Euskal presoak

Ibon Fernandez Iradi euskal presoa Martutenera ekarri dute

Euskal presoak berak eskatu du falta zaion kondena Euskal Herrian betetzeko. Esklerosi anizkoitza du.

Ibon Fernanezen askatasuna eskatzeko elkarretaratze bat Lasarte-Orian (Gipuzkoa), COVID-19a zuela jakin zenean. JON URBE / FOKU
2022ko urriaren 20a
14:39
Entzun

Donostiako Martuteneko espetxera lekualdatu dute Ibon Fernandez Iradi euskal presoa, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Lannemezango espetxean (Okzitania) izan da orain arte Fernandez, eta, euskal presoen senideen elkarteak zehaztu duenez, presoak berak eskatu du geratzen zaizkion zigor urteak Euskal Herrian egitea.

Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik. 2010eko abenduan agertu zitzaizkion eritasunaren lehen sintomak, eta 2013ko urtarrilean diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Urte horretan egin zuen zigorra eteteko lehen eskaera. Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak 2014an onartu zion eskaera, baina prokuradoreak esan zuen osasun azterketa gehiago egin behar zirela. Hiru urteko prozedura batean auzia Dei Auzitegian eta Kasaziokoan aztertu ondoren, ez zuten onartu euskal presoa libre geratzea. 2018an berriro eskatu zuen zigorra eteteko, eta onartu egin zioten lehen auzialdian, baina fiskalak eragotzi egin zuen kaleratzea. 2020an presoaren defentsak berritu egin zuen eskaria. Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak, osasun txostenak aintzat hartuz, etetearen aldeko erabakia eman zuen, iritzita espetxea ez dela leku egokia presoaren gaixotasuna artatzeko, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, eta presoak espetxean segitu zuen. Urtarrilaren 13an egin zuten epaiketa, Frantziako Dei Auzitegian, eta hark ez zuen onartu Fernandez Iradi aske uztea.

Frantziako Poliziak 2003ko abenduan atxilotu zuen azkeneko aldiz, ETArekin lotuta, Mont-de-Marsanen (Okzitania), eta preso dago ordutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.