Izaskun Bilbao: «Emakume gisa egin dut beti aurrera, ez gizonen moldeekin eta balioekin»

EAJko europarlamentaria

Izaskun Bilbao
Joost Deroy
xabier martin
Estrasburgo
2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Hiru legegintzaldi oso, ia hamabost urte Europako Parlamentuan; Izaskun Bilbao Barandika EAJko europarlamentariak (Bermeo, Bizkaia, 1961)  agur esango dio politikari aste batzuk barru. Estrasburgoko legebiltzar erraldoiko korridoreetan, bulegoetan eta ganberetan arin doa aurrera, batzuk eta besteak agurtzen, eroso. Babel dorre horretan gutxi daude hark bezainbesteko eskarmentuarekin. Lau eguneko osoko bilkura luzeko tarte batean hartu du BERRIA.

Hamabost urte joan-etorrian, hegazkin eta trenen artean saltoka, eta beti jarduera politiko biziarekin... Barneratu al duzu bazoazela?

Pentsatzen duzunerako bizitza politikoa eta ardura amaitu direla, barneratuta daukazu datorrena. Unea iristean beste kontu bat izango da, noski, baina orain ez nago horri begira.

Lehen sektoreak eskuratu du arreta azken osoko bilkura honetan. Baserritarrei eta arrantzaleei erantzuten jakingo du Europako Parlamentuak?

Nekazariek eta arrantzaleek argi daukate klima aldaketa bat gertatzen ari dela, eta guztion artean egin behar diogula aurre horri. Gure lehen sektorea aitzindaria da hartutako neurrietan. Nork daki ingurumena zaintzen haiek baino hobeto? Horregatik da garrantzitsua helburuak sektorearekin batera ezartzea, ezar daitezkeenak ezartzeko, egingarriak direnak. Gainera, sektoreak berak dio bera dela kontrol handiena duena. Burokrazia hori guztia aldatu behar da. Eta, horrez gain, elikaduraren katean beste kokapen bat behar dute, ez delako posible ekoizpena neurri gogor horien pean egitea eta gero produktuak ez saltzea horren neurrira.

Banaketaren sektorean esku hartu behar du administrazioak?

Guk hori defendatu dugu: sektoreak beste posizio bat behar du katearen barruan. Esnearen arazoa oso adierazgarria da. Kostuen azpitik saldu dute, eta orain badakigu esnearen kartel bat egon dela.

Natura leheneratzeko araudiaren aurka eman duzu botoa. Zergatik?

Sektoreak esandakoari entzun diogulako. Helburuak oso handiak dira batzuentzat. Paperean kopuru batzuk jartzea ondo dago, eta esatea inor baino berdeagoa zarela ere bai, baina egingarria izan behar da jasotakoa, eta ez da hala. 

«Nork daki ingurumena zaintzen baserritarrek eta arrantzaleek baino hobeto? Helburuak sektorearekin batera ezarri behar dira, ezar daitezkeenak ezartzeko, egingarriak direnak»

2008tik krisiak bata bestearen atzetik harilkatu dira, eta eskuin muturra indarrez agertu da; nora doa Europa?

2009tik hiru krisi sakon bizi izan ditut hemen: lehena, Atzeraldi Handia; austeritate ziklo hori salatu genuen bere garaian. Bankuak erreskatatu ondoren, pertsonak erreskatatu behar zirela argi esan genuen. Gero, koronabirusaren pandemia iritsi zen. Lehenean, herritarrak Europako Batasunetik urrundu ziren, eta bigarrenean, berriz, hurbildu egin ziren, hartu beharreko neurriak hartu zirelako, txertoekin eta zorraren mutualizazioarekin. Orain, inflazioaren krisia bizi dugu, eta pertsona batzuk sufritzen ari dira. Beldurra zabaldu da, baina, datu hotzei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu inpaktu emozionala handiagoa dela zenbakiek esaten dutena baino. Beldurraren mezua laban baten antzera sartzen ari da gizartean, eskuin muturraren eskutik, eta horri benetako informazioa ematen egin behar diogu aurre.

Zein da benetako informazio hori?

Europako proiektua bake proiektu bat dela, eta munduan aitzindaria dela gure bizitzeko eta antolatzeko modua. Gure demokrazia inperfektua da sarritan, baina ez dago sistema hoberik.

IZASKUN BILBAO BARANDIKA
 
Ekaineko hauteskundeetan ez zara izango EAJko hautagaia. Alderdiak zeresana izan du erreleboan?

Nire alderdiko presidenteari zera esan nion: «Ez dakit zer duzuen buruan, baina, aldaketa bada, gauzak erraztuko dizkizuet, utzi egingo dut eta». Nirea izan da erabakia.

Eta, hala ere, EAJren lehendakarigaien kinielan sartu zintuzten...

Kazetariak zelebreak zarete batzuetan. Albiste horrek ez zuen inolako oinarririk.

1998an hasi zinen legebiltzarkide gisa Eusko Legebiltzarrean. 2005ean, Legebiltzarreko lehen emakume bihurtu zinen. Europako Parlamentuan parlamentari gutxik eramango dute zuk bezainbeste urte. Gizona izango bazina, bide hori guztia egin duzuna baino errazago egingo zenuen?

Afiliatu gabe hasi nintzen 80ko hamarkadan, EAJren banaketaren testuinguruan. Emakume gaztea, argala eta txikia nintzen, eta badakit zer eztabaida sortu zituen nire aldeko apustuak. Gaztea eta emakumea izateak balioa dauka orain. Nire belaunaldiko emakumeen artean, politikan, zorte handia izan dut beharbada. Baina berdintasunean egin dut ibilbide hori? Ez. Egunerokoan ohartzen zara horretaz, hainbat eta hainbat pasartetan, oztopotan. Baina aurrera egin dut beti emakume gisa, ez gizonen moldeekin eta balioekin. Emakumeak landu egin behar du autoritatea, eta gizonari eman egiten zaio.

«Behin, afari ofizial batera joan eta 'opiltxo' bati buruz aritu zen agintari bat niri erreparatuz. Barregarri geratzen ari denari barregarri geratzen uztea izan da beti nire erantzuna».

Inoiz izan duzu pasarte desatseginen bat zure sexuari lotuta?

Bai. Prentsa arduradunarekin batera joan ekitaldi batera, eta agintaria hura zela uste izan dute batzuetan, gizona delako. Behin, afari ofizial batera joan eta entzun behar izan nuena errepikatzea ez da erraza, baina «opiltxo» bati buruz aritu zen agintari bat etengabe niri erreparatuz. Barregarri geratzen ari denari barregarri geratzen uztea izan da beti nire erantzuna.

Urte askoan eskaera ugari egin eta lorpen batzuk bideratu dituzu. Zer gordetzen duzu buruan, eta zer bihotzean?

Buruan, logika jakin bat aldatzeko egindako lana. Lehen, Euskadiko enpresa asko etortzen zitzaizkigun Europako legeak betetzeko arazoak zituztelako. Ez, enpresa eta bestelako eragileentzat logikak izan behar du «ni ere Europa naiz, eta Europako legeak egiteko prozesuan hasieratik egon behar dut». Horri esker, proposamen, ideia eta kezka ugari sartu ditugu onartu diren lege askotan. Bestalde, aipatu nahiko nuke emozionalki oso gogoan dudala Hodei Egiluzen alde egindako lana, hura benetan gogorra izan baitzen familiarentzat.

Ematen du euskara ofiziala izan daitekeela Europako Batasunean. Zer diozu?

Orain ematen du lorpen hori Espainiako Gobernuari esker izango dela, baina hamabost urte daramatzagu lanean horren alde. Euskadik hizkuntza gutxitu bat berreskuratzeko egindako lan aitzindaria erakutsi dugu Europan, eta euskararen erabilera eskatu diegu presidente guztiei; ez dugu lortu, baina Europako Batasuneko hizkuntzen plataforman sartu dugu euskara, eta garrantzitsua da Erasmus programarako eta curriculumak egiteko, adibidez. Eta espero dut datorren legealdian euskara ofiziala izatea Europako erakundeetan.

Oihane Agirregoitiak hartuko du zure lekukoa, boto emaileen oniritzia lortzen badu. Ezagutzen al zenuen lehendik?

Bai. Oso hautagai ona da, eta zorte guztia opa diot, haren zortea Euskadirena ere izango baita.

Europako Parlamentua bihurtu da etxe bat edo antzeko zerbait zuretzat?

Lana eta lagunak ditut hemen. Ez bazaude ongi, edozer bihurtzen da toki hotza, baita etxean bazaude ere. Europarlamentarien artean gutxik izango dute nik izan dudan zortea: edozein eztabaida mahaigaineratzen denean, Euskadik badu hasiera-hasieratik eskaintzeko eredu bat edo lan ildo bat. Zenbait komisariok esan didate Euskadi altxor bat dela Europan. Euskadiren azken 30 urteetako ibilbidea ikusita, Europa osorentzat argia dagoela esan berri du komisario batek. Hori baino gauza politagorik ezin dut entzun.

Zer egingo duzu aurrerantzean?

Baditut buruan gauza batzuk, baina ez diet eman denbora nahikorik. Gauzatzen badira, jakingo dira.

Politikan jarraituko duzu?

Ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.