Patxi Zamora. Kontuz elkarteko kidea

«Hurrengoan, nor ausartuko da salatzera bidegabekeriak?»

Iberian 31 urte egin ditu lanean, eta Guardia Zibilak, beste arrazoirik jarri gabe, hegazkinetan sartzeko baimena ukatu dio. Konpainiak kaleratu egin du horregatik. Argi du Kontuz-en lanaren mendekuz izan dela.

joxerra senar
Iruñea
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Oso izorratuta egon naiz». Ahoan bilorik gabe, hartutako kolpea nabaritu duela onartu du Patxi Zamorak (Iruñea, 1965). Iragan astean bere aurkako erasoaren berri eman zuenetik elkartasun olde handia jaso du toki guztietatik, eta orain indarrez dago gertatutakoa ikertzeko. Sinetsita dago amaieraraino iritsiko dela Kontuz elkartea. 31 urtez Iberia konpainiako hegaldietan zerbitzari lanak egin ditu, eta, azaroaren 22an Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena ukatu ondotik, Iberiak kaleratu egin du. Argi du Kontuz-en egindako lanaren mendekua izan dela.

Kasuaren berri eman zenuten egunean ustelkeria gisa aurkeztu zenuten. Zergatik?

Gaia nola landu erabakitzerakoan, kostatu zitzaigun giltzarria topatzea. Kaleratua izan aurretik saiatu gara tarteko konponbide bat aurkitzen. Behin kalean geratuta, egoera kafkiar bat sortu da, ez enpresak eta ez nik ez dakigulako zergatik izan den. Ustelkeria ez da soilik komisioei esker zakukada bat diru irabaztea; ustelkeria ere bada baliabide publikoak erabiltzea herritar soilei eraso egiteko. Kontuz-en pertsona oso garrantzitsuak biluztu ditugu. Bagenekien kereilak jar zitzaketela, baina halako eraso pertsonalik ez genuen espero.

Zergatik da eraso larria?

Herritarbatek konpromisoa hartu badu gehiago jakin dadin eta gainerako herritarrek askatasun handiagoz erabaki dezaten, eta horregatik halako doilorkeria egin badiote, nor ausartuko da hurrengoan bidegabekeriak salatzera? Nork salatuko ditu etikoki gaitzesgarriak diren erabilerak edo ustezko diru zuritzeak?

Zergatik jotzen da azkenean halakoetan mezulariaren aurka?

Kalitate demokratiko oso pobrea duen sistema batean gaude, eta, berme handiagoko batean bizi nahi badugu, ustelkeria kasu honen aurkako erantzunak irmoa izan beharko luke. Arazoa da: nork kontrolatzen du kontrolatzailea? Guardia Zibila delituen eta ustelkeriaren aurka egiteko erabili beharko litzateke, baina, horren ordez, ustelkeriaren aurka gaudenok azpiratzeko erabiltzen ari dira.

Hegazkinetan lan egin duzu. Zertan datza baimen hori?

Txartel hori, berez, tontakeria bat da. Ez dizu balio aterik irekitzeko edo beste ezertarako, baina, hari esker, hegazkinetan sar gaitezke. Iberiak aireportuetako segurtasun zerbitzuari eskatu ohi dio. Nik, hain zuzen, hamar egun lehenago berritu nuen baimena.

Azaroaren 22an kendu zizuten. Zein izan zen lehen erreakzioa?

Inozo samarra naizenez, hasieran uste nuen oker informatiko bat izango zela. Nire zigor aurrekarien ziurtagiria aurkeztu nuen. Enpresa zur eta lur zegoen. Inork ez genuen susmatzen ezer, sekula ez baitut inongo arazorik izan. Bigarren aldiz ukatu zidatenean, orduan bai, itxura txarra hartu nion. AENAko segurtasun arlokoengana jo nuen, eta haiek baieztatu zidaten Guardia Zibilak ezgai nintzela erabaki zuela.

Nori dagokio baimena ukatzea?

Berez, aireportuetako batzorde bat dago, eta AENAk, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak osatzen dute. Ez dira izan ez AENA, ez poliziak. Guardia Zibilaren kontua izan da, eta hori frogatzen duen dokumentua dugu. Erabakia ez da behin betikoa.

Normalean zergatik ukatu ohi dira baimenak?

Madrilen dudan lan arloko abokatuak baimena ukatutakoen makina bat kasu izan ditu. Normalean aireportuko langileak dira, baina kasu guztietan zergatien berri ematen duen espediente bat dago: aireportu barruko auto istripu bat, liskar bat, baten bat erretzen harrapatu dutela... Nire kasuan, nik eta enpresak pauso guztiak eman eta eskaera guztiak eginagatik, erantzun bakarra jaso dugu: Ezgai, besterik ez.

Enpresak ezin al zezakeen gehiago egin?

Alternatibak eskaini genizkien: lurrean lan egitea, behin-behineko espediente baten bidez aldi baterako langabeziara joatea... Sinetsita nago enpresako batzuek ez nindutela kalean nahi, baina besteren batek, edo zati batek, bai.

Atzera bota daiteke erabakia, baina nor arduratzen da?

Guardia Zibila.

Baimena kentzea erabaki duen erakunde bera bada epailea, ez al daude aukera oso gutxi?

Presioarekin, mobilizazio sozial, politiko eta sindikalarekin, espero dut zentzuzko norbait ohartzea lehen mailako eskandalu bat dela. Bi hilabeteotan asko mugitu gara; ate asko jo ditugu.

Agindua eman duen guardia zibilaren zenbakia duzue. Noraino heldu nahi duzue?

Amaieraraino joan nahi dugu, eta erantzule bakoitzari dagokion esparruan bere erantzukizuna eskatu.

Susmoa duzue Nafarroako Kutxako inor dagoela atzean?

Ez dugu frogarik, baina argi dago Kontuz-ek salatutako jokaera batzuen ondorioz zenbait pertsona ez direla ondo geratu. Botere handia dute, barrabaskeria hau egiteko adinakoa bai.

Botere horrekin gainontzekoenbizitza baldintzatu dezakete.

Bai, ikaragarria da. Guk zintzo jokatu dugu. Ez diogu inori gaizkirik opa, baina batzuek zigorgabetasunez joka dezaketela dirudi.

Iberiako langileen batzordeak aho batez elkartasuna adierazteak zer esan nahi du?

Pertsonalki esanahi handia du. Itxaropen gutxi nuen, eta, nire harridurarako, elkartasun handia jasotzen ari naiz. Lankide askok babesa eman didate. Nire sindikatua sektoreko garrantzitsuena da, eta langile batzordean babesa erabatekoa izan da.

Erabakia haien aurka itzul daitekeela esan izan duzu. Zergatik?

Horrelako eraso doilorrak ikusita, boterean diren alderdi batzuk harrituta daude, eta haserrea dago. Informazio iturri asko ditugu, alde batekoak edo bestekoak, eta saiatzen ari gara egoerari buelta ematen.

Inoiz pasatu zaizu burutik zergatik sartu zinen istorio honetan?

Askotan, batez ere hau gertatu ondoren. Bizitza zaildu didate. Pozik nengoen lanean, eta ez zitzaidan burutik pasatzen halakorik. Gure lan motagatik, bizpahiru urteren buruan erretiroa har nezakeen, eta orain kontentu egon naiteke lana topatzen badut.

Kereilak espero zenituzten?

Bai. Gure iturriek ohartarazi ziguten prestatzen ari zirela. Mundu guztiak du defenditzeko eskubidea. Logikaz ikusten dugu. Gauza bat da arlo politikoa edo juridikoa eta bestea eraso pertsonala.

Nola dago uneotan CAN auzia?

Hori azpimarratzea garrantzitsua da. Denagatik botatzen digute errua, baina ikerketarekin jarraitu nahi dutenak epaile instruktorea eta fiskaltza dira.

Bihar, aldaketaren aldeko alderdiek zure aldeko sostengua adieraziko dute.

Bai, 2015eko hauteskunde orokorretan Senatuko hautagai aurkeztu nintzen Aldaketa koalizioarekin. Lau alderdi horiena ez ezik beste alderdien babesa ere lortu nahiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.