Iparra Galdu Baik plataformak aurreratu zuen bezala, Espainiako administrazioak "ez du bere hitza bete" eta Iparragirre auto arrunt batean lekualdatu dute. Bere osasun egoera "muturrekoa" dela aintzat hartuta, anbulantzia batean egitea eskatu zuten. Ez da horrela izan, ordea. Eguerdirako ordu erdi falta zenean iritsi da Aita Mennira, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k aurreratu duenez. Han preso egongo da, Jose Luis de Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ukatu egin baitzion presoari baldintzapeko askatasuna. Gainera, "itxita" eduki behar dutela azpimarratu zuen.
Ibon Iparragirrek ihesa du, eta hainbat aldiz eskatu dute aske uzteko bere osasun egoera larria aintzat hartuta. Zortzi urte daramatza preso, 2010eko urtarrilean Ertzaintzak Gizaburuagan atxilotu zuenetik. Presoak hirugarren gradua eskatu zuen baina epaileak bigarrenean mantendu du.
Asteazken arratsaldean atera zuten Iparragirre Alcala-Meco presondegitik (Madril, Espainia). Beraz, ia 48 ordu iraun du haren lekuldatzeak, eta senideek ez dute jakin non izan duten. Etxerat elkarteak aurreratu zuen 16:00ak inguruan espero zutela Iparragirre Arrasatera (Gipuzkoa) iristea, baina azkenean aurreikusitakoa baino lehenago eraman dute.
Presoaren lekualdatzea dela eta, "berriz ere ankerkeriaz jokatzen aritzea" leporatu zion Etxeratek Espainiako Espetxe Zuzendaritzari.