Gulian (Itza, Nafarroa) Irurtzungo (Nafarroa) 58 urteko motor gidari bat hil zen atzo goizean, N-240-A errepidean. Atzo arratsaldean Foruzaingoak herritarrei laguntza eskatu zien gertatutakoarekin lotura izan zezakeen furgoneta bat aurkitzen laguntzeko. Hala, adierazi berri dute identifikatu berri dutela furgonetako gidaria, eta ibilgailua polizia etxean dagoela, Polizia Zientifikoaren Dibisioak azter dezan.
Foruzaingoaren erranetan, motorretik erori zen, eta errepidearen erdian gelditu zen. Ikerketaren hipotesietako batek dio furgoneta batek harrapatu zuela, Iruñerrirantz zihoalarik. Atestatuen Brigada da ikerketaren buru, eta aztertzen dabil ea furgonetako gidaria zergatik ez zen adierazpenak egitera gelditu ezbeharraren lekuan.