IA Ikasle Abertzaleak taldeak salatu duenez, indarkeria matxistako kasuei dagokienez, «aspaldiko ikasturte okerrena» izaten ari da 2024-2025ekoa: «Azken astebetean, gutxienez sei irakasle erasotzaileren kasuak atera dira argitara Euskal Herrian». Horren harira, prentsaurrekoa egin dute Gasteizen, eta, ikasleak erasoen aurka antolatzen jarraitzera ez ezik, martxoaren 13ko ikasle greban parte hartzera ere deitu dituzte. Irmo mintzatu dira: «Ez dugu beste eraso matxistarik onartuko, eta irakasle erasotzaile guztiak hezkuntzatik berehala kanporatzea exijitzen dugu».
Haien esanetan, testuinguru oso baten emaitza da. Diotenez, ideia eta jarrera matxistak normalizatzen ari dira, eta hezkuntza ere bide horixe hartzen ari da: «Azken hilabeteetan, matxismoaren presentzia nabarmen areagotu da ikasgeletan, baina aste bakar batean sei irakasle erasotzaile? Urgentziazkoa da egoera larri hori amaitzea!». Bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte kasuak: EHUko Letren Fakultateko irakasle batek ikasgelan «iruzkin, jarrera eta eraso matxistak» egin izana urte luzez; Nafarroako Kontserbatorioko hiru irakasle salatu zituzten —orain, beste bat ere salatu dute—, «ikasleak sexualizatzen zituztelako, ukituak egiten zizkietelako, eskolaz kanpo hurbiltzen zitzaizkielako eta jarrera matxistak zituztelako»; eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle bati indarkeria matxistaren aurkako protokoloa zabaldu diote. Gainera, lau irakasleren aurka ere egin dute, bakoitza ikastetxe batekoa: Iruñeko Eunatekoa, Burlatako Askatasunakoa (Iruñea), Irungo Txingudikoa eta Beasaingo Txindokikoa (Gipuzkoa). Ikasturtea hasi berritan izandako beste kasu bat ere aipatu dute: Bilboko Urretxindorra ikastolakoa.
Bereziki nabarmendu dute erasotzaileen eta erasoa jasandakoen artean botere harremana egon ohi dela, ikasleak «egoera zaurgarrian» egoten direla eta irakasleak egoera horretaz baliatzen direla, «inpunitate osoz erasoak egiteko». Eta arduradunen jarrera salatu dute: «Gogor salatzekoa da kasu horietan guztietan zentroetako zuzendaritzek, dekanotzek, hezkuntza ordezkaritzek eta Hezkuntza Sailak izandako arduragabekeria. Izan ere, irakasleek egindako erasoez jakitun izanda ere, erasoak ezkutatzen eta erasoen aurka antolatutako erantzunak isilarazten saiatu dira».
Erasoei erantzun
Hala eta guztiz ere, IAk nabarmendu du tokian-tokian erasoei erantzun dietela eta indarkeria matxistaren aurkako «mezu irmoa» igorri dutela, «erasoa jasandakoei babesa adieraztearekin batera». Gainera: «Ikasleon antolakuntzaren eta mobilizazioen bidez irakasle erasotzaileak kanporatzea lortu dugu Letren Fakultatean eta Eunaten». Horregatik guztiagatik, mezu bat helarazi diete ikasle guztiei: «Aski da! Ezin dugu egoera hau normalizatzen utzi! Eta normalizatzen ez uzteko aukera nagusia ikasleok horren aurka borroka egitea da». Uste dute grebak eta mobilizazioak antolatzea behar-beharrezkoa dela, «matxismoaren aurkako kontzientzia hedatzeko eta irakasle erasotzaile guztiak hezkuntzatik kanporatzeko». IAk martxoaren 13rako deitu ditu ikasleak grebara.