Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dute odol osagaien erreserbak ohiko mugetatik behera daudela —Gabonen ostean ohikoa izaten da—. Horregatik, odola emateko eskatu diete herritarrei. Gaineratu dute neguan izaten dela birus eta arnas infekzioen goraldirik handiena eta, beraz, orain behar dela odol gehien. Ia odol mota guztietan behar dituzte erreserbak.
Laura Biritxinaga Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Gaixotasun Infekziosoen Laborategiko arduraduna da. Oroitu du odola ematea dela egunero Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako berrehun pertsona inguru tratatzeko funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko «modu bakarra».
Lehendik odola eman dutenak zein lehen aldiz eman dezaketenak animatu dituzte. Are, gaineratu dute dozenaka pertsonari laguntzen zaiela odola ematen den bakoitzean, odola hainbat osagaitan banatzen delako, eta osagai bakoitza behar mediko ezberdinetarako erabiltzen delako: tratamendu onkologikoetan, ebakuntza kirurgikoetan eta larrialdietan, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaietan.
Osasun arduradunek gogorarazi dute baldintza batzuk bete behar direla odola emateko: 18 eta 65 urte bitarteko adina izan behar da, osasun onean egon behar da, eta 50 kilogramo baino gehiago pisatu behar dira. Odola eman ahal izateko, webgune honetan eta Euskadiko Odol Emaileen sare sozialetan (@donantesangreuskadi) eskuratu daiteke informazioa gune finkoei, unitate ibiltariei eta ordutegiei buruz. Etengabe eguneratzen dituzte.
30.000 onuradun
Iaz 46.844 pertsonak eman zuten odola Osakidetzak jarritako gure finko edo ibiltariren batean, eta, denek batera, 79.032 odol emate egin zituzten. Bada, arduradunek txalotu egin dute hori, odol horrek 30.000 pertsonarengan izan baitu eragina, «bizitza salbatu» dielako edo «osasuna hobetzen» lagundu dielako.
Globulu gorrien 70.225 kontzentratu, 11.211 plaketa dosi eta 23.664 litro plasma lortu ziren. Horietatik 22.096 botikak egiteko erabili ziren.
Odol emaile gehienek modu erregularrean eman dute odola —urtean bitan edo gehiagotan—, baina nabarmendu nahi izan dute 6.567 emaile berri gehiago izan zirela iaz.