Joan den legealdiko talde politiko guztiek —EH Bildu, PSE-EE, EAJ, PP eta Ezker Anitza— adostu zuten Memoria partekatu baterantz dokumentua osatu eta ezagutaraztea, eta hala egin zuten atzo. Memoriaren Egunaren harira, Errenteria 1956tik 2013ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostena aurkeztu zuten herritarren aurrean. «Memoria eta adiskidetzea eraikitzeko ibilbide luze bateko lehen pausotzat» jo du lana Errenteriako Udalak (Gipuzkoa).
Argituz elkarteko Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendik osatu dute. «Euskal kasuari lotutako motibazio politikoko indarkeriak» landu dituzte 204 orriko txostenean; han azaldu dutenez, nolabaiteko ikara eman izan dio hainbati kontzeptu horrek, baina gertatutakoa deskribatzeko balio du. Eta kalifikatzaile hori erantsita ere, «bidegabekeria batek bidegabekeria izaten jarraitzen du». Bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak —28 kasu bildu dituzte, eta beste hiru «ikerketa sakonagoa behar dutenak»—, osotasun fisiko eta psikikorako eskubideari lotutakoak eta «beste sufrimendu batzuk» bereizi dituzte, «dena zaku berean» ezin dela sartu iritzita.
Bigarren talde horretan, zauritutakoak, mehatxuak eta jazarpen indarkeria jasan dituztenak eta tortura aipatu dituzte —gutxienez 337 lagunek salatu dituzte torturak Errenterian—, besteak beste. «Beste sufrimendu batzuen» zatian, berriz, beren buruaz beste egindako polizia eta presoak eta barrikaden ondorioz edo espetxeetarako bidaietan gertatutako istripuak. Bereizketa horiek egin arren, giza eskubideen urraketen biktimak, biktima bihurtzean, «parekatu» egiten direla diote: «Urraketa berdinei, justiziarako eta erreparaziorako eskubide berdinak dagozkie».
«Etorkizuna kontatzen du, baina etorkizunerako oinarriak jartzea du helburu» txostenak. Hala idatzi dute egileek dokumentuaren amaieran, eta erronka batzuk ere zehaztu dituzte; besteak beste, emandako datuak osatzea, zuzeneko testigantzak biltzea, torturaren eta «estortsio ekonomikoaren» errealitateak ezagutaraztea, «atxiloketa arbitrarioak» ikertzea, «gizarte loturak sendotzeko» plangintza publiko bat adostea eta «adostasunean eta aniztasunean» oinarritutako oroimen leku bat sortzea.
Memoriaren Eguna. Erakundeetako ekitaldiak. Errenteria
«Ibilbide luze bateko lehen pausoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu