Patxi Zamorak, Nafarroako Kutxa desagertu arteko kudeaketa auzitegietan salatu zuen Kontuz elkarteko bozeramaileak, Iberia konpainian lan egiten zuen, hegazkin zerbitzari, harik eta 2017ko azaroaren 22an Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena atzera bota zion arte. Ondorioz, konpainiak kaleratu egin zuen Zamora. Orain, Espainiako Gobernuak aitortu du Zamora bere ideia politikoengatik egotzi zutela.
Iñigo Barandiaran EAJko diputatuaren galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak azaldu du, batetik, «arriskuak aztertuta» egiten direla txostenak, «abiazio zibileko segurtasunerako mehatxuak saihesteko», eta, horretarako, «aurrekarien egiaztapen indartua» egin ohi dela, Hegazkintza Zibilerako Segurtasun Programa Nazionalaren alderdi publikoaren H eranskinaren 6.2. artikuluaren arabera.
Segidan, ordea, gobernuak azaldu du Patxi Zamora Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenda batean aurkeztu zela 2007ko hauteskundeetan, eta Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuela zerrenda hori. Erantzunean adierazi duenez, «interesdunen defentsarako mekanismoak Hegazkintza Zibilerako Segurtasun Programa Nazionalaren zati publikoko H eranskineko 9. artikuluan jasotzen dira», eta bertan ezartzen da «zein den egokitasuna baloratzeko prozedura gainditzen ez duen pertsona baten defentsarako mekanismoa». Erantzunean, Espainiako Gobernuak azalpen xehatua eman du EAE-ANVren zerrenden eta Batasunaren ilegalizazio prozesuaz.
Egitasmoak Kongresuan
Barandiaranek uste du gobernuaren erantzuna «eskandalu onartezina» dela, eta salatu du «oinarrizko eskubideen eta lan eskubideen urraketa nabarmena» dela Zamorak inhabilitatu eta kaleratu zutenetik jasan duen «babesgabetasuna», «kaleratu egin zutelako, galarazi egin ziotelako lan horretan jardutea, eta errugabetasun presuntziorako eskubidea bidegabe erabili zutelako». Barandiaranek azaldu du EAJ lanean ari dela Espainiako Kongresuan gaiari buruzko egitasmo gehiago aurkezteko, «jasotako erantzuna salatzeko eta Espainiako Gobernuari azalpenak eskatzeko».
Ideia politikoengatik kaleratu zuten Zamora
Espainiako Gobernuak argudiatu du Kontuz plataformako eleduna Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenda batean aurkeztu zela 2007an. EAJk «eskandalu onartezintzat» jo du gobernuaren azalpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu