Iaz baino berrehun bat ikasle gutxiago matrikulatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan

Pedrosa sailburuak eman ditu datuak, eta adierazi du jaitsiera «uste baino txikiagoa» izan dela, bostehun izen emate gutxiago espero baitzituen Jaurlaritzak.

Begola Pedrosa Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Begoña Pedrosa Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko otsailaren 17a
11:00
Entzun

Behera egin du matrikulazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan. Otsailaren 14an amaitu zen 2025-2026ko ikasturterako izena emateko epea, eta, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratian emaniko datuen arabera, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan iaz matrikulatu zirenek baino berrehun gutxiagok eman dute izena. Matrikula kopuruaren jaitsierak, ordea, ez du ezustean harrapatu Jaurlaritza. Are: uste zuten kopurua are apalagoa izanen zela, Pedrosaren arabera: «Bostehun bat izen emate gutxiago espero genituen». Hala ere, Pedrosak adierazi du datuok «behin-behinekoak» direla, eta martxoan izanen dituztela behin betikoak.

Martxoan ere, segregazioari aurre egiteko neurrien balantzea eginen du Hezkuntza Sailak. Duela bi urte hasi ziren segregazioaren aurkako neurriak ezartzen, eta datorren hilabetean neurtuko dute eraginkorrak izan diren ala ez. Edonola ere, sailburuak iragarri du segregazioaren aurkako bidea urratzen segitzeko asmoa duela Jaurlaritzak, eta neurri gehiago ezarri asmo dutela. Hain zuzen, segregazioari aurre egiteko gakoetako bat «matrikula bizian» eragitea dela azaldu du Pedrosak Euskadi Irratiko elkarrizketan. Izena emateko epea bukatuta eta ikasturtea hasita egiten diren eskolatzeek osatzen dute matrikula bizia deritzona, eta, Hezkuntza sailburuaren arabera, «esponentzialki igotzen» ari da matrikula mota hori urtez urte.

Azaldu du, halaber, etorkin familietako ikasle kopurua nabarmen handitu zela 2020tik 2023ra bitartean, eta horrek lotura duela matrikula biziarekin ere: «Ikusten ari gara matrikula bizian aplikatzen ditugun neurriekin datorrela inpaktu handiena. Gauza bat dira sarbidean aplikatzen ditugun neurriak, baina aintzat hartu behar da matrikula biziak modu esponentzialean igo direla». Auziari irmo heltzeko asmoa agertu du Pedrosak, baita konponbideak hezkuntza komunitatearekin adostekoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.