Ibarrola: «Ez nintzateke sekula alkate izango EH Bilduren botoekin; nahiago dut eskailerak garbitu»

UPNk eta PPk Alderdi Sozialistaren eta EH Bilduren aurka egiteko baliatu dituzte gaurko hitzaldiak, «traizioa» ahotan hartuta.

IBARROLA ETA ESPARZA
Ibarrola eta Esparza, udaletxetik ateratzean jendea agurtzen. JESUS DIGES / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2023ko abenduaren 28a
15:25
Entzun

Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohiak abenduaren 13tik izan duen tonu gogorrari eutsi dio zentsura mozioaren ostean egin duen agerraldian, eta agerian geratu da hitzaldia amaitzeko hau esan duenean: «Ez nintzateke sekula alkate izango EH Bilduren babesarekin; nahiago dut eskailerak garbitu». Esan du, era berean, «oilo ipurdia» jartzen diola Joseba Asiron bizikidetzaz hizketan entzuteak, eta Asiron goratuz kalean jendea entzuteak ere bai.

Zilegitasuna aitortu dio eratu berri den Iruñeko udal gobernuari, baina gehitu du ez duela «batere sinesgarritasunik, gezurra besterik ez baitute esan». Kritikatu egin du «Iruñeari traizioa egin dioten lau sozialistarengatik» aurrera egin izana mozioak. Osoko bilkuran hitza hartu duenean ere, banan-banan esan ditu haien izenak Ibarrolak, eta uste du Alderdi Sozialistarenak egin duela, Iruñean gaur zentsura mozioa babestu ostean.

Alderdi Sozialistaren aurka ere hitz gogorrak izan ditu. «Sanchezek bere presidente aulkia manten dezan egin da hau».

UPNk politika egiten segituko duela esan du: «Herritarrek behar dutela uste dugunaren alde bozkatuko dugu, baina batere sinesgarritasunik eman gabe eratu den gobernuari». Zer ildotan segitzeko asmoa duen ere aurreratu du: «Ez nuke inolako akordiorik egingo haiekin». Ekainaren 17an alkatetza hartu zuenetik ez da gai izan inolako akordiorik egiteko PP ez beste alderdiekin, baina Ibarrolak ukatu egin du «inposiziorik» egon dela edo elkarrizketarik ez dela izan beste alderdiekin.

Uste du «kalea irabazi» dutela, eta hauteskundeak baleude «babes handiagoa» izango luketela. Erronka ere bota dio Asironi: esan dio Iruñean galdeketa egiteko, ea nor nahi duten alkate.

Javier Esparza UPNko presidenteak Europako Batasunari dei egin dio; uste du Sanchez «arbuiatu» beharko lukeela. «Europako herrialdeetan ezin da egon presidente bat itunkide, akordio-kide eta goratze-kide duena halako alderdi bat, buru daukana nor-eta Arnaldo Otegi, terrorismoarengatik zigortutako pertsona bat». Uste du UPNkoa izateaz harro egoteko eguna dela.

Mugarri bat jartzen du zentsura mozioak, Esparzaren irudiko. Nafarroa ulertzeko bi modu daude: «EH Bildurena eta PSNrena, indarkeria eta gezurra ordezkatzen dituena; edo UPNrena, egia, bizikidetza eta errespetua ordezkatzen dituena». Amore emango ez dutela esanez amaitu du.

«PSOE, konstituziotik kanpo»

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak Sanchezi egotzi dio PSOE konstituziotik kanpo kokatzea, 2023a «EH Bildurekin topa eginez» amaituta. «Espainiak ez du alkatetza aurrerakoi bat irabazi, alkatetza erreakzionario bat baizik, eta estatuko alderdi bat galdu du».

Sanchezen aurka egiteko baliatu du Feijook Madrilen egin duen agerraldi bat. «Krisi etikoa» izatea egotzi dio. Iruñeko zentsura mozioari Sanchezen eta Otegiren arteko «itun kaputxaduna» deitu dio.

Carlos Garcia Adanero Iruñeko PPko zinegotziak «erabateko oposizioa» iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.