Maddi Altuna Galfarsoro. 'Bulkada berrien garaia da'-ko kidea

«Hutsa litzateke gaur landu eta biharko balio ez duen memoria»

Gazte independentisten aurkako azken 40 urteetako jazarpena aztertuko dute Ernaik eta Aitzinak 'Lehen pertsonan eta pluralean' mintegian. Altunak, iraganari bainoago, geroari begiratzeko beharraz ohartarazi du.

BERRIA.
Maider Galardi
Donostia
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ezker Abertzaleko gazte mugimendua sortu zela 40 urte beteko dira 2019an, eta, urteotako bizipenak jasotzeko, Bulkada berrien garaia da dinamika jarri dute martxan Ernaik eta Aitzinak. Ohartu dira lau berrogei urteotan eragin handia izan duela errepresioak, eta, hain justu, hori landuko dute bihartik ostegunera antolatutako Lehen pertsonan eta pluralean jardunaldietan. Maddi Altuna Galfarsoro aritu da koordinazio lanetan (1992, Zumaia, Gipuzkoa).

Bulkada berrien garaia da dinamikaren barruan antolatu duzue memoriaren astea. Zertarako?

Dinamika osoa izan da memoria ariketa handi bat eta belaunaldi diferenteen arteko elkarrizketa erraldoi bat. 40 urteetako borrokaz hitz egiten ari dira hainbat herritan, eta mahai gainean jarri dituzte iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruko eztabaidak. Gogoeta horietan ezinbestean dute lekua errepresioak eta jazarpen politikoak. Ikusi dugu horrek sekulako eragina izan duela 40 urteko ibilbidean, eta ezinbestean heldu diogu gaiari. Helburua da lehen pertsonan eta pluralean kontatzea, eta baita ulertzea ere Espainiako Estatuak disidentzien kontra eta gazte independentisten aurka erabiltzen duen jazarpen politikoa.

«Bizi izandakoak, eta oraindik bizi ditugunak», esan duzu. Eten bat egon da errepresioak izandako eraginaren transmisioan?

Memoriaren denboren kontua oso garrantzitsua da. Esperientzia bat bizi izan zutenentzat hori mugarri zentrala izan daiteke beren bizitzan, baina badaude iraganeko esperientzia hori propio bizi izan ez dutenak. Hor badago desoreka bat zuzeneko esperientzia bizi izan ez dutenekin, badirudi beste kategoria batean daudela. Horiek jaso dutena da beste belaunaldi batzuk kontatu dietena edo kontatu ez dietena. Hala ere, guk uste dugu garai batean bizitako errepresio horrek baduela eragina gaur egungo gazteen esperientzietan. Memoriak bata besteari lotzen zaizkio; hargatik, garrantzia ematen diogu 40 urte hauetako historiari, baina baita egungo gazteriaren bizipenei ere.

Zeuen burua «subjektu aktibo gisa» jarri nahi duzue. Horrek esan nahi du gazte mugimendu independentistak oraindik kriminalizatuta segitzen duela?

Estatuak, oro har, beldurra eta kontrol hori erabiltzen ditu, are gehiago disidentzia politikoaren aurka. Batzuetan, betetzen ditu mehatxu horiek, eta, beste batzuetan, ez, baita intentsitatez handituz eta txikituz ere. Ikusi dugu sarekada mediatikoak oso agerikoak direla, eta kolektiboki dutela eragina. Aldiz, errepresioa askoz indibidualagoa da orain: mozal legea dela, isunak direla... Halere, hor badago jazarpena. Horrek ez du esan nahi guk geuk beldur hori hauspotu nahi dugunik. Aitzitik, horren berri eman, eta kolektiboki landu nahi dugu, aurre egiteko estrategiak sortzeko.

Gaurko belaunaldietako gazteek ere jasan dute errepresioa, hortaz? Horren adibide al dira Altsasukoen eta Julen Ibarrolaren espetxeratzeak eta Aitzinakoek jasandako jarraipenak?

Badago idealizazio bat. Badirudi estatuek zenbat eta modu gordinagoan jokatu, orduan eta hobeto ari dela lanean gazte mugimendua, eta guk ez dugu inondik ere hori uste. Estatuak gure estrategiaren arabera ere moldatzen du errepresioa. Lehen borroka antiterroristaren bidez egiten zuen jazarpena, eta orain beste modu batean egin dute Altsasukoa. Estatuak berrasmatu egiten du bere jokatzeko modua etengabe.

«Memoriak iraganarekin baino gehiago orainarekin eta etorkizunarekin du lotura». Zuk esana da.

Iraganari erreparatzen diogu, baina orainalditik, eta horrek esan nahi du gure marko biografiko eta interpretatzailea aldatu dela. Horren adibide da kontzientzia feminista garatu dela eta identifikatzen ez genituen kontuak ikusten ditugula. Badirudi, iraganari erreparatuta, bertan gelditu nahi dugula.

Badago nostalgian jausteko arriskua?

Hori da. Guk nahi dugu iragana aztertu aurrera begirako bide bat egiteko; atzean gelditzeak ez digu ezertarako balio. Memoria gaur egiten dugu, eta biharko balio behar du; bestela, ariketa hutsa da.

Kontzientzia feminista aipatu duzu. Zein aldagai hartu dituzue kontuan jardunaldiak antolatzeko?

Oreka lortzen ahalegindu gara aditu eta arituen artean. Adituek ekarpen handia egin dezakete, baina saio guztietan saiatu gara gazte ikuspegia eta ikuspegi feminista txertatzen. Begirada hori hirugarren mahai inguruan landuko dugu batik bat, Iruñekoan; izan ere, gaur egungo gazteak arituko dira iraganekoari buruz hizketan, eta ezinbestean hartuko ditugu kontuan ikuspegi horiek.

Garenaren Memoria ekitaldiarekin amaituko da mintegia, Araian (Araba). Zein ondorio biltzea gustatuko litzaizuke?

Nahiko nuke 40 urteetan lanean aritu diren horien minak kolektibizatzea. Minak indibidualki bizi ditugu, baina, sendatzeko, bizipenak kontatu behar ditugu. Idealizazioak albo batera utzi, eta ikaspenarekin gelditu nahi dugu. Garai hartako errepresioa oso gogorra izan zen, eta mugatu zuen, hein batean, lana. Kontua ez da beldurrik ez izatea, horrekin ere aurrera egiten asmatzea baizik. Batez ere, gaurko gazteok protagonista garela azpimarratu nahi dugu.

Nabarmendu duzunez, memoria ariketa handia izan da prozesua, eta, datorren urte hasieran, 40 urteotako gazte mugimenduaren ibilbidea biltzen duen liburu bat ere kaleratuko duzue, ezta?

Liburua otsailean argitaratuko dugu, eta asmoa da urteotako kideen bizipenak jasotzea. Hainbat saio egin dira belaunaldi diferenteetako kideekin. Urte horietan guztietan izandako gatazkak, ikaspenak, garaipenak eta porrotak jaso ditugu. Xedea da tresna bat bilakatzea liburua. Ez dugu apalean geldituko den objektu bat izatea nahi: egungo gazteok erabilera ematea nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.