Iazkoa baino %3,9 apalagoa izanen da EEPren aurtengo aurrekontua

Euskalgintzako elkarteen diru laguntzei eutsi eginen diete.Herriekiko eta herri elkargoekiko partaidetzak apalduko dira.Eragileak kexu dira

Jaitsiera handiagoa izan zitekeela ohartarazi du Maitia lehendakariak. GAIZKA IROZ.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) iaz baino 132.882 euro gutxiago izanen ditu aurtengo aurrekontuan, hau da, %3,9ko apaltzea jasanen du. Hainbat arrazoi eman dituzte beherakada azaltzeko. Errate baterako, iazko aurrekonturako erabili zen diru erreserba aurten jada ez dagoela, eta, bertzalde, erakunde batzuek ez dutela eskaturiko igoera onartu, errate baterako, Frantziako Gobernuak eta Akitaniak. Frantxua Maitia EEPko lehendakariak, dena den, ohartarazi du okerragoa ere izan zitekeela. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak eta herrien arteko sindikatuak emandako diru kopuruek gora egin dute, eta horri esker ez da espero bezain handia izan aurrekontuaren apaltzea. Beherakadak, gainera, ez die zuzenean eraginen euskalgintzako eragileei. Hain zuzen, iaz bezala 1,6 milioi euro banatuko dira euskararen alorrean lan egiten duten elkarte guzien artean. Herriko etxe eta herri elkargoetako partaidetzei eraginen die bereziki apaltzeak. Aurrekontu orokorra 3.250.845 eurokoa izanen da.

Euskalgintza kexu agertu da beherakadarekin. Izan ere, Garapen Kontseiluarekin batera iazko apirilean egindako diagnosiarekin ez dator bat aurrekontuaren apaltzea. Hain zuzen, ohartarazi dute euskara memento «estrategikoan» dagoela, eta hizkuntz politika indartu beharra dagoela.

Lurralde kontratua

Heldu den urteetarako hitzartuko den lurralde kontratuak eragin zuzena izanen du EEPri eta, oro har, Ipar Euskal Herriko hizkuntz politikari emandako diru laguntzetan. Maitiak azaldu duenez, apirilean dira biltzekoak Hautetsien Kontseiluarekin batera hura negoziatzeko. Lehenago ere eginen dituzte zenbait bilera, ordea. Ortziral honetan, erraterako, Alain Rousset Akitaniako lehendakariarekin bilduko dira. Euskalgintzaren ustez, gutxienez gaur egungoaren bikoitza izan beharko litzateke hizkuntz politikarako diru zama. «Ausardia» galdegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.