«Ohorea izan da zuen idazkari nagusia izatea». Negar malko batzuk zituela, hitz horiekin, PSE-EEren lemazain izateari utziko dio adierazi du Idoia Mendiak. BIlboko Campos antzokian, PSE-EEren Biltzar Ttipian, aurreratu du ez dela azaroren 20an eta 21ean egingo den kongresuan idazkari nagusi izateko hautagai gisa aurkeztuko.
45 minutuko hitzaldian, bere zazpi urteotako ibilbidearen irakurketa eta gestioaren defentsa egin du. 2014ko irailean izendatu zuten idazkari nagusi eta 2017an kargua berretsi zuen. Bere hitzetan, epe horretan alderdiak konfiantza berreskuratu du, eta EAEko erakunde guztietan gobernatzen ari da. «Batzuek desagertu egingo ginela iragartzen ziguten, baina hemen gaude».
Garai nahasietan eta denboralearen aurrean lema tinko izan duela argudiatu du, eta PSE-EEk barne kohesioa eta sendotasuna eskuratu dituela. «Gizartearekin konektatzeko beharra genuen. Ez banu erabaki hura hartu, dena desberdin izan zitekeen», hausnartu du. Ziurgabetasunean erabaki zailak hartu behar izan dituztela aipatu du. Hala, bere ustez, egun erakunde guztietan, Eusko Jaurlaritzan barne, egoteak «ezinbesteko» egiten du PSE-EE aurrera egiteko akordio politikoak lortzeko. «Gurekiko konfiantza berrekuratu dugu».
Helburu hori lortuta eta etorkizuneko erronkak ate joka izaki, inflexio puntu batera heldu dela antzematen du. «Erabaki pertsonal eta politikoa da. Neuk hartu dut. Asko izan zarete aurrerantz jotzeko eskatu didazuenak baina politikan uneak eta denborak garrantzitsuak dira. Une erabakigarriak aukeratzen jakitea nire konpromisoaren parte da. Batzuetan gertatzen da ez dela jakiten aukeratzen une hori». Berak ulertzen du une hori iritsi zaiola, «sozialismoaren etorkizuna baita garrantzitsuena».
Idazkari nagusiak adierazi du duela urtebete hartu zuela erabaki hori eta Pedro Sanchezi jakinarazi ziola. Geroztik isilpean gorde du erabakia, eta haren gainean azken orduetan espekulazioa egon bada ere, hitz horiek esan arte inork ez du aurreratu gertatuko zena: «Ohorea izan da lehen emakume idazkari nagusia izatea, ohorea izan da postu horretan egotea eta ohorea izan da militante guztiek aukeratutako lehen idazkari nagusia izatea. Horregatik, lehenak zarete entzuten ez naizela aurkeztuko primarioetara».
Une horretan hunkitu egin da eta txalo artean hartu dute Campos antzokian bildutakoek. Mendiak defenditu du, zazpi urteotan, erakundeetan aurpegi berriak agertu direla alderdian eta orain militante bakoitzak hurrengo lemazaina izateko aukera izango duela. «Erabakia zuena da. Militante bakoitza izan daiteke idazkari nagusia. Aukeratuak nire leialtasuna eta babesa izango du».