Herri txikiak (II)

Ibarrangelu: komunitateari eutsi guran

Herri bizia eta dinamikoa da Ibarrangelu. Beste herri txiki batzuek faltan dituzten zenbait zerbitzu baditu; turismoak, ordea, presio handia egiten dio, eta horri izkin egiten ahalegintzen da.

Domingo Zuluaga euskaltzalearen irudia, Ibarrangelun. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Domingo Zuluaga euskaltzalearen irudia, Ibarrangelun. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
Ibarrangelu
2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Lozorroan dago Ibarrangelu (Bizkaia) abenduko eguzkiaren epeletan. Inor ez dabil kalean. Emakume bakarra dago, autobus geltokian zain, eta hura ere desagertu da Lekeitiotik Bilborako bidea egiten duen autobusa herritik igaro denean. Herriko bi tabernak, batzokia eta denda ere itxita daude. Udaletxeak eta San Andres elizak zedarritzen duten plazatxoan, Domingo Zuluaga euskaltzale ibarrangelutarraren estatuak zaintzen du herriko lasaitasuna.

Herri txikia da Ibarrangelu, baina ez Busturialdeko beste hainbat herri bezain txikia. Haren mugakide Elantxobe eta Ereño, esaterako, txikiagoak dira. Hamar kilometro daude Merru auzotik Laida hondartzaraino; baina eremu zabal horretan 700 herritar inguru baino ez dira bizi.

Horietatik gehienak Elexalde eta Ibinaga auzoek osatzen duten gunean bizi dira; horiez gain, beste hamazortzi auzo ditu Ibarrangeluk, txikiagoak eta biztanle gutxiagokoak. 1936ko gerra aurretik, herriak 1.400 biztanle inguru zituen, baina gerra osteko industrializazio eta immigrazio prozesuen ondorioz herritar asko galdu zituen, eta, esaterako, 1981ean ez ziren bostehunera iristen. Geroztik, biztanle kopurua apurka-apurka joan da handituz, egungo 700 biztanleetara iristeraino.

Beste herri txiki batzuekin alderatuta, zerbitzuz ondo horniturik dago Ibarrangelu. Osasun kontsultategia badu, udaletxeko beheko aldean, arta ematen duena astean hiru egunetan eta hitzordua aldez aurretik hartuta; botika ere badago, eta kutxazain automatikoa. Zerbitzu horiek guztiak Elexalde auzoan daude.

(ID_14521122) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-12-16, Ibarrangelu. Herria
Ibarrangeluko kultur etxea. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ondo-ondoan, Ibinaga auzoan, frontoia eta umeentzako jolastokia daude. Eta eraikin handi bat, «Albano Jauregi ikastetxea» idatzita daukan kartel batekin. Behiala, eskola izan zen eraikin hura, baina orain gurasoek Eako Natxitua auzoko eskolara eramaten dituzte seme-alabak, eta Ibarrangeluko ikastetxea izandakoa kultur etxe bilakatu dute.

Sorkunde Bilbao Lamikiz da kultur etxeko arduraduna; hilabete eta erdi baino ez darama lanbide horretan. Bera ez da Ibarrangelukoa, baina ama bai, Akorda auzokoa, eta, beraz, lotura estua du herriarekin: «Honen moduko herri txikietan, kultur etxea eta tabernak dira jendea elkartzeko gune nagusiak». Mota askotako ikastaro eta ekitaldiak antolatzen dituzte kultur etxean: pilates ariketak, gitarra edo panderoa jotzen ikasteko aukera, dantzak, umeentzako ingeles ikastaroak eta abar.

Kultur etxea da Ibarrangeluko herritarrak batzen dituen «itsasgarria», Jesus Maria Ziluaga alkatearen hitzetan. Urte asko daramatza alkatetzan; «larregi», hark dioenez, eta Armendu hautagaitza independenteko kidea da: «Herri txikien desafioa horixe da; komunitatea egitea, eta jendeari etortzeko edo geratzeko arrazoiak ematea. Hauek herri ederrak dira bizitzeko, eta alde askotatik luxua da hemen bizitzea, baina eguneroko bizimoduan gutxieneko batzuk eskaini behar dira».

Apurka-apurka, jendea agertu da kultur etxe ingurura. Gehienak guraso gazteak eta haien seme-alabak dira. Batzuek jolastokira jo dute, eta beste batzuk zuzenean sartu dira eraikinean. Gela handian barreiatuta dauden mahai txikietan, umeek marrazteari, partxisean jolasteari edo irakurtzeari ekin diote.

«Hauek herri ederrak dira bizitzeko, baina eguneroko bizimoduan gutxieneko batzuk eskaini behar dira»

JESUS MARIA ZILUAGAIbarrangeluko alkatea

Ondoko gelatxo batean, ile apaintzailea orrazkera atontzen ari zaio adineko andre bati. Ikastaroak, liburutegia eta kultur etxe batean ohikoak diren zerbitzuak eskaintzen ditu Ibarrangeluko kultur etxeak, baina hain ohikoak ez diren beste batzuk ere bai: esaterako, ile apaindegia eta podologoa. Ile apaintzailea bezeroaren etxera ere joaten da, hark ibiltzeko zailtasunak dituenean: «Zerbitzu horiek jende nagusiarentzat oso garrantzitsuak dira», azaldu du Ziluagak. «95 urteko herritar batek esaten zidan ezin zela makurtu atzoskolak mozteko; adinekoentzat, hori oinarrizko zerbitzua da».

Ugaitz Zalduegi duela hamar urte jarri zen Ibarrangelun bizitzen; lehenago, eskualdeko beste herri batzuetan egon zen, eta, azkenean, Ibarrangelu aukeratu zuen: «Txikitan hona etortzen ginen asteburuetan. Elantxobeko arraun taldean ere ibiltzen nintzen; ingurua gustuko nuen, eta, azkenean, hona etorri nintzen». Oso gogokoa du herriko bizimodua: «Hondartza daukat, mendia ere bai, eta hemen denetarik dago. Ez dut beste ezer behar». Hark ere uste du kultur etxeak «bizia» ematen diola herriari.

Baserria eta itsasoa

Asko aldatu da Ibarrangelu azken mendean. Antzina, nekazaritza eta itsasoa ziren jarduera nagusiak. Ziluaga: «Gure gurasoak marinelak eta baserritarrak ziren; gu hortik gatoz». Baserri guztietan zegoen behi bat edo bi, eta nork bere soroa lantzen zuen. «Ortuariek eta patariek diru gutxi ematen zuten; dirua gehiago etortzen zen itsasotik edo beste beharretatik, baina jarduera horrek lurraldea zaintzen zuen».

Orain, baserriko ekonomia hori galbidean dago, Ibarrangelun ez ezik, Urdaibai osoan ere bai. Herritar batzuk industrian aritzen dira, Zornotzan, baina, gehien-gehienek zerbitzuetan, funtzio publikoan, irakaskuntzan eta antzeko arloetan jarduten dute.

Ainhoa Zarragoikoetxea bermeotarra da, baina 11 urte daramatza Ibarrangelun bizitzen: «Ama elantxobetarra da, eta institutu garaian ahizpa eta biok askotan joaten ginen Elantxobera, aitaitarekin eta amamarekin egotera. Azkenean, hemen amaitu dut». Bera ere gustura dago Ibarrangelun: «Egunero joaten naiz Bermeora, beharrera, baina hemen oso pozik nago. Niri gustatzen zait trankil bizitzea, eta hemen oso trankil nago. Zerbait falta badugu, Gernikara joaten gara eta kito».

Ibarrangelutarrek badute elkartzeko joera, eta Txiri-Txiri euskara elkartea, Lorea dantza taldea, erretiratuen elkartea eta beste talde batzuk daude herrian. Baina beste herri txiki batzuek dituzten arazoetako batzuk ere badituzte. Garraiobideena da horietako bat. Markel Poblete Bilbon jaiotakoa da, baina hark ere Ibarrangelukoa du ama, eta jadanik hamar urte egin ditu herrian bizitzen: «Badago Mungiatik etortzen den autobus bat, hondartzetatik pasatzen dena, baina, gero, Ibarrangelutik Lekeitiora eta Bilbora doan bakarra bi orduan behin pasatzen da. Maiztasuna ez da behar bezalakoa, eta, auto barik, zailtasun handiak daude».

«Egunero joaten naiz Bermeora, beharrera, baina hemen oso pozik nago. Niri gustatzen zait trankil bizitzea, eta hemen oso trankil nago»

AINHOA ZARRAGOIKOETXEAIbarrangeluko herritarra

Herritar gehienak bat datoz horretan: ia egunero erabili behar dute autoa. Zerbitzu batzuk herritik kanpo dituzte; pediatra, adibidez. «Lehen, Arteagan genuen astearte eta ostegunetan, eta beste egun batzuetan Busturiara joan behar izaten genuen, baina orain Gernikan zentralizatu dute zerbitzua, eta hara joan behar dugu. Larritasunik egotekotan, Gurutzetara (Barakaldo) joan behar izaten dugu, baina pentsatzen dut hori Bizkaiko leku askotan gertatuko dela».

Alkateak dioenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoa dute zerbitzua lau autobus elektrikorekin indartzeko. Bestalde, udalak herri autobusa eta auzo taxia jartzen ditu, batez ere urrutien dauden auzoak erdigunearekin lotzeko. «Sakabanaketa handia dago; hemen, auzo bakoitza errepublika txiki bat da, eta beharrezkoa da zerbitzu hori ematea», esan du Ziluagak.

Turismoaren eragina

Turismoak ere pisu handia du Urdaibain, eta Ibarrangelu ez da salbuespena, are gehiago kontuan hartuta Laga eta Laida hondartza ezagunak udalerrian daudela. Ostatuak, landa turismoko etxeak eta etxebizitza turistikoak ugariak dira Ibarrangelun, eta udal kanpina ere badago.

Herritarrek diotenez, turismoak baditu abantailak, eta alde makurrak ere bai. Turismoaren eraginetako bat da udan askoz jende gehiago batzen dela. Zarragoikoetxea: «Udan lar beteta egoten da, baina tira; jendeak ere etorri beharko du, ezta? Gure eraikinean, neguan, lau gara, eta udan, berriz, zortzi. Hori igarri egiten da».

«Fiturren [turismo azokan] hondartzetako publizitate handia egin dute, Laga hainbat aldizkaritan atera da, eta National Geographic aldizkariak hondartzarik politenen artean sailkatu du», azaldu du Pobletek. «Azkenean turismo larregi etortzen da dauzkagun azpiegituretarako. Egia da udan hondartzetarako garraioa jartzen dutela eta hobeto moldatzen garela, baina jende larregi dago».

Ziluagaren ustez, desberdindu egin behar da herri barruan gertatzen dena eta hondartzetako egoera: «Udan bertoko jendea etortzen zaigu, lana kanpoan duena, Bilbon-eta etxea daukana, baina herriarekin lotura estua duena. Umeak ere asko etortzen dira; horrek poztasun handia ematen du. Denak dira ondo etorriak».

(ID_14521105) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-12-16, Ibarrangelu. Herria
Herritar bat, txakurrarekin paseoan, Ibarrangelun. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Mundakan, Bermeon eta eskualdeko herri nagusietan, udan biztanle kopurua izugarri handitzen da, eta horrek hainbat arazo ekartzen ditu, ur horniduran, esaterako. Ziluagak dioenez, herri txikietan ere nabaritzen dute hori, baina ez horrenbeste: «Elantxoben, esaterako, itsasoari lotutako beharra gain behera etorri da, ekonomia hori amaitu da, eta jendea asteburuetan joateak bizitasuna ematen dio herriari. Ikuspegi hori ez da galdu behar».

Beste kontu bat da Lagan eta Laidan gertatzen dena. Hondartzek lortu duten sonak erakarrita, jende asko inguratzen da, eta horrek arazoak sortzen ditu: «Batzuek bidean aparkatzen dute, herritarren etxeen aurrean, auzo bideak ixten dituzte... Jakina, guk ez dugu poliziarik edo garabirik horri erantzuteko. Lehen, furgoneta bat edo bi etortzen ziren, eta ez zen ezer pasatzen, baina denek ideia bera badaukate eta 80 furgoneta eta autokarabana etortzen badira, ez dago modurik». Udalak neurri batzuk hartu ditu: adibidez, errepide ondoan ibilbide bat egin du, han autoek aparkatzea galarazteko, eta udan zaindariak jartzen ditu hondartzetako sarreretan.

«Hondartzetako publizitate handia egin dute, eta, azkenean, turismo larregi etortzen da dauzkagun azpiegituretarako»

MARKEL POBLETEIbarrangeluko herritarra

Urdaibain Guggenheim museoaren beste egoitza bat eraikitzeko egitasmoak are gehiago larriagotu dezake turismoaren eragina. Ibarrangeluko etxeetako leiho eta balkoi ugaritan Urdaibai ez dago salgai leloa idatzita daukaten banderolak ageri dira. Ziluagak dioenez, herritarren artean mota askotako iritziak sortzen ditu auzi horrek, baina kontrakotasuna da nagusi: «Batez ere, gazteek ez dute gura. Nik esango nuke gazteen %85 kontra daudela; eskualde osoan, baina hemen ere bai». Alkatearen iritziz, garrantzitsua da «dena aukera bakar batera» ez jokatzea, eta industria eta lehen sektorea sustatzea eskualdean.

Turismoak dauzkan beste eraginetako bat da herrian sortzen duen «presio urbanistikoa». «Gaur egun ez dut uste hemen urte osorako etxe bat alokatzeko aukerarik dagoenik», Ziluagaren esanetan. «Gurean egon da herritik joan behar izan duenik etxea topatu ez duelako. Baina hori ere gure lana da: Plangintza Orokorra egitea, eskaintza bat egotea, eta abar».

Ziluagaren ustez, auzi honetan garrantzitsua da orekari eustea: «Jendea etortzeak esan nahi du horiei ere zerbitzu bat eman behar zaiela, erroldatuta ez egon arren. Baina ondo dago jendea kanpotik etortzea. Guk ez dugu hondartza guretzat nahi; jendeak badu eskubidea gure parajean dauden gauza ederrez disfrutatzeko, errespetuz betiere. Baina gauza eder horiek zaintzeko bitartekoak behar ditugu. Desoreka handia egoten da udal baten zerbitzuek jendearengan duten eraginaren eta udal horrek daukan finantzaketaren artean».

lehen arretaren defentsan

Aurtengo martxoan, Ibarrangelu eta Elantxobe albiste izan ziren lehen arretako medikuaren afera zela eta. Bi urte eta erdiz bi herriotan familia mediku izandakoa, Ruth Torre, Galdakao-Usansoloko osasun zentrora lekualdatzeko asmoa agertu zuen Osakidetzak, eta herritarrek sinadurak batzeari eta mobilizatzeari ekin zioten, Torre lanpostu horretan gera zedila eskatzeko. Herritarrek ziotenez, oso pozik zeuden Torrek erakutsitako «konpromiso eta gertutasunagatik», eta han geratzea nahi zuten. Elkarretaratzeak egin zituzten Ibarrangelun eta Elantxoben, eta jende andana batu zen, batez ere kontuan hartuta biak ala biak oso herri txikiak direla. 

Badirudi mobilizazioek fruituak eman zituztela; Torre Usansolora aldatu eta gutxira, bere lehengo lanpostura bidali zuten ostera ere, eta oraingoz han dago, Elantxobeko eta Ibarrangeluko herritarrei arta ematen. «Jendea ez da mugitzen tartean arrazoi garrantzitsu bat ez badago», esan du Ibarrangeluko alkateak. Haren iritziz, herritarrek Torreri dioten atxikimendua erakutsi zuten mobilizazio haiek, baina herri txikietako lehen arretaren defentsan ere egin zituzten: «Ederra da ikustea jendea herriko gauzen alde arduratzen dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.