I-ENER-ek eguzki parke bat eraiki nahi du Senperen

Bil ta Garbi sindikatuaren eskupeko Zaluaga gunean eraikiko lukete. Baiona, Urruña, Maule eta Behaskane-Laphizketan ere antzeko proiektuak egin nahiko lituzkete.

Senpereko Zaluaga gunea, eguzki parkea eraiki nahi duten tokia. I-ENER
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko maiatzaren 3a
16:33
Entzun

Eguzki parke bat eraikitzeko baimena eskatu du I-ENER energia berriztagarrien ekoizleak Senperen (Lapurdi). Senpereko Zaluaga gunean egingo lukete 3 hektareako hedadurako proiektua, arriskurik gabeko hondakinak lurperatzeko instalazio ohiaren gainean. Bil Ta Garbi sindikatuaren eskupeko gunea da Zaluaga, eta proiektua begi onez ikusten du, «beste edozertarako erabilgarria ez den lurra baliatzen» baitu.

Parke berri honek urtean 2,3 GWh ekoiztuko ditu, hau da, 500 etxek erabiltzen duten energia. Izan ere, gaur-gaurkoz Ipar Euskal Herrian kontsumitua den elektrizitatearen %94 ez da bertan ekoizten, I-ENER, Enargiaren eta Bil Ta Garbiren helburua «elektrizitate produkzioa birlokalizatzea» da, «energia berriztagarrien modeloa %100ean garatuz». Bide horretan, beste lau eraikitzeko baimenak eskatuko dituzte aurten: Baiona, Urruña (Lapurdi), Maule (Zuberoa) eta Behaskanen (Nafarroa Beherea).

Orain arte, eraikin publikoen teilatuetan jarri izan ditu instalazio fotovoltaikoak I-ENER sozietateak. Ipar Euskal Herriko lurreko lehen eguzki parkea izango litzateke Senperekoa. Azpimarratu nahi izan dute Zaluagako lurra ez dela eraikigarria. «Gunearen itxieraren ondotik 30 urtez artifizializatua dela dio legeak, eta Zaluaga biziki aktibo da oraingoz; beraz, ez dugu espero eraikigarria bilakatuko denik luzarako», adierazi zuen Nicolas Seguin Bil Ta Garbiko kideak.

2024 amaieran eraikitzen hastea espero dute. Finantzaketa «oraindik muntatzen» ari direla adierazi zuen Patxi Bergara I-ENER-eko buruak. Baina, printzipioz, herritarren diru emateekin diruztatuko lukete proiektua, Bil Ta Garbiri ere zuzenean proiektuan ekonomikoki ere parte hartzeko proposamena egingo diote, eta, mailegu baten bidez osatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.