Ibarretxerena, hiru urteko prozesua

enekoitz esnaola
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutua 1979an jarri ostean, Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduaren 30ean onartu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itun politiko berria, Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxe zen garaian, 2001-2005eko legealdian. Hiru urte pasako prozesu bat izan zen, eta Madrilek azkar bota zuen atzera. Oraingo saioak urte eta erdi pasatxo darama, eta ez dakite, Eusko Legebiltzarrak onartuta ere, Espainiako Estatuak baleko joko lukeen.

Aurreko ahaleginean, 2001eko urriaren 25ean egin zuten estatutu berrirako lehendabiziko pausoa, 1979ko itunaren 22. urtemugan. Autogobernuari buruzko osoko bilkura monografikoa egin zuen orduan legebiltzarrak, Ibarretxeren ekimenez. EAJko, EAko eta EBko botoek ahalbidetuta —hiru alderdiak zeuden Jaurlaritzan—, 1979ko estatutua osorik eta «premiaz» garatzeko, eta han aldaketak hitzartzeko lantalde bat sortzea onartu zuen parlamentuak. «Autogobernua sakondu» nahi zuen Jaurlaritzak.

Azaroaren 29an eratu zuten Autogobernuari buruzko Batzorde Berezia. Abenduan beste bilera bat izan zen, eta lantaldeak 2002an izan zuen jarduera nagusia, urtarriletik uztailera hamasei bilkura eginda; besteak beste, orain bezala, adituen hitzaldiak entzuteko. Batzordeak osatutako txostena onartu zuten azkeneko batzarrean, gobernuko alderdien legebiltzarkideen botoekin.

Jaurlaritzak 2003ko urriaren 25ean onartu zuen estatutu politiko berriaren lege proiektua, eta legebiltzarraren esku utzi zuen egun hartan bertan. Juan Mari Atutxa Mahaiko presidentea «hunkituta» azaldu zen, aurreneko aldia baitzen Jaurlaritza osoa ekinbide bat erregistratzera joan zela parlamentura.

Urtebete pasan taldeek lege proiektua eztabaidatu ondoren, 2004ko abenduaren 30ean bozkatu zuten, baita onartu ere gehiengo osoz, EAJko, EAko eta EBko 36 botoez gain SAko beste hiru izan zirelako. Ibarretxek estatutua berritzeko proiektuari ekin zionetik hiru urte eta bi hilabetera heldu zen une hura. Baina berehala bukatu zen bidea: lehendakaria 2005eko otsailaren 1ean Espainiako Kongresura joan zen egitasmoa defenditzera, eta kontrako 313 boto, aldeko 29 eta bi abstentzio izan ziren. Akabo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.