Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 281 gorroto gertakariren berri izan zuen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Delituen %64k arrazoi arrazista edo xenofoboak izan zituzten oinarrian, eta eraso gehienak fisikoak izan ziren. Unescorekin eta EHUrekin lankidetzan egindako txostena argitaratu dute gaur, eta iazko datuak bildu dituzte hartan.
Segurtasun Sailak zortzi urte daramatza gorroto delituak erregistratzen. Adierazi dute azken hiru urteetan nabarmen egin dutela gora: 2019an 105 gorroto delitu erregistratu zituzten; 2020an, 241; 2021ean, 277; eta 2022an, 435. Iaz, ordea, nabarmen egin zuten behera, %35, eta kopurua 2021. urtean atzeman zirenen antzekoa da. Dena dela, Ertzaintzak onartu du gorroto delitu «asko» gertatzen direla oraindik ere.
Arrazakeriagatik edo xenofobiagatik egin dira gorroto delituen bi heren (180 kasu), eta gora egin dute azken urtean; arabiar eta latinoamerikar jatorriko herritarrek jasan dute eraso gehien. Bigarren arrazoi nagusia sexu orientazioa eta sexu identitatea izan dira, nahiz eta kasu horiek arrazismoarekin lotutakoak baino nabarmen gutxiago izan (45 kasu). Hirugarren arrazoia ideologia edo orientazio politikoa izan da: hari lotutako 22 delitu jaso ziren, orotara.
Izan dira arrazoi gehiago ere gorroto delituen atzean: generoa, desgaitasunen bat izatea, adina, aporofobia eta antisemitismoa. Hori bai, kategoria guztietan apaldu da delitu kopuru absolutua 2022ko datuekin alderatuz.
Zehaztu dute gorroto gertakariak ez daudela beti erasoa jasaten duenaren ezaugarri bakar batekin lotuta: hemeretzi kasutan, gorroto ekintzak bi arrazoi izan zituen, eta horietatik bederatzitan uztartu ziren arrazakeria eta sexu orientazioa, esaterako.
Kasuen ia erdiak Bizkaian gertatu ziren, 136; Gipuzkoan 112 izan ziren; eta Araban, 33. 2022ko datuak eta iazkoak antzekoak dira, baina txostenean nabarmendu dute Bizkaian apur bat behera egin dutela kasuek eta, Gipuzkoan, aldiz, gora.
Hiriburuetan eta hiri handietan zenbatu dituzte eraso gehien: Bilbon 41 eraso egin ziren, baina behera egin dute 2022ko datuekin alderatuta; Donostian 37 egin ziren, 2022an baino hamazazpi gehiago; eta, Gasteizen, 25. Irun (Gipuzkoa), Barakaldo eta Sestao (Bizkaia) dira zerrendan hurrenak: aipatu dutenez, biztanle asko izateagatik eta joan-etorrian jende asko ibiltzeagatik da hori.
Halaber, Segurtasun Sailak txostenean adierazi du balitekeela prestakuntza hobetu delako eta informazioa zentralizatu delako detektatu izana kasu gehiago.
Eraso fisikoak izan dira asko
Gorroto delituen artean, eraso fisikoak izan ziren nagusi, asteburuan eta iluntze aldera egindakoak. 101 kasutan biktima zauritu egin zuten, 76 kasutan mehatxatu, 46 kasutan gorroto diskurtsoa erabili zuten hari eraso egiteko —halakoek %35 egin dute gora 2022. urteko datuekin alderatuta—, 41 kasutan behartu zuten egin nahi ez zuen zerbait egitera, eta 22tan umiliatu zuten. Nabarmendu dute eraso horien artean hiru sexu eraso eta homizidio saiakera bat (burutu gabeko delitua) ere izan zirela.
Azaldu dute lesio delituak oso maiz izaten direla erasoaren arrazoia sexu orientazioa eta sexu identitatea direnean; mehatxuak eta gorroto diskurtsoak gehiago izaten dira arrazakeria kasuetan.
Gorroto delitu gehienak leku publikoetan gertatu baziren ere, zehaztu dute biktimaren etxetik hurbil izan zirela asko. Horrek arazo psikologikoak eragin ditzakeela ohartarazi dute, bai biktimarentzat, baita familiarentzat ere.
Erasotzaile izatea leporatu dietenen artean, 176 ziren euskal herritarrak, eta 89 atzerritarrak. Sexuari dagokionez, ia %74 izan ziren gizonezkoak, eta nagusi izan ziren delitu mota guztietan. Halaber, 18 urtetik beherako inputatuak lehen halako hiru dira: 78ri egotzi diete delituren bat; inoizko gehien da hori.