Ia 500 preso gutxiago, baina gaixo gehiago

Handituz doa eritasun larria eta sendaezina dutenen kopurua: 2008an, 765 presoetatik bederatzi ziren, eta, gaur egun, 275etik 21

Jaiki Hadi medikuen elkarteko kideak, atzo, Hernanin emandako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Hernani
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Jaiki Hadi mediku elkarteak emandako datuok esanguratsuak dira: gaur egun 21 dira gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak (BERRIAren arabera, 275 preso daude), eta 2008an—orduan sortu zen elkartea—, kartzelan ia 500 euskal preso gehiago egon arren (765, Jaiki Hadik dioenez), bederatzi. Proportzioan, asko igo da kopurua. «Ikaratzeko moduko datuak dira», esan dute Jaiki Hadi-ko eledun Fernando Arburuak eta Matti Iturraldek, atzo Hernanin (Gipuzkoa) kide batzuekin emandako prentsaurrekoan. Elkarteak dio eragina daukatela espetxealdi luzeek, presoen adina handitzeak eta politikek. Zerrenda «edozein unetan» handitu daiteke. Preso eri guztiek «lehenbailehen» eta «baldintzarik gabe» kalean egon behar dutela exijitu dute.

Jaiki Hadi-k beste preso bat gehitu du gaitz larri eta sendaezinak dituztenen zerrendara: Gurutz Maiza. Patologia larriak ditu, eta adin nagusikoa da. Harez gain, zerrenda publikora pasatu ditu lehen anonimatuan zeuden bi, haiek eskatuta: Kepa Arronategi eta Joseba Erostegi. Orain arte Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Mikel Otegi, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Garikoitz Arruarte, Josetxo Arizkuren, Joseba Borde, Mikel Arrieta eta Ibon Fernandez Iradi ziren zerrenda publikoan zeudenak. Beste sei euskal preso, anonimatuan daude. Iaz, gaixotasun sendaezinak dituzten bi preso kaleratu zituen Espainiako Estatuak, baina ez eritasun arrazoiengatik, zigorrak osorik bete zituztelako baizik: Manu Azkarate eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak esan izan du «zorroztasun» handiagoa beharko litzatekeela zerrenda egitean. Jaiki Hadi-k nabarmendu du bere zerrendak «funtsa» izan ohi duela, medikuen txosten «objektiboetan» oinarrituak egoten direlako, eta gogoratu du duela urte eta erdi arte preso erien zerrenda anonimoan zegoen bat joan den asteburuan hil dela, gaixotasunagatik: Juan Mari Maiezkurrena —zigorra etenda, 2017ko ekainean askatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, biriketako minbizia zuela eta—. Arburuak azaldu du Lozarena «aitzakia hutsa» dela pausoak ez emateko.

Jaiki Hadi espetxeetako medikuen txostenetan oinarritzen da lehenik. Kasu bakoitza aztertu ondoren, osatu egin ohi ditu, eta kartzeletako arduradunei itzultzen dizkie. Beraz, gobernu ordezkariek badakite zein den preso eri bakoitzaren egoera, elkartearen esanetan. «Bereziki kezkatzekoak» dira, haren arabera, gaixotasun psikiko larriak dituzten kasuak, minbiziaren fase larrietan daudenak, endekapenezko gaixotasun larriak dituztenak eta bihotzeko gaitz arriskutsuak dauzkatenak —ez du kopururik eman—.

Iturraldek garbi esan du: espetxea ez da tokia gaixotasuna tratatzeko. «Ez da bateragarria gaitz sendaezina duen preso bat kartzelan egotea, ezin duelako duintasunez egin bizimodua. Kartzela eta kartzelaldia heriotza arriskuko gune bilakatu dira».

Moncloan PSOE denetik, larri gaixorik diren hiru euskal preso gerturatu dituzte Euskal Herrira—Arronategi Zuerara (Aragoi), Codo Logroñora (Errioxa) eta Fraile Duesora (Kantabria)—. Ordea, hurbilketa ez da nahikoa, Jaiki Hadi-ren ustez. Berriro exijitu du baldintzarik gabe aske behar dutela, baina, hori ez dagoen artean, Euskal Herriratzea dela neurririk onena, «familiatik gertueneko kartzelan egoteko eta konfiantzako medikuak izateko». Estatuko erkidegoetan Katalunian eta EAEn osasun publikoko medikuen esku dago espetxeetako osasun arloa, eta Jaiki Hadi-k deritzo euskal preso erien tratamendurako garrantzitsua litzatekeela hori. «Gobernuak egoera hori saihestu egin nahi du, ordea».

Arburuak eta Iturraldek salatu dute estatuek «erabilera politikoa» egiten dutela preso eriekin ere. «Ezin da onartu, presoon bizia jokoan baitago». Hala, Jaiki Hadi-k zuhurtziaz hartu du Espainiako Gobernuak 3/2017 agindua indargabetu izana. Ongi deritzo bi hilabeteko bizi itxaropena kentzea, baina agindu berria gauzatzean «txalotuko» du neurri berria. «Preso hauek kaleratzea espero dugu guk».

Iturgaitz, kaleratzearen alde

Carlos Iturgaitz PPko eurodiputatuak ETB1eko elkarrizketa batean esan du Eduardo Zaplana PPrenministro ohi eta preso eriaren «egoera berean» dauden presoek «arrazoi humanitarioengatik dudarik gabe aske» egon behar dutela; «preso guztiek», erantsi du, «ETAkoez» galdetzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.