prentsaurrekoa, gaur goizean, Iruñeko Katakraken. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 25a
13:51
Entzun

Azken astean argitara ateratako audioak baieztatu du Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, torturatuta. Zabaldu berri den grabazioaren harira, prentsaurrekoa antolatu du Egiari Zor fundazioak. Agerraldian, Mikel Zabalza zenaren arreba Idoia Zabalzak eta Nafarroako Torturatuen Sareko bi kidek hitz egin dute. Adierazi dutenez, audioan entzun daitekeen Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketak Zabalzaren familiak «hasiera-haseratik» defendatu duena berresteko balio du: «Denek entzun dugu gau hartan gertatutakoa: Mikel Intxaurrondon hil zen jasandako torturen ondorioz. Justizia bota ezinezko harresi badugu ere, egiaren jabe gara», adierazi du Idoia Zabalzak.

Zabalzak kontatu duenez, familiak ezaguna zuen grabazioa lehendik ere, baina gizarteak entzun izanak sortu duen oihartzuna sumatu dute azken egunotan. Audioak ikerketa batean izan dezakeen balioari buruz, esan du fiskaltzak «aukera ezin hobea» duela egun hartan Intxaurrondoko kuartelean gertatu zena ikertu eta argitzeko. Grabazioko elkarrizketa froga baliagarritzat jo beharra nabarmendu du, irmoki: «Hala behar du, are gehiago kontuan izanda zinta berean beste bi pertsonaren hilketei buruzko deskribapen zehatza egiten dela eta hilketa horrek zigorra ekarri zuela». Joxean Lasa eta Joxi Zabalari egin die erreferentzia Zabalzaren arrebak. 

Bestalde, Jon Patxi Arratibel Nafarroako Torturatuen Sareko kideak ere adierazpenak egin ditu Mikel Zabalzaren kasuaren harira. «Heriotzaraino torturatu zuten, eta aste honetan argitara atera den audioak erakutsi du Guardia Zibileko eta CESIDeko goi kargudunek ezin hobeto ezagutzen zutela atxilotuen egoera. Ongi zekiten zein ziren sistematikoki erabiltzen ziren tortura metodoak, eta jakitun zeuden horiek heriotza eragin zezaketela», azaldu du Arratibelek. Gainera, sarearen izenean, nabarmendu du aitortza egin behar zaiela torturatuak izan diren pertsona guztiei. «Beste inork inoiz infernu hori pairatuko ez duen bermea nahi dugu; aitortza eta erreparazioa nahi ditugu».

Tortura iker dadila eskatzeko, agerraldian izandakoek manifestazio batera deitu dute martxoaren 6rako. Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da, Iruñeko autobus geltokitik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.