Topagune sozialista

IAk eta GKSk ehunka gazte elkartu dituzte Topagune Sozialistan

«Debekuen» gainetik egitasmoa aurrera atera izana nabarmendu dute antolatzaileek. Atarrabian manifestazio bat egingo dute bihar eguerdian.

jarraia233923.jpg
Iosu Alberdi.
2023ko urriaren 13a
22:58
Entzun

Ehunka gaztek bat egin dute Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek antolatutako Gazte Topagune Sozialistarekin. Burlatan (Nafarroa) ekin diote egitasmoari, eta larunbatean amaituko dute, Atarrabian (Nafarroa). «EH Bilduk jarritako debekuen gainetik aurrera egin, eta Topagune Sozialista gure kabuz antolatu dugu», adierazi zuten atzo antolatzaileek.

Gazte andana bildu zen Burlatako gaztetxe inguruan bazkalosterako, eta hala hasiera eman topaguneari. Gazteek arratsaldean ekin zieten lehen ekintzei, hitzaldi sorta batekin. Hiru gunetan banatuta —Burlatako plaza, Atarrabiakoa eta udalerri artako Atargi ikastetxea—, hizpide izan zituzten gazte eta ikasle langileek «sozialismoaren eraikuntzarako» bidean dituzten erronkak, militantzia komunistaren nolakotasuna eta egungo «koiuntura historikoa eta Mugimendu Sozialistaren erronkak», ziklo politikoa aldatzekoa ari den garaiotan.

Iluntzean, berriz, palestinarrei elkartasuna adieraztearekin batera, manifestazio bat egin zuten herrigunean, Topagune Sozialistari debekurik ez! Gazte langileon aurkako jazarpenari aurre egin! lelopean. Hala, oro har gazteek jasaten duten jazarpena eta, zehazki, topagunea antolatzeko zailtasunak salatu zituzten. Izan ere, GKSk eta IAk urriaren 11tik 16ra bitarteko egitarau bat aurkeztu zuten uztailean, baina ez zuten Atarrabiako eta Burlatako udalen baimenik jaso horretarako.

GKSk eta IAk azaldu zuten udalen «ahozko baimena» zutela horretarako, eta EH Bilduri eta Sorturi egotzi zieten topagunea «debekatu» eta herritarrak «mugimendu sozialistako kideen aurka» jarri nahi izatea. Kontrara, Atarrabiako Udalak argudiatu zuen bizilagunekin adostua duela urtean jaialdi bakarra egitea (Hatortxu Rock), eta bi eragileek euren baimenik gabe aurkeztu zutela topagunea. Hori ikusita, GKSk eta IAk egitasmoa Atarrabian eta Burlatan egiteko asmoari eutsi diote, baina egitarau berri batekin. Urriaren 3an aurkeztu zuten, herritarren «egunerokotasuna ez oztopatzeko» konpromisoa azalduz eta egitarauaren «izaera politikoa» nabarmenduz. Haien esanetan, Gazte Topagune Sozialista ez da «festarako makrojaialdi» bat, gazteek «kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat» baizik.

Izan ere, Topagune Sozialistaren lehen aurkezpena egitean, uztailean, IAk eta GKSk adierazi zuten Gazte Topagune Sozialistaren helburua dela «sozialismoaren kultura politikoa jasotzea, sakontzea eta hedatzea». Hori ezinbestekotzat jo zuten gazte langileak «alternatiba sozialista indartsu eta eguneratu baten zutabe» bilakatzeko.

Gazteria langilea

Gaur eguerdian, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen! lelopean mobilizatuko dira GKS eta IA, Atarrabian. Bazkariaren txanda izango da ondoren, eta Totem aretoan antolatutako kontzertu saioarekin amaituko dute egitaraua, 17:00etan. Atzo, Iruinyard Sound eta Z-erua & L'kano taldeak arduratu ziren Burlatan musika sortzeaz, eta, gaur arratsaldean, Toc, Merina Gris, Haustura showcase, Elio Toffana, Ill Pekeño & Ergo Pro eta Raimundo el Canastero taldeen txanda izango da. Horiek ikusteko sarrerak jada bukatuta daude.

Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek antolatzen dituzten egitasmoen artean, topagunea da nagusia, eta aurtengoa hirugarrengoa izango da. Aurreko bi aldietan, Altsasun (Nafarroa) eta Durangon (Bizkaia) elkartu ziren parte hartzaileak; 2021ean eta 2022an, hurrenez hurren. Lehena bost egunekoa izan zen, eta bigarrena, laukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.