Ekologistak Martxan-ek Ibaizabal tarte batean lehengoratzeko proiektu bat egin du

Egitasmoak errekaren 1,4 kilometroko tarte bat birnaturalizatzea du xede, Bilbon eta Arrigorriagan. Datozen egunetan aurkeztuko diete proposamena erakundeei: «Ezin dute trena galdu».

Ezkerretik, Erika Gonzalez, Santiago Martin Barajas eta Diego Ortuzar, proiektuaren aurkezpenean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ezkerretik, Erika Gonzalez, Santiago Martin Barajas eta Diego Ortuzar, proiektuaren aurkezpenean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko ekainaren 25a
16:45
Entzun

Ekologistak Martxan elkarteak proposamen bat egin du, Ibaizabal errekaren zati bat lehengoratzeko, 1,4 kilometroko tarte batean, Bilbon eta Arrigorriagan (Bizkaia). Egitasmoan zenbait ekinbide proposatzen dira: inguruko zaborra garbitzea, kanpoko landareak kentzea, hormigoizko eta porlanezko zenbait egitura eraistea, eta zuhaitzak landatzea, besteak beste. Proiektuak 674.000 euroko aurrekontua du, eta erakundeei aurkeztuko diete datozen egunetan.

Espainiako Ekologistak Martxan konfederazioak denbora darama Espainiaren administraziopeko lurraldeetan errekak birnaturalizatzeko egitasmoak aurkezten. «Ibaietakoa ekosistemarik kaltetuenetako bat da», esan du konfederazioko koordinatzaile Erika Gonzalezek. «Hainbat eraso pairatu dituzte: industriaren jarduera, lindanoaren eta bestelako produktu toxikoen isurtzea, erreketako ubideen aldatzea, eta, zenbait kasutan, errekaren desagertzea larregizko ustiaketaren ondorioz». Horregatik ekin diote egitasmo zehatzak proposatzeari errekak birnaturalizatzeko.

Orain arte, 22 proposamen egin dituzte: horietako bi Euskal Herrian, eta Euskal Herriko Ekologistak Martxan taldearekin elkarlanean garatu dituzte. Lehenengoa da Barakaldoko Agirtza ibaiari dagokiona (Bizkaia); horretarako, diru laguntza publikoak bilatu eta Barakaldoko Udalarekin hitz egin ostean, proiektua onartu egin zuten, eta uda honetan ekingo diete lanei. Bigarren proiektua da orain aurkeztu dutena, Ibaizabal errekakoa, eta ez dute baztertzen aurrerago proiektu gehiago proposatzea: ekologistek azaldu dutenez, Asuan (Erandio, Bizkaia) Lamiakoko padura berreskuratzeko aukera aztertu nahi dute, eta Gipuzkoan ere horrelako egitasmoren bat aurkeztu nahi dute.

«Egitasmo honen onura sozialak gehiago izango lirateke ingurumenari dagozkionak baino. Erreka osasuntsuek eragina dute bizi kalitatean»

 SANTIAGO MARTIN BARAJASEgitasmoaren koordinatzailea

Santiago Martin Barajas izan da Ibaizabalgo egitasmoaren koordinatzailea. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak diru poltsa bat sortu du, 195 milioi eurokoa, errekak lehengoratzeko: «Gainera, oso baldintza onetan eskaintzen dute laguntza hori: dirua udalei ematen diete zuzenean, lanaren kostuaren %95 beren gain hartzen dute, eta, egitasmoa onartu ostean, diruaren %60 aurreratzen dute». Iragarri duenez, laster Espainiako Gobernuak beste 40 milioi ere emango ditu horretarako: «Beraz, Bilboko Udalak, nahi izanez gero, badu hor aukera polit bat egitasmoa aurrera ateratzeko».

Ekologistak Martxan taldeko Diego Ortuzarrek azaldu ditu Ibaizabalgo egitasmoaren nondik norakoak. Esan duenez, ibaiaren ibilgua «oso aldatuta» dago, eta haren egoera biologikoa «oso larria» da. Horri aurre egiteko, 1,4 kilometroko tarte bat birnaturalizatzea proposatzen dute, Atxuri eta Abusu auzoen artean. Bi izan dira zati hori aukeratzeko arrazoiak: alde batetik, ibaiak itsasadarrarekin bat egin aurreko zatia da; beraz, han marearen eragina ez da nabaritzen, eta horrek asko errazten ditu lanak; bigarren arrazoia da tarte horretan ibaia oraindik ez dela sartzen Bilboko erdigunean: «Lanak askoz zailagoak lirateke hirigunean egin behar izanez gero». Egitasmoaren zatirik handiena Bilboko udalerriko lurretan dago, eta zati txiki bat, Arrigorriagan.

Jarduera ugari

Egitasmoan zenbait jarduera aurreikusi dituzte: ibaiaren inguruko zaborra garbitzea, ibilguan dauden kanpoko landareak kentzea; hormigoizko eta porlanezko zenbait egitura eraitsi eta beste batzuk zulatzea; horma berdeak ezartzea, hau da, hormigoizko hormak belarrez eta landare igokariz estaltzea; hormak margotu eta garbitzea, eta abar. Zenbait gunetan zuhaitzak landatzea proposatu dute: batez ere, lizarra, haltza eta haritza, baina leku batzuetan astigar arrunta, sahatsa, zuhandorra eta elorri zuria ere landatzea proposatu dute. Horrez gain, animaliak hazteko eta babesteko guneak ere jarri nahi dituzte.

Aurrekontua 674.000 eurokoa da. Horma berdeak jartzea (360.000 euro) eta egiturak eraitsi eta zulatzea (180.000 euro) da garestiena. Txostenaren egileek kalkulatu dute behin betiko aurrekontua milioi bat eurokoa izan daitekeela, BEZa eta lanak egingo dituzten enpresen irabaziak kontuan hartuta, baina gogorarazi dute horren zatirik handiena Espainiako Gobernuak hartuko lukeela bere gain: «Erakundeek ezin dute trena galdu».

«Ibaien inguruak herritarren gozamenerako guneak izan daitezen nahi dugu. Beroaren kontrako babes lana ere egin dezakete»

ERIKA GONZALEZEspainiako Ekologistak Martxan

Martin Barajasen arabera, inbertsio horrek onura handiak izango lituzke: «Uraren kalitatea hobetuko litzateke; uholdeen arriskua txikituko litzateke, uraren abiadura mantsotuko litzatekeelako; eta abar. Baina, nire ustez, onura sozialak gehiago izango lirateke ingurumenari dagozkionak baino. Erreka osasuntsuak edukitzeak eragina du bizi kalitatean». Antzeko zerbait esan du Gonzalezek: «Ibaien inguruak herritarren gozamenerako guneak izan daitezen nahi dugu. Gainera, klima larrialdi garaiotan, beroaren kontrako babes lana ere egin dezakete».

Ekologistek kalkulatu dute Ibaizabalgo zati hori leheneratzeko lanek urtebete inguru iraun dezaketela: «Kontu hauetan, lanari ekin aurreko tramiteak izaten dira konplikatuenak», esan du Martin Barajasek. Lanak amaituta, onurak «laster» sumatuko lirateke, Ekologistak Martxan taldeko Javier Vazquezen esanetan: «Naturak oso azkar leheneratzen ditu galdutako lekuak, horretarako aukera emanez gero».

Datozen egunetan, egitasmoan interesatuta egon daitezkeen erakunde guztiei aurkeztuko diete proposamena: Bilboko eta Arrigorriagako udalei, Bizkaiko Foru Aldundiari, Uraren Euskal Agentziari eta Eusko Jaurlaritzari. Gainera, Bilboko eta Arrigorriagako udaletan oposizioan dauden alderdiei, herri horietako auzo elkarteei eta gainerako eragileei ere emango diete proposamenaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.