Ibarrolak UPNko presidente izateko hautagaitza aurkeztuko du

Tuterako alkate Alejandro Toquero proposatu asmo du presidenteorde izateko. UPNk apirilaren 28an egingo du zuzendaritzako kargudunak hautatzeko kongresua. Ibarrolak Iruñeko aginte makila berreskuratzea du helburu.

ESPAÑA AYUNTAMIENTO PAMPLONA
Cristina Ibarrola UPNko bozeramailea, Iruñeko Udalean. VILLAR LOPEZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko otsailaren 4a
12:00
Entzun

Zortzi urtez izan da Javier Esparza UPNko presidentea, eta, alderdiak «lidergo berriak» behar dituela iritzita, alderdiaren buruzagitza utziko zuela iragarri zuen joan den astean. Cristina Ibarrolak, zentsura mozioaren ostean Iruñeko alkatetza galdu berritan, UPNko presidente izateko hautagaitza aurkeztuko duela berretsi dio Diario de Navarra egunkariari.

Apirilaren 28an egingo dute kongresua, eta afiliatuek bertan hautatuko dute nork beteko dituen alderdiko hiru zuzendaritza kargu: presidentea, presidenteordea eta idazkari nagusia. Ibarrolaren asmoa «batasunean» oinarritutako hautagaitza aurkeztea da, eta aurreikusten du bere zerrendan Tuterako alkate Alejandro Toquero egotea; presidenteorde izatea eskainiko dio. Hautagaitzak aurkezteko epea apirilaren 10etik 12ra arte izango da.

Urtebete ere ez da igaro bai Iruñeko, bai Nafarroako eta bai Espainiako legegintzaldiak hasi zirenetik, eta oposizioan dago UPN; Ibarrolak erantzukizun handirik gabe gidatuko du alderdia. Aurrera begira, argi utzi du ez duela nahi Nafarroako Gobernuko presidentegai izan 2027ko foru hauteskundeetan, baizik eta Iruñeko aginte makila berreskuratzea dela bere asmoa. Izan ere, Ibarrola izendatu zuten Iruñeko alkate joan den ekainean, PSNren boto zuriei esker. Dena den, gehiengorik gabe osatu zuen gobernua, eta ez zen erraza izan abenduaren 28ra arteko garaia, hasieratik ezin izan baitzen ados jarri gainontzeko alderdiekin. Zentsura mozioaren hotsak gero eta ozenagoak ziren hilabeteak aurrera joan ahala; urte amaieran, Ibarrola kargugabetu egin zuten, eta EH Bilduko Joseba Asiron izendatu zuten Iruñeko alkate.

UPNren krisiak

Javier Esparza 2015ean heldu zen UPNko presidentetzara, Yolanda Barcina ordezkatuz, eta ordutik hona hiru alditan izan da Nafarroako Gobernuko presidentegai; hiru aldi horietan gailendu da alderdia, nahiz eta presidentetzara ez den heldu. Pare bat kolpe nabarmen hartu ditu UPNk Esparzaren agintaldian: 2022an, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas Espainiako Kongresuko UPNren diputatu zirenak alderditik kanporatu zituzten, Espainiako lan erreforma onartzearen kontra bozkatu baitzuten, alderdiaren esanei entzungor eginda —Alderdi Popularrera aldatu ziren biak ala biak; Garcia Adanero Iruñeko alkategai izan zen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, eta Sayas, berriz, PPko diputatua—. Bigarren krisia iragan abenduan izan zuen, Joseba Asiron Iruñeko alkate egin zuen zentsura mozioaren ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.