Bi aldiz agur esanda, badoa. Abuztuan, Esparzak iragarri zuenean ez zela berriro hautagai gisa aurkeztuko, mundu guztiak ziurtzat jo zuen ez zela UPNko presidente izango beste lau urtez. Urtarrilaren 27an berretsi zuen hori. Esku hutsik utziko du agintaritza, Nafarroako Jauregiko alfonbrak zapaldu ezinik. Ezinezko izan zaio bere baitan biltzea botere instituzionala eta alderdiarena. Anbizio horrekin, Cristina Ibarrolak eman du lehen pausoa eta presidentetzara aurkeztuko da. Esparzak utzitako hutsunea bete nahi du.
Ikusteko dago beste lehiakiderik aurkeztuko den apirilaren 28ko kongresuari begira. Ibarrola izan edo besteren bat izan, irabazleak ez du erronka makala izango. Izan ere, Esparzaren agintaldiak orban beltz gisako bat dirudi alderdiaren 45 urteko historian. UPNko belaunaldi bakoitzari egokitu zaio garaian garaiko politika kudeatzea: 1979tik 1997ra artekoa fundatzaileei (Javier Gomara eta Jesus Aizpun); 1998tik 2015erakoa bi buruzagi nagusiei (Miguel Sanz eta Yolanda Barcina), eta 2015etik aurrerakoa Esparzari. Gizartea eta jokaleku politikoa aldatuz joan diren heinean, Esparzaren UPN ez da gai izan aldaketetara egokitzeko. Atzera begiratuta ikus daiteke non egin duen huts.
1.- Hasiera zaila
Esparzari ez zitzaion erraza izan barne boterea konkistatzea. Yolanda Barcinaren agintaldia asalduraz betea izan zen guztiz. Barne krisiaren ondorioz, Barcinak albo batera egin behar izan zuen, eta, 2015eko bozetarako hautagai izateko lehian, Esparzak beste inor baino lehenago aurkezteko abilezia izan zuen. Lehen lasterketa hura irabaztea erabakigarri izan zen 2016an UPNko presidente izendatua izateko.
Botere instituzionala galduta, Esparzak politikoki oso argi izan zuen zer egin: jo eta su Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren aurka aritu, «hondamendi ekonomikoaren» eta «inposizio ideologikoaren» mezua zabaldurik. Ez zuten inongo autokritikarik egin euren kudeaketa urteez.
2.- Navarra Suma
Aldaketaren gehiengoa geldiarazteko asmoz, UPNk hautu estrategiko bat egin zuen 2019an. Indarrak batu zituen PPrekin eta Ciudadanosekin. Akordioetan lortu zuen bere hegemonia zuri-beltzean agerraraztea, baina koalizioak lausotu egin zuen haren identitatea. Historikoki, espainiar nazionalismoak euskal abertzaletasunaren mehatxuaren aurka erabili duen tresna izan da UPN, baina beti Nafarroako banderan bildurik. Navarra Sumak xurgatu zuen haren nortasuna.
Handik gutxira, hauteskundeetako arrakasta funtsezkoa izan zen legealdi hartan Geroa Bai, EH Bildu, eta Ahal Dugu eta Ezkerrak baino eserleku gehiago lortzeko. Luzarora, berriz, horrek eskuak lotu zizkion diskurtso politikoaren tonua markatzeko eta norabidea baldintzatzeko. Eskuineko beste indarrekin batuta, PSNri errazagoa egin zion 2019an norabidea aldatzea, eta gerora sozialistenganako distantzia handitu zuen. Navarra Sumak ez zion balio izan gobernuaren eta EH Bilduren arteko sintonia urratzeko eta arrakalak bilatzeko.
Funtzionaltasuna galduta, bere marka eta autonomia berreskuratu nahi izan zituenerako, berandu zen. Ondorioak 2022ko otsailean azaleratu ziren, lan erreformaren bozketan. Sanchismoaren aurkako diskurtsoak sustaturik, Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok ez zieten jaramon egin UPNko zuzendaritzaren aginduei, eta pikutara bota zuten sozialistengana gerturatzeko saiakera nagusia.
3.- Eraldaketa, azalekoa
Esparzaren agintaldian, aurpegi berriak azaleratu dira alderdi barruan; bai parlamentuko jardueran, bai udalgintzan. Horren erakusle dira orain Esparza ordezkatzeko hautagaien zerrendetan bolo-bolo dabiltzan izenak: Alejandro Toquero Tuterako alkatea eta Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohia —Ibarrolak jada eman du pausoa, eta ikusteko dago Toquerok ere gauza bera egiten duen edo besteren bat ausartzen den—.
Hori alde batera utzita, baina, Esparzaren garaian ezer gutxi aldatu da UPNren mezua. Oposizio irmoa egin du, eta EH Bilduren aurkako diskurtsoa erabili du Barkosen eta Txibiteren gobernuen aurka egiteko, baina apenas eraberritu duen proiektu politikoa. Sorrerako printzipio ideologikoez harago, ariketa zaila da 2024ko gizarteari begirako eskaintzan aldaketak sumatzea. Iñaki Iriarteren bitartez, aldaketa batzuk egiteko nahia sumatu da Esparzaren UPNn, baina ez du ausardiarik izan hori benetan gauzatzeko.
Horri loturik, estrategia nahasia du. Navarra Suma hautsita, eskuinaren eremuan lehia egiten die Voxi eta PPri, UPNren berezko diskurtsoa hauspotuz; bestetik, azaroaren 26an, alderdiaren egunean, Esparzak adierazi zuen PSNrengana edo Geroa Bairengana hurreratzeko premia zegoela, baina oso gutxitan eman du pausorik norabide horretan, eta Nafarroako egungo joera politikoa erraztu du UPNk: 2019tik, EH Bilduk pazientzia estrategikoa erakutsi du Txibiteren eta Sanchezen gobernuen inguruan, eta UPNk, berriz, aurka egin du tinko. Iruñeko zentsura mozioaren akordioa izan da horren emaitza nagusia.
4.- Hemendik aurrera, zer?
Agintaldi amaieran, hirugarrenez, Esparzak ez du lortu Nafarroako Gobernura iristea, eta udaletako botereari eustea bihurtu da haren ondare nagusia. Hala, Iruñeko zentsura mozioa kolpe larria izan da harentzat, mozio osteko erreakzioak agerian utzi duenez.
UPN da oraindik ere Nafarroako lehen alderdia, eta, haren gainbehera politikoa oraindik hauteskundeetan islatu ez bada ere, kezkatuta daude alderdi barruan. Autokritikarik ez da egin oraingoz, eta apirilaren 28ko kongresua erabakigarria izango da. Egun horri begirako planteamenduak eta eztabaidaren nondik norakoak erakutsiko dute nola ulertzen duen alderdiak erronka: proiektuaren eraldaketari erreparatuko ote dion, edo alderdiaren kontrola lortzeko borroka huts bihurtuko ote duen kongresua.