Dozenaka lagun elkartu dira gaur goizean goiz Maiatzaren Plazako Amen kalean, Artika herrian (Berriobeiti, Nafarroa). Han, etxegabetze bat iragarria zegoen 09:00etarako: emakume bat etxetik egozteko prozedura abiatu du Ibercaja entitateak, eta, hori geldiarazteko xedez, protestara deitua zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak. Ez dute horren beharrik izan, ordea, prozesua behin-behinean geldiaraztea erabaki baitu epaitegiak. Bertaratuek pozarren hartu dute albistea.
Sindikatuak azaldu duenez, emakumea 2005. urtetik bizi da Artikan, eta Ibercajarekin kontratatu zuen hipoteka mailegua, «zabor hipoteka deiturikoen goraldi betean». Azkenaldian, ordea, «izugarri garestitu zaio hipoteka kuota, eta diru sarrerak, aldiz, oso txikiak dira». Hori gaindi ezinezko traba izan da andrearentzat, etxegabetze agindua iritsi zaion arte. «Nola azal dezakegu 700 euroren diru sarrerak dituen emakume batek mila euroko kuota izatea?», kritikatu du sindikatuak.
Atzo iluntzean, baina, epaitegiko deia jaso zuen emakumearen abokatuak: «Jakinarazi zioten, oraingoz, atzeratu egin dutela prozesua», azaldu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuko kide den Ainhoa Mendiluzek. Hala ere, protesta deiari eustea erabaki zuten: «Ez dugu epaitegiko ebazpenik ikusi, ezta agiririk edo berme juridikorik ere. Telefono dei bat, besterik ez. Hortaz, elkarretaratzeari eutsi diogu, zer gerta ere». Mendiluzek azaldu duenez, oraindik ez dakite zenbateko menia eskainiko dien epaileak: «Zenbait agiri aurkezteko eskatu diote emakumeari, eta, horiek aztertuta, erabaki bat hartuko dute: prozesua are gehiago atzeratu edo etxegabetzea gauzatu».
Sindikatuko ordezkariak azpimarratu du, kasu bakoitzaren nolakotasunak gorabehera, pertsonen eskubideak direla bermatu beharrekoak: «Etxebizitza oinarrizko behar bat da, eta denok aseta izan beharko genuke, era unibertsalean. Etxegabetze mota asko daude: batzuetan hipotekagatik da, beste batzuetan alokairuagatik... Baina kasu guztietan, eskubidea da bermatua ez dagoena, eta oinarri-oinarrizko behar hori bermatzen ez den bitartean, gutako edonori gertatzen ahal zaio».
Ziurgabetasuna, aurrera begira
Aurrera begira, kasua «gertutik» zainduko dutela esan du Mendiluzek, eta iragarri du «presio egiten» segituko dutela, ez baita fio ordezkari politikoek eta administrazioek iragarri dituzten neurriekin: «Etxegabetzeak behin-behinean eteteko akordioa, adibidez, indarrean izanen da abenduaren 31ra arte, eta asko dira pixkanaka-pixkanaka atzeratuz joan diren kasuak. Baina, behin neurri horiek bukatuta, zer? Zer gertatuko da etxegabetze horiekin guztiekin? Ziurgabetasuna erabatekoa da».
Hala ere, uste du «lorpen sozial handia» dela gaurko iragarria zegoen etxegabetzea atzeratu izana: «Presio sozialari esker lortutako garaipena da, gure ustez, antolakuntzaren eta borrokaren bidez egin behar baitzaio aurre arazo honi». Kritika egin die, gainera, etxebizitzaren arazoa konpontzeko «adabakiak» jartzen dituzten indarrei: «Politikariek hartzen dituzten erabakiek, askotan, higiezinen negozioa bultzatzeko balio dute, eta, gure ustez, horrexek iraunarazten du arazoa: etxebizitza ezin da izan negozio bat, eta denok bermatuta izan beharko genuke».