Ibarretxe eta Gemma Zabaleta ere alea jarriz

Lehendakari ohia, PSEko kidea eta Aoiz Gure Esku Dago-ren mahai inguru batean ariko dira, hilaren 29an

Mahai inguruaren kartela.
enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Euskal herritarren erabaki eskubidearen inguruan Gure Esku Dago dinamikak zabaltzeko ahaleginean jarraitzen du, eta hilaren 29an, Bilboko mahai inguru batean, sentsibilitate politiko desberdineko hiru lagun ezagun bilduko ditu: Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta EAJko kidea, Floren Aoiz Sortuko Iratzar fundazioko zuzendaria, eta Gemma Zabaleta PSE-EEko kide eta Jaurlaritzako sailburu ohia.

Erabakitzeko eskubidea: aldarrikapena eta egikaritzea izenpeko saioan ariko dira, 19:00etatik aurrera EHUren Bizkaia aretoan.

Ibarretxek (Laudio, Araba, 1957) duela ia hilabete ere hartu zuen parte erabaki eskubideari buruzko mahai inguru batean: Bilbon, martxoaren 28an, Bizkaiko Abokatuen Bazkunak antolatuta. Eskubideak Espainiako Konstituzioan zer leku duen izan zuten hizpide. Harekin batera izan ziren mahaian Elisenda Casanas Edinburgoko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionalaren Zentroko kidea, Irene Martin abokatu eta Kataluniako ANCko partaidea, eta Iñigo Urrutia EHUko Zuzenbideko doktorea.

Dena dela, 2009ko maiatzean Jaurlaritzako Lehendakaritza laga zuenetik, ez da halako agerraldietan agertu zalea izan. «Lehenkaritza utzi ondoren bizitza berrira moldatzeko zenbat denbora beharko nuen galdetu zidan kazetari batek. 'Gasteiztik Laudiora autoz joateko behar dena' erantzun nion, eta hala izan zen», zioen iazko martxoan, lehendakari ohi gisa aurreneko elkarrizketa eman zuenean. Azpeitian izan zen, Aho bizarrik gabe solasaldi zikloan, eta, besteak beste, erabaki eskubideaz mintzatu zen, alde. Orain dela hilabete bezala: «Munduan erabakitzeko eskubidearen aldeko haizea dabil», esan zuen; «erabili egiten da, eta ez eskatu. Eskubidea demokratikoa bada, lekua beharko luke Konstituzioan».

2012ko irailean El caso vasco.El desarrollo humano sostenibleliburua argitaratu zuen (Euskal kasua. Giza garapen iraunkorra), 2010eko doktore tesian oinarrituta. Aurkezpenean aldarrikatu zuen norbanakoen eskubideak ezin direla bereizi eskubide kolektiboetatik, elkarrekin doazela.

2013ko martxotik Agirre Lehendakaria Center ikerketarako zentroko burua da Ibarretxe. Harez gain, AEBetako Columbia eta George Mason unibertsitateak izan ziren lehen sustatzaileak, eta gero EHU gehitu zitzaien.

PSEkoa, eskubidearen alde

Gemma Zabaleta (Donostia, 1957) Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politikako sailburu ohiak BERRIAri azaldu dio erabaki eskubideari buruzko «ideia oso argi» daukala: alde dago. «Demokratikoa eta derrigorrezkoa da gizarteari galdetzea. Oso normala behar luke sistema demokratiko batean edozein gairi buruz galdetzea, independentziaz barne. Beraz, ideia denak defenditu al daitezke? Bai. Eta ideia denak gauzatu al daiteke? Bai, alde gehiengo zabal bat badago».

Ibarretxek 2005ean EAEko Estatutu Politiko Berriaz Espainiako Kongresuan ezezkoa jaso zuenetik «alde nabarmen bat» ikusten du orain Zabaletak, Kataluniako kasua mahai gainean dela. «Lehendabiziko aldiz Espainiako alderdi nagusi PSOE eta PP Konstituzioaren aldaketa egin behar dela planteatzen ari dira. PSOE ari da esaten estatu federala nahi duela. Aldaketa hori balego, estatu federaleko zati bateko gehiengo handi batek estatu barruan egon nahi duen ala ez galdetzeko eskatzen badu, kontsulta egin beharko litzateke, proiektuak gauzatzeko bermearekin».

PSEko kideak —gaur egun ez du kargurik— uste du oso garrantzitsua izaten ari dela Kataluniako gizarte mugimenduaren eragina. «Batetik, hura da Kataluniako prozesuaren oinarria. Eta, bestetik,hango gizarte zibilari esker zirrikitu bat zabaltzen ari da Espainiako Estatuan». Kasurako, Auzitegi Konstituzionalak berriki esan du erabaki eskubidea interpreta daitekeela .

Zabaleta 2002an PSEko idazkari nagusi izateko aurkeztu zen, eredu baskista planteatuz. %6ko babesa lortu zuen. 2006an Ahotsak emakumeen mugimenduaren sortzaileetakoa izan zen.

Floren Aoiz (Tafalla, Nafarroa, 1966) HBko bozeramailea eta Independentistak sareko eledunetakoa izana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.