Orai NLP adimen artifizialeko zentroko hizketa teknologien arduradun Igor Leturia ari da hizketan: «Gaur 2025eko martxoaren 20a da, eta AskHezi sistemaren prentsaurrekoan gaude». Pantaila bat du atzean, eta, hitz egin ahala, esandakoa idatzita ageri da. Egin du akatsen bat, AskHezi ez du behar bezala idatzi. Leturiak ahoz egin dio zuzenketa: «Editatu. Joan lau hitz ezkerrera, ezabatu eskuineko hitza. Letreiatu: Araba maiuskulaz, Santurtzi, kilo, Hernani maiuskularekin, euskara, Zuberoa, Iruñea. Hutsunea. Amaitu». Letrak banaka emanda, behar den moduan idatzita agertu da hitza.
Horixe da AskHezi, euskarazko diktaketa sistema berria. Beren-beregi diseinatu dute elbarritasun motorra duten haurrek eta gazteek erabil dezaten. Orai NLPk garatu du —Elhuyar da haren sustatzailea—; Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatu dute; Languneren aholkularitza izan du, baita Euroeskualdearen laguntza ere. Gaur aurkeztu dute, Ikastolen Etxean.
2022an hasi ziren ekimena garatzen, Lohitzune Txarola Languneren zuzendariak azaldu duenez. «Eskaera bat etorri zitzaigun: identifikatu zuten desgaitasun motorra zeukan haur batek ahots diktaketa sistema behar zuela». Gutxira, jakin zuten antzeko beste kasu batzuk ere bazirela, eta Oraikoengana jo zuten. Ordura arteko ahots diktaketa sistemak probatu zituzten, baina «haurren ahotsak ez zituzten identifikatzen».
Zigor Ibarzabalek jarraitu du azalpenak ematen, Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduradunak: «Tresna batzuk sortuak ziren, baina ez zieten gure ikasleen beharrei erantzuten». Orduan, hiru eragile martxan jarri ziren: Sortzen, Seaskako Integrazio Batzordea eta Ikastolen elkartea. Zehaztu zuten bidea, eta zera behar zutela ikusi: ikasleen ahotsak, tresna bat garatzeko entrenatzeko, «benetan baliagarri izan dadin». Datuak ez dira nolanahikoak: bide horretan, 50 ikastetxe eta ikastola aritu dira lanean, 479 ikaslek hartu dute parte, 70.000 grabazio inguru jaso dituzte, eta haietatik ehun grabazio ordu baliagarri eskuratu dituzte.
479Ikasleak Tresna trebatzeko, 479 ikasleren ahotsak grabatu dituzte. Hain zuzen, 70.000 grabaketa baino gehiago egin dituzte, eta ehun grabazio ordu baliagarri ateratzea lortu.
Haiek eskuan, Orai arduratu da garapenaz; sistema trebatu dute ahots horiekin. Baina ez dute diktaketa tresna hutsa ondu; Leturiak bereziki nabarmendu du zuzenketak egiteko aukera ematen duela: «Desgaitasun motorra dutenek diktaketa egingo dute, baina diktaketa horretan akatsak egon litezke, bai hizlariaren aldetik, bai diktaketa sistema bera perfektua ez delako; orduan, sistema bat behar zen zuzenketak haurrak berak egiteko hizketa bidez. Horrela egin daiteke: joan hitz batera eta ezabatu, kopiatu, mugitu». Are, Leturiaren esanetan, badu beste funtzio bat ere: «Atzerriko izen bereziekin eta sigla arraroekin batzuetan ez du ondo egiten; orduan, letreiatze aukera ere ematen du sistemak. Guztia plataforma batean integratu dugu».
Hiru urteko lanaren ostean, emaitzarekin «pozik eta harro» dagoela nabarmendu du Ibarzabalek: «Euskal Herrian eta euskaraz sortu dugu, eta euskal hiztunentzat izango da baliagarria; horrek are gehiago harrotzen gaitu». Hutsune bati erremedioa jarriko baitio, eta baliagarria izango baita ikasle horien ikaskuntza prozesurako: «Egia da egun batetik bestera zaila izango dela, ikasleek ere ikasi egin beharko baitute tresna erabiltzen; horrek prozesu bat eskatzen du, baina sinistuta gaude beste aukera batzuk ekarriko dizkiela ikasle eta familia horiei».
Zabaltzeko bidean
Horretarako, baina, falta da pausorik. Izan ere, plataforma erabat garatuta egon arren, martxan jarri eta erabilera zabaldu ahal izateko baliabideak lortzea dute orain helburu proiektuko kideek. «Plataforma garatuta dago, baina ez da ordenagailuan instalatuta dabilen zerbait. Hizketa teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletan oinarritzen dira, eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar dituzte. Plataforma bera hainbat haurrek edo gaztek erabili behar badute aldi berean, horrek azpiegitura bat eskatzen du: zerbitzariak behar dira horretarako», azaldu du Leturiak.
Espero dute guztia martxan eta eskuragarri ipintzea urte amaierarako. Leturia: «Erakundeetako hezkuntza sailekin harremanetan gaude, eta borondatea ona da». Behar bezainbeste zabaltzea dute xede; horregatik, bultzatzaileak Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Seaskako Integrazio Batzordea izanagatik ere, Euskal Herriko hezkuntza sare guztietako haurrek baliatzea nahi dute. Hala dio Ibarzabalek: «Guk tresna bat sortu dugu, baina euskal hezkuntza sistemetako sare guztietako ikasleei begira sortu dugu; helburu hori oso argi izan dugu hasieratik».