Etxean ez, baina etxetik hurbilago. Urteak daramatza Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren defentsak eskatzen zigorra eteteko, presoaren eritasuna dela eta. Oraindik ez du lortu halakorik, baina bai, behinik behin, zigorra betetzeko falta dituen urteak Euskal Herrian egitea. Donostiako Martutene espetxera eraman dutela jakinarazi zuen atzo eguerdian Etxerat-ek. «Gaitz larriak dituzten euskal presoen zerrendan dago. Esklerosi anizkoitza du, espetxean zaintza egokia izateko oso zaila den gaixotasuna. Berak eskatu du Frantziako kondena betetzeko falta zaiona Euskal Herrian egitea», zehaztu du Etxerat-ek.
2010eko abenduan agertu zitzaizkion esklerosi anizkoitzaren lehen sintomak, eta 2013ko urtarrilean diagnostikatu zioten gaitza. Urte horretan egin zuen zigorra eteteko lehen eskaera, argudiatuta kartzela eta bere gaixotasuna ez direla bateragarriak. Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak 2014an onartu zion eskaera, baina prokuradoreak esan zuen osasun azterketa gehiago egin behar zirela. Hiru urteko prozedura batean auzia Dei Auzitegian eta Kasaziokoan aztertu ondoren, ez zuten onartu euskal presoa libre geratzea.
2018an berriro eskatu zuen zigorra eteteko, eta onartu egin zioten lehen auzialdian, baina fiskalak eragotzi egin zuen kaleratzea. 2020an presoaren defentsak berritu egin zuen eskaria. Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak, osasun txostenetan oinarrituta, etetearen aldeko erabakia eman zuen, presoaren gaixotasuna tratatzeko espetxea leku egokia ez zela iritzita. Horrez gain, azaldu zuen orduko testuinguruan Fernandez Iradi aske uzteak ez zukeela arriskurik eragingo. Fiskalak helegitea aurkeztu zuen, ordea, eta presoak espetxean segitu zuen. Urtarrilaren 13an egin zuten epaiketa, Frantziako Dei Auzitegian, eta hark ez zuen onartu Fernandez Iradi aske uztea.
Egun horretan bertan, Bakegileek ekintza sinbolikoa egin zuten Baionako Auzitegiaren aurrean, presoaren egoera salatzeko. Sirena hotsen artean, anbulantzia bat eraman zuten hara, zenbait ekintzailek kartelak zabalik zituzten bitartean. Beste hainbat mobilizazio ere egin izan dira Fernandez Iradi etxeratzeko eskatzeko; azkenetakoak, pandemia betean, Fernandez Iradik COVID-19a zuela jakin zenean.
Hemeretzi urte preso
Frantziako Poliziak 2002an atxilotu zuen lehen aldiz Fernandez Iradi, Ahurtin (Lapurdi), baina handik bi egunera ihes egin zuen Baionako polizia etxetik. 2003ko abenduan berriro atxilotu zuten, Mont-de-Marsanen (Okzitania), eta espetxeratu egin zuten. 30 urteko bi zigor eta hamabosteko beste bat ezarri zizkioten, besteak beste, jendarme bati tiro egitea egotzita.2010ean Madrilera eraman zuten, hilketa bat egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzeko.
Badira zigorra betetzen ari diren beste hamabi preso gaixo ere, gutxienez —batzuen identitatea ez da ezagutarazi—. Horietatik lau Gipuzkoan daude; hiru, Araban; bat, Bizkaian; eta beste bat, Nafarroan. Beste hiru preso gaixo etxean ari dira betetzen zigorra.
Ibon Fernandez Iradi gaixorik den euskal presoa Martutenera ekarri dute
Euskal presoak berak eskatu du falta zaion zigorra Donostian betetzeko. Esklerosi anizkoitza dauka, eta 2013an hasi zuen prozedura judiziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu