Ia euskararik gabe eskolan

D ereduan ikasita ez da beti menderatzen euskara, baina A eta B ereduetan ikasi duten asko, bereziki, euskara gutxi dakitela irten dira eskolatik hamarraldiotan; gerora ikasi dute askok.

MAIZPIDE BARNETEGIA
Ikasleak Maizpide barnetegian, Lazkaon. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea tarteko, hizkuntza ereduen gaineko gogoetak eta iritzi trukeak hedabideen lehen lerroetan egon dira asteotan. Legea ontzen hasi aurretik hitzartu zuten akordioan, euskara ardatz izango zuen eredu eleaniztun baten aldeko hautua egin zuten Eusko Legebiltzarreko talde politiko gehienek; ematen zuen bazegoela adostasun bat ordura arteko eskema gainditzeko, baina lege proiektua fintzeko garaian, udazken honetan, PSE-EEk eta EAJk bat egin dute legearen zioen azalpenean zuzenketa bat sartzeko, eta, zehazki aldaketa horren bidez, jarri dute hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dutela. Kritikak ozenak izan dira, eta gaiaren gaineko adostasuna apurtzea ere ekarri dute, baina aldaketa bere horretan dagoela onartu dute legearen azken bertsioa PSE-EEk eta jeltzaleek.

Hizkuntza ereduena ez da hizkuntzen trataeraren harira lege berriak ekarri duen kexa motibo bakarra: horrez gainera, gaztelania eta ingelesa ere irakats hizkuntza direla esaten den heinean, susmoa dago euskararen presentzia ahuldu egin daitekeela eskolen hizkuntza proiektuetan. Baina aparteko kezken iturria, bereziki, hizkuntza ereduak izan dira. Izan ere, D eredua da euskaraz diharduena, eta haren aldean euskara gutxi ematen dute A eta B ereduek; euskara ikasgai soila da A ereduan, eta ikasgai zenbait besterik ez da euskaraz B ereduan. Ez dira egun familien artean hautatuenak, bazterrean geratu dira, baina legean jasota jarraituko dutela jakite hutsak arduratu egin ditu eragile asko.

Izan ere, pertsona baten euskalduntzean aldagai askok dute eragina, eta eskoletako hizkuntza ereduei bakarrik ezin zaie erreparatu, baina oso zaila da eredu horietan euskara gaitasun ona lortzea. Iragan hamarraldietan, hain justu, ikasle asko atera dira eskolatik euskara maila oso apalarekin. A eta B ereduetan ikasi dute askok, eta usu, ondoren, bide luzea eta nekeza egin behar izan dute euskalduntzeko. Haien lekukotasunak garrantzitsuak dira egungo errealitate soziolinguistikoa ulertzeko.

Asier Arroita: «Ez dakit astean bi euskara ordu
izaten ziren»

Ortuellakoa da (Bizkaia). 48 urte ditu. «Eta B ereduan ikasi nuen». Asier Arroitari buruzko hiru datuok dira garrantzitsuak euskalduntzeko egin behar izan zuen bidea ulertzeko. «Nahiko B eredu kaskarra zen», gogora ekarri du: «Gorputz hezkuntza eta euskara bakarrik ematen genituen euskaraz: gainerako guztia, gaztelaniaz». 1978an hasi zen eskolan, 1983an ezarri ziren ofizialki ereduak, eta orduan ikastetxeetan egin ziren birmoldaketetan sartu zen berez elebiduna behar lukeen eredu horretan, garai hartako OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean. «Ez dakit astean bi euskara ordu izaten ziren, eta gorputz hezkuntza beste ordubete edo», oroitu du. «Guztira euskaraz zer egingo genituen: hiru edo lau ordu astean? Gainerako guztia gaztelaniaz, familian ere bai, eta lagunartean. Ortuella, gainera, nahiko inguru erdalduna izanda, aukera gutxi nituen. Eskolaz kanpoko jarduera guztiak ere, guzti-guztiak, erdara hutsean ziren».

Nerabe zela egin zuen urratsa, derrigorrezko ikasketak amaitutakoan; garai hartako BBB Balioanizdun Batxilergo Bateratua hastera zihoan, eta D eredua eskaintzen zuten ordurako ondoko herrian, Gallartan, eta ikasketak euskaraz egiten hastea erabaki zuen. «Erabaki pertsonala izan zen». Prestatu egin behar izan zuen: «Uda hartan AEKn izena eman nuen, eskolak bukatu eta hurrengo egunean bertan. Ikastaro trinko bat egin nuen, barnetegian ere ibili nintzen, hurrengo ikasturtean zetorkidanari aurre egiteko prestatzen». Lehen urtean, hala ere, oso gogorra egin zitzaion eskola denak behar bezala jarraitzea. «Kolpe handia hartu nuen. Asko kostata eta ozta-ozta gainditu nuen lehenengo maila».

Bitartean, etenik gabe, euskaltegira joaten jarraitu zuen. «Eta hiru urtean prozesua osatu nuen». UBI Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtean hasi zenerako, euskaldunduta zegoen: «Gaur arte». Euskalgintzaren inguruan ardaztu du, gainera, hein handi batean bere bizitza. Baina esfortzu handia izan zen. «Justu nire 15, 16, 17 eta 18 urteetan, ikasketez gainera, egunero bi ordu egin behar nituen euskaltegian. Ondo oroitzen dut: 15:00etatik 17:00ak arte. Eta, hala ere, ikastaro trinkoak, barnetegiak eta halakoak egin behar izan nituen. Azken batean, denbora pila bat ikasten, eta esfortzu ekonomikoa ere nahiko handia. Eta dena ikasketa prozesu horrek ez zuelako bermatzen euskalduntzea, ezta urrunetik ere».

Arantzazu Jindriska Perez Fernandez: «Guretzat, ingelesa bezala zen euskara, aparteko beste
hizkuntza bat»

Pixka bat gazteagoa da Arantzazu Jindriska Perez Fernandez: 1987an sortua da, Barakaldokoa (Bizkaia). «Kristau Eskolan ikasi nuen, A ereduan, Barakaldon». Ingurune guztiz erdaldun batean. «Garai hartako Barakaldon ez nuen inoiz entzun euskara», azaldu du. «Dena zen gaztelaniaz, baita familiarekin ere». Eskolan ikasgai bat zen euskara, beste bat: «Ingelesa bezala. Ez dut zehazki gogoratzen zenbatetan izaten zen. Agian astean hirutan? Baina guretzat, ingelesa bezala zen euskara: beste hizkuntza bat, aparteko beste hizkuntza bat. Oso tristea da esatea, baina halaxe zen».

Gerora egin behar izan du euskalduntzeko prozesua, heldutan. «Eta oso polita izan da». Baina oinarri apalenetik hasi beharrekoa: «Hutsetik hasi nintzen, A1 mailatik. Eta pixkanaka-pixkanaka maiteminduz joan naiz euskararekin. Gakoa nire irakasleak izan dira, nire AEK-ko irakasleak». Oroimenean iltzatua du lehen-lehen kontaktua: «Egin nuen probatxo bat, eta konturatu nintzen: ‘Ai ama, zer maila baxua dudan eskolatik’. Eta pena ematen dit». Badira bost-sei urte prozesua hasi zuela. Eta oraindik bete-betean ari da, helmugaz helmuga. Gainditu berria du B2 maila idazmenean.

Josu Garcia: «Hobeto moldatzen nintzen ingelesez,
euskaraz baino»

1980an jaioa da Iosu Garcia, Gasteizen. A ereduko ikastetxe batean egin zituen ikasketak umetan. «Euskara ikasgai nuen». Ikasgai hutsa zen harentzat ere. Ingurua ere erdalduna zuen, eta horra emaitza, unibertsitatean hasi aurreko gaztearen egoera: «UBI Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea amaitzean, euskararekin nuen harremana hau zen: 'Ideiarik ez'».

Euskara gutxi ikasteaz gain, ikasketa prozesuan ez zuten aurrera egiten, Garciak kontatu duenez; katigatuta sentitzen ziren eskola haietan. «Beti ariketa berdinak» egiten jarduten zuten irudipena zuen garai hartan, eta egun, euskara irakasle jardunda, hizkuntza bat ondo irakasteko bideak zein diren ikasita, uste hori bera du. Horiek horrela, unibertsitate aurreko aro horretan euskaraz maila oso apala zuen: «Hobeto moldatzen nintzen ingelesez, euskaraz baino».

Gogoratu du Lazkaon (Gipuzkoa) eman ziola lehen bultzada handia euskarari, heldutan, Maizpideko barnetegian. Hainbat urteko prozesuan, euskara menderatzea lortu du azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.