Urrats bat bukatzear, hurrengoari begira. Horrelaxe dago Sortu euskal presoen alorrean. Alderdiaren ustez, hain zuzen, azken urteotan gauzaturiko hurbiltze, Euskal Herriratze eta gradu aldaketek zein bakartzearen akaberak «humanizatu» egin dute lehenago «kriminala» zen espetxe politika; eta, orain, kartzelan «betea» duten «denboraren araberako eskubideak» lortzea egokitzen zaie euskal presoei: «Legedi arruntak eraman beharko lituzke preso gehien-gehienak etxe atariraino». «Salbuespenez» eta euskal presoentzako «ad hoc» sortutako espetxe legedia baliogabetzea ere jarri dute hurrengo pausoen artean, eta Madrilen teilatura bota dute pilota: «Hori aldatzeko, Espainiako Gobernuak erabaki politiko bat hartu behar du».
Adierazpen horiek egin zituzten atzo Rufi Etxeberria gatazkaren konponbidearen alorreko Sortuko arduradunak eta Oihana Garmendia presoen batzordekoak, alderdiak Donostian duen egoitzan egindako ordubete eskaseko solasaldi mamitsuan. Edukiera mugatuko aretoan baina streaming bidez ere hedaturiko hitzaldian datu zehatzak jarri zizkieten haien ustez egin beharreko hurrengo urratsei. Garmendia: «Espainiako Estatuan dauden EPPK-ko 185 preso politikoetatik 168k kalea zapaltzen egon beharko lukete gaur egun, zigorraren laurdena betea dutelako». Kalea zapaltzen: hots, gutienez bigarren graduan eta baimenekin kalera atera ahal izanda. Harago ere bai, ordea: «Horietatik 134k hirugarren graduan egon beharko lukete, zigorraren erdia betea dutelako, eta beste 63k, baldintzapean aske, hiru laurdenak beteak dituztelako».
Ez dira preso guztiak sartzen zifra horietan, baina Garmendiak gainerakoentzat ere egin zituen proposamenak: «Kondena luzeak bete behar dituztenen kasuak egoera berrira egokitu behar dira». Bertzeak bertze «justizia trantsizionala» eta «kaleratze aurreratuak» bezalako neurriak aipatu zituen Sortuko presoen batzordeko arduradunak egoera horretan diren presoentzat, baita Espainiak «bihurritutako» legeak bertan behera uztea ere. Horien artean legoke, erraterako, Frantziako Estatuko kartzeletan betetako urteak Espainiakoan kontuan ez hartzearen «trikimailua»: Garmendiaren arabera, hori bertan behera uzteak 50 euskal presori eraginen lieke, eta, betetako zigorrak batuko balitzaizkie, horietatik 11k kalean behar lukete jada —bertzeen zigorrak ere «laburragoak» lirateke—.
Bide juridikoen «emaitzak»
Etxeberriaren eta Garmendiaren ustez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013an eta 2017an hartutako erabakiek fruituak eman dituzte azken urteotan. Garmendia: «Estatuek prozesua blokeatu nahi zuten, baina kolektiboak jakin zuen hori gainditzen eta eskema berritu bat eratzen». Kaleratzerako helburuz bide juridikoak erabiltzea izan zen erabaki nagusia, eta, Etxeberriak atzo nabarmendu bazuen ere bide legalen erabilera ez dela «oraingo kontua», adierazi zuen EPPKren erabaki horrek «emaitzak» izan dituela: «Bide legalen garapenak demostratu du bide horrek zuen balioa». Sortuko kideek nabarmendu dutenez, hain zuzen, presoak Euskal Herriratzeko, hurbiltzeko eta bigarren gradura igarotzeko ez zen ezinbertzekoa bide horiek urratzea, baina preso batzuk harago ailegatu dira: «Batzuek bide juridiko osoa egin dute: atera dira, baldintzapean aske», nabarmendu zuen Etxeberriak. Zehaztu zuten, era berean, EPPK-ko kide «gehienek» aurkeztuak dizkiotela «idatziak» espetxe administrazioari, «ekimen propioz»: bide «soilik» politiko eta demokratikoen aldeko «apustua», eragindako minaren «aitortza» eta biktimen sufrimenduarekiko «enpatia» biltzen dute idatzi horiek, Etxeberriaren hitzetan: «Adierazpen horiek badute sakonera politiko eta etikoa». Sortuko gatazkaren konponbidearen alorreko arduradunak ez du beharrezkotzat jotzen harago joatea: «Egia da etengabe daudela eskaerak, baina horien atzean dago interes politiko makur bat; irabazle eta galtzaile eskema horretan alde bat birrindu nahi duen estrategia bat, azken finean». Haren hitzetan, «gauzak egitera behartzeak» ez dauka «legitimotasunik».
Presoek harturiko bide legalek dituzten «oztopoak» ere aipatu zituzten atzo Sortuko presoen alorreko bi arduradunek: erraterako, «epailetzak» jarritakoak. Etxeberriak gogoratu zuen, hain zuzen, 2003an Madrilen zentralizaturiko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ukatu egiten dituela hainbat gradu garapen: «Irizpide politikoz eraikitako epaitegi zentral horrek segitzen du salbuespenezko politikak garatzen». Fiskalen trabak ere aipatu zituzten: kasu honetan, baita Frantziakoenak ere; espetxean 31 urte daramatzaten Jakes Esnal eta Ion Parot adibide. Espetxe batzuetan, halaber, tratamendu batzordeek «gerra koordenatuetan» segitzen dutela salatu zuen Garmendiak.
Iheslarien eta deportatuen egoeraz ere mintzatu ziren atzo, eta datuak eman zituzten hor ere: Etxeberriaren hitzetan, Lizarra-Garaziko garaitik hona 200 bat iheslari itzuli izanen lirateke sorterrira, eta gaur egun 34 iheslari eta zortzi deportatu daude, Euskal Herrira itzuli ezinda. Espainiako Auzitegi Nazionalak haien egoera juridikoari buruzko informazioa ematea «ukatzen» duela salatu zuten, eta preskripzioa era «tranpatian» erabiltzen duela.
Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira eskaini zuten atzo solasaldia, Ion Telleria kazetariak gidatuta. Larunbaterako deia ere egin zuten: manifestazioak eginen dituzte Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, presoen «askatasuna» eskatzeko.
Hurrengo urratsa: kaleratzea
Espetxe politika «humanizatuta», betetako urteen araberako baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapekoak lortzea du xedea Sortuk: 168 presok «kalea zapaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu