Ia alderdi guzien sostengua izanagatik, mobilizatzen segitzera deitu dute irrati libreek

Ipar Euskal Herriko 12 elkarte irrati «lehen aldikoz» elkarturik agertu dira, Frantziako Gobernuak duen FSER funtsaren murriztearen kontra. Asanblea Nazionalean eta Kultur Ministerioan urrats baikorrak izanik ere, bidea oraino luzea dela diote.

Elkarte irratien agerraldia
Lehen lerroan, Gilles Xuri, Jojo Bidart, Ttitto Betbeder eta Olatz Idoate, gaur, Uztaritzeko elkarte irratien agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 25a
16:30
Entzun

Ipar Euskal Herriko hamabi elkarte irrati baturik mintzatu dira «lehen aldikoz», Frantziako Gobernuak Finantza lege egitasmoan aurkeztu duen irrati libreen funtseko murrizketa dela eta. Michel Barnier Frantziako lehen ministroak aurkeztu xedearekin duten «kezka agerrarazi» dute gaur irrati hauek Uztaritzen (Lapurdi): Radio Mendililia, Radio Bonne Humeur, Radio Bonnes Nouvelles, Lapurdi Irratia, Radio Star, Mediabask Radio, Euskal Irratiak, Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza, Antxeta Irratia eta Surf FM. Murrizketa horrek, betetzen balitz, «zuzenki arriskuan ezarriko ditu gure lurraldean bizi demokratiko, kultural eta sozialean lehen mailako rola jokatzen duten irratiak», erran dute aho batez.

Jojo Bidart mintzatu da Euskal Irratien izenean. Haientzat ere «sekulako kolpea» litzatekeela adierazi du. Euskal Irratiek 28 langile eta 250 bat laguntzaile dituzte gaur egun. Murrizketa gauzatuz gero, 130.000 euroko galtzea lukete Euskal Irratiek, eta bost lanpostu galduko lituzkete. Euskararentzat ere kolpea litzatekeela erran du Bidartek: «Baitezpadako lana egiten dugu egunerokoan euskararen erabilpenerako. Horretarako ere ezagutuak gara, eta horretarako ditugu EEPtik laguntzak».

Radio Mendililia nagusiki frantsesez hedatzen duen Maule-Lextarreko irratiko Gilles Xurik ere hitza hartu du. Ipar Euskal Herriko zenbaki orokorragoak eman ditu. Elkarte irratiek 38 langile dituzte lurraldean eta 425 bat boluntario. Zuberoaz mintzatu da bereziki, oroitaraziz uhinen bidez bertan entzun daitezkeenak hiru irrati direla: Xiberoko Botza, Mendililia eta France Bleu. «Tokiko irratiak ezabatzen badituzte, bakarra baratuko da». Informazioaren aniztasunari begira arazo bat sortuko lukeela gehitu du.

Horrez gain, barnealdean, baserri aldean irrati libreek eraman lana baitezpadakoa dela erran du Xurik. «Entzuleek erakusten digute deitzen gaituztelarik lotura soziala bermatzen dugula. Lotura hori funtsezkoa da». Xurik gehitu du ez Internetek, ez sare sozialek ez dutela ordezkatzen lan hori. «Sare sozialak adin mailaka bereiziak dira. Belaunaldi guztiak biltzen diren gunea, tokiko irrrationa da».

49.3 ezpataren mehatxua

Azken bi aste hauetan, irratien aldeko sukaldeko lana eramaten aritu den Ttitto Betbederrek parte hartu du agerraldian. SNRL, irrati libreen sindikatuko zuzendaria da, baita Euskal Irratietako administraria ere. Frantziako diputatu eta senatari andana ikusi du, banan-banan. Rachida Dati Kultura ministroarekin egin zuten bilkuran ere parte hartu zuen. Gauzak zertan diren esplikatu du.

Asteazkenean, Frantziako Asanblea Nazionaleko Kultura Batzordean kasik alderdi politiko guziek elkarte irratien aldeko zuzenketak aurkeztu dituztela zehaztu du. Kasik denek bozkatu dute FSER funtsa 12 milioi euroz berriz emendatzea. Hainbesteko sostengu zabala «biziki baikorra» dela erran du eta irrati libreen ordezkariekin lanean aritu diren parlamentariak eskertu ditu.

Bizkitartean, bidea oraino luzea dela esplikatu du. Frantziako Gobernuak konstituzioko 49.3 artikulua «edozein momentutan» erabili dezake, orain, Finantza legea bozkarik gabe indarrez pasarazteko. Hasierako testua pasaraziko balu, horrela irratiek bortizki pairatuko lukete ezpata kolpea. Testua doi bat moldaturik ere jin daiteke 49.3-ren erabilpena, baina hor inork ez daki zer gerta daitekeen. «Diputatuek diote segur direla gobernuak 49.3 erabiliko duela».

Duda horiek izanik ere, irratiek hastetik eraman «mobilizazio biziki eder» horrekin segitu behar dela dio. 49.3-rik ez balitz, bide luzea lukete asteazkenean onartu zuzenketak. Lehenik, Asanblea Nazionaleko osoko saioa. Eztabaida berriz ere, eta bozka berria. Han iraganik, Senatura jonen litzateke testua. Han ere batzorde eta osoko saioak gainditu behar lituzke. Halaber, Asanblea Nazionalera itzultzen balitz eta 49.3-rik gertatu gabe, egutegiak «abenduaren 20ra» ekarriko luke azken erabakia. «Ez da irabazia, eta segitu behar dugu mobilizatzen», errepikatu du Betbederrek.

Barnierren Errepublikanoen alderdi berekoa da Rachida Dati Kultura ministroa, eta elkarte irratiei erran die «dena eginen duela aterabide bat atzemateko parlamentuko bidetik». Ezkerretik eskuinera doazen politikarien sostengu horiek etorkizunari begira baikorrak izanik ere, arriskua beti hor dela dio Betbederrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.