Ibarretxe ospitaleratu dute, lehendakaritarako proposatua izan ostean

Hortzetako infekzioarekin zeraman astebete, eta botikek mina arindu ezinik, Alderdi Eguna amaituta joan zen erietxera

Garikoitz Goikoetxea.
2008ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Martxoko hauteskundeetan lehendakaritarako proposatu zuten egun berean ospitalean sartu behar izan zuen Juan Jose Ibarretxek. Hortzetan infekzioa duela azaldu du Lehendakaritzak, baina haren egoera ez dela larria. Gurutzetako ospitaleak adierazi du Ibarretxek «prozesu odontologiko akutua» duela. Gabriel Inclan Osasun sailburuaren esanetan, pare bat egunez egon beharko du lehendakariak erietxean. Hortaz, ostiralean EAJko Batzar Nazionalak egingo duen batzarrean izateko moduan izango da Ibarretxe. Orduan abiatuko da bozetarako hautagaiak aukeratzeko epea.

Lehendakaritzaren arabera, astebete zeraman lehendakariak hortzetako minez. Botikak eman zizkioten, eta iragarritako leku guztietara joatea erabaki zuen, tartean ostiralean Eusko Legebiltzarrean izandako politika orokorrari buruzko eztabaidara eta igandeko Alderdi Egunera. Igande gaualdean, ordea, Gurutzetako ospitalera joan behar izan zuen, ez baitzitzaion mina arindu.

Ospitalera baino lehen, Forondara (Araba) joan zen Ibarretxe, Euzko Alderdi Jeltzalearen Alderdi Egunera. Iñigo Urkullu alderdiko buruak han argitu zuen datorren martxoko hauteskundeetan lehendakarigai izateko Juan Jose Ibarretxe proposatuko diela zuzendaritzak alderdikideei. «EAJk herri honekin duen konpromisoa irudikatzen du Juan Jose Ibarretxek, krisi ekonomikoari aurre egiten daki eta euskal herritarren gehiengoa gure proiektura batzeko gai da».

Hala ere, oraindik ez dute Ibarretxe ofizialki lehendakarigai izendatu. Ostiraleko Batzar Nazionalaren ondoren hasita, zuzendaritzaren proposamenaren inguruan eztabaidan arituko dira herriz herriko batzarrak, abenduaren erdialdera bitartean. Dena dela, ziurtzat jotzen da batzar horiek Juan Jose Ibarretxeren hautagaitzaren alde egingo dutela.

Iragarpena txaloz hartu zuten Forondara gerturatu ziren lagunek. Ibarretxe bera ere gogotsu azaldu zen. «Nola ikusten nauzue? Indarrez beteta nago, ilusioz». Ordu batzuk geroago, ordea, Gurutzetako erietxera joan behar izan zuen.

Hauteskundeei begira, sozialisten eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen aurka egin zuen Iñigo Urkulluk. «Eusko Jaurlaritza etxekotu bat nahi dute, gobernu-sukurtsal bat, urrutiko kontrolagailua duena». Gainera, sozialistek PPren laguntza izango duten beldur da jeltzaleen burua, «Patxi Lopezen eta Antonio Basagoitiren arteko ezkontza» bidean delakoan baitago. Hala ere, Urkulluk uste du bere alderdia dela «herrialde honetako lehen erreferente politikoa», eta, hori horrela, PSE-EEk eta PPk ez dutela «nahi dutena lortuko».

ETAren eta ezker abertzalearen aurka ere aritu zen Urkullu. Erakunde armatuari eskatu zion «odolez eta mesianismoz blaitutako mende erdia» amaitzeko.Ezker abertzaleak jeltzaleak legez kanporatzeekin lotzen dituela- eta, Urkulluk argi utzi nahi izan zuen legez kanporatzeen eta eskubideak murriztearen aurka daudela. «Baina norbera bere ekintzen gatibu da, ezker abertzalea ETAren gatibu den bezalaxe». Bide beretik, Juan Jose Ibarretxek ezker abertzaleari eskatu zion ETAri desagertzeko eskatzeko. «Guk esaten diogu, baina ezker abertzalea da hori esan behar diona».

Alderdiaren batasunerako deia ere egin zuten EAJko buruak eta Jaurlaritzakoak. Urkulluren hitzetan, EAJren barneko tirabirak konpontzen ari dira, eta jeltzaleen «lehen balioa» da batasuna. «Guztiok osatzen dugu katea, guztiok gara alderdia». Ibarretxek ere batasunerako deia egin zien jarraitzaileei, «arrakasta politikoa lortzeko, identitatea defendatzeko, ongizaterako».

Urriaren 25eko ekimena

Herri galdeketaren defentsan ere aritu ziren Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu. Ibarretxeren esanetan, «kontsulta tresna bat da, eta lortuko dugu noizbait hori iristea. Anibalek esan zuen bezala, bide guztiak bilatuko ditugu, eta ez baditugu aurkitzen, asmatu egingo ditugu». Galdeketa debekatuta, euskal herritarrei «iritzia ematea ukatu» egin dietela salatu du lehendakariak. «Ez dut inoiz onartuko nire iritzia ematea galarazterik».

Euskal herritarrei autogobernua «ikustarazten» saiatuko direla adierazi zuen Urkulluk. Izan ere, EAJko buruak uste du autogobernua dela euskal herritarren garapena eta ongizatea lortzeko tresna. «Gure gizartearen, gure herriaren babesa eta inplikazioa baldin badauzkagu, ez da egongo gu gelditu ahal izango gaituen Zapaterorik edota Auzitegi Konstituzionalik».

Galdeketa debekatu izana salatzeko egingo duten ekitaldiaren berri ere eman zuen Urkulluk. EAEn herri galdeketa egitekoa zen egunean, urriaren 25ean, Gernika (Bizkaia) eta Gasteiz lotuko dituztela iragarri zuen. «Gure askatasunen sehaska eta Euskal Herriaren hiru laurdenen sinboloa lotuko ditugu». Alegia, Gernikako Juntetxea eta Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra. Dena dela, ez zuen zehazki iragarri zer-nolako ekitaldia izango den urriaren 25ekoa. Albiste agentzien arabera, giza kate bat egingo dute.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatu izana salatzeko EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek onartutako manifestua sinatzeko aukera izan zuten Forondan elkartu ziren jeltzaleek. EAJko zuzendaritzako kideek ere sinatu zuten agiria, eta 1.500 bat sinadura biltzeko itxaropena azaldu zuten.



Soslaia

Juan Jose Ibarretxe

Lehendakari «nekaezina»

Juan Jose Ibarretxe Markuartu (Laudio, 1957) 1998tik daEusko Jaurlaritzako lehendakari.Jose Antonio Ardanzaren lekukoa hartu zuen, hura hamahiru urtez Ajuria Eneko buru izan ondotik.Lehendakari izan arte,politikagintzan ibilbide oparoa zuen arabarrak:26 urterekin Laudioko alkate, 27rekin legebiltzarkide, 29rekin Arabako Biltzar Nagusietako presidente, eta 38rekin lehendakariorde. Begoña Arregirekin ezkonduta dago, eta bi alaba dituzte. Langile «zintzoa eta nekaezina» dela diote ezagutzen dutenek.

1999ko urtarrilean EAJren, EAren eta EHrekin botoekin hautatu zuten lehenengoz Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Ordutik beste bi aldiz aurkeztu du bere burua lehendakari izateko: 2001ean eta 2005ean. Orotara, hiru legegintzalditan izan daJaurlaritzako buru. 1998ko hauteskundeetan nagusitu zenean,ezker abertzalearen babesa izan zuen lehenbiziko lehendakaria izan zen, Euskal Herritarrok alderdiaren botoekin lortu baitzuenlehendakari izateko behar zuen babesa. 2001eko bozetan bere ibilbide politikoko garaipen handiena erdietsi zuen: EAJ-EA koalizioaren eskutik 600.000 boto izan zituen (33 eserleku). 2005eko bozetan uste baino emaitza apalagoak izanda, EBrekin hiruko gobernua osatu zuen.

2009ko hauteskundeetan berrizereaukeratuz gero, laugarren agintaldia izango luke Ibarretxek, eta Ardanzaren marka hautsiko luke horrenbestez. Edurne Begiristain





EAJk, EAk eta EBk ontzat jo dute Ibarretxeren hautagaitza

Ezker abertzalearen ustez, «iruzurra» errepikatu nahi du EAJk, «konfrontazio faltsua» irudikatuta
Erredakzioa Bilbo

Eusko Jaurlaritzan hirukoa osatzen duten alderdiak gustura azaldu dira EAJk lehendakaritzarako hautagai gisa Juan Jose Ibarretxe aurkeztu duelako. EAJko ordezkariez gain, EAko eta Ezker Batuko kideek ere goraipatu dute Ibarretxe. Ezker abertzaleak, PSE-EEk eta PPk, berriz, ez dute begi onez hartu hautagaitza.

Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren esanetan, «fidatzekoa» da Ibarretxe, eta «hori oinarrizkoa da akordioak lortzeko». «Hartutako konpromiso guztiak bete dituen lehendakaria izan da». Hurrengo legegintzaldian ere «lehendakari ona» izango den esperantza duela esan du.

Ibarretxeren hautagaitzak, gainera, EAJ eta EAren arteko koalizioari buruzko zalantzak argitze bidean jartzen dituela dio Azkarragak. EAk duela bi urte koalizioan ez joateko irizpidea onartu zuela gogoratu du, baina egoerak unean-unean aztertu behar direla zehaztu du. Hurrengo hauteskundeei begira, «abertzaletasun instituzionalarentzat egokiena zer den» aztertu behar dela dio. «Bi alderdietako bakoitzak pentsatu beharko du koalizioa egokia den, eta zertarako nahi den koalizioa».

Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusi eta Etxebizitza sailburuak ere laudorioak izan ditu Ibarretxerentzat. «Pertsona koherentea da, printzipio eta ibilbide argiak dituena. Akordioak lortzea posible da berarekin, badakizulako ez dizula jokaldi makurrik egingo».

Hortaz, EAJk «buru argiz» jokatu duela uste du Madrazok, hauteskundeei aurre egiteko duen «aktiborik onena» delako.

EAJ, ateak zabalik itunentzat

Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak esan duenez, hauteskundeak gehiengo osoz irabaztea da EAJren helburua. «Gure nahia bakarrik gobernatzea da, edo proprama koherentea egin eta nortasun aldetik bat egin dezakegun horiekin batera gobernatzea». Alderdia horretan buru- belarri jarria dagoela azaldu du. Helburua lortzeko hautagairik onena Ibarretxe dela esan du, eta alderdiaren zuzendaritzak atzo zortzi erabaki zuela, aho batez, proposamena.

Edozein modutan, gobernatu ahal izateko edozein akordiotarako aukera mahai gainean duela adierazi du. «Bizitza honetan ezin da ezer baztertu», esan du EAJk gobernua PSE-EErekin osatzeari buruz. «Errealitatea burugogorra da batzuetan, eta aritmetika parlamentarioak eman eta kenduko dio bakoitzari lekua. Orduan egin beharko dira kontuak».

Ibarretxe «konfrontazio faltsuaren hautagaia» dela uste du ezker abertzaleak. «Benetako errealitatea desitxuratzeko eta euskal gizartea erretorika abertzale faltsu baten pean manipulatzeko hautagaia» dela adierazi du prentsa ohar baten bidez .

Hauteskundeak irabazteko «otsoa datorren ideia» erabili nahi duela uste du, gainera. «Baina otsoa aspaldi dabil gure lurraldean lasai asko, EAJk otsoari erakutsi dion menpekotasun eta leialtasunaren ondorioz», ohartarazi du. Horren erakusle ditu, besteak beste, «salbuespen egoera iraunarazteko Ibarretxeren gobernuak erakutsi duen prestasuna», eta PSOEren «errepresio estrategiari leialtasun osoa» erakutsi izana. «Madrilek Euskadi zintzo eta morroia behar du, eta horretarako EAJrekin aski du, kontsultaren adarjotzearekin argi geratu den bezala», ondorioztatu du. Horregatik guztiagatik, ez EAJk eta ez Ibarretxek dagoeneko ez dutela «sinesgarritasunik» uste du ezker abertzaleak.

Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariaren iritziz, «iraganeko hautagaiaren aldeko apustua» egin du EAJk; «abertzaleen arteko batasunaren alde» egitekoa. PSE-EEk, aldiz, «aldaketa lasaia» ordezkatzen duela esan du, eta hauteskundeak irabaz ditzakeela. Beste alderdien babesik gabe gobernatzeko aukera baduela uste du, gainera. Edozein modutan, PSE-EEren nahia EAJrekin «ulertzea» dela esan du, eta gobernatzeko akordioak egin behar izatekotan, PSE-EEren programa izango dela adostasunerako ardatza.

Gogorrago aritu da Antonio Basagoiti PPko presidentea. Ibarretxe lehendakari izan ez dadin «ahal duen guztia» egingo duela esan du. Izan ere, «Euskadiren irudia zikintzen» ari da lehendakaria, haren ustez, eta «garapen ekonomikoan zein bake bidean aurrera egiteko oztopoa da». «Euskal herritar naizen aldetik, buruan independentzia besterik ez duen lehendakaria izateak kezkatu egiten nau».





EAJren eta EAren arteko koalizioari buruzko zalantzak argitze bidean jartzen ditu hautagaitzak»

joseba azkarraga
EAko idazkari nagusia eta Justizia sailburua
«Ahal dudan guztia egingo dut Ibarretxeez dadin berriz lehendakaria izan»

antonio basagoiti
EAEko PPko presidentea
«Madrilek Euskadi zintzo eta morroia behar du,eta, horretarako,EAJrekin aski du»

ezker abertzalea
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.